Ulertzekoa da jendeak behera egitea, puntakotzat jotzen diren estreinu horiek guztiak, jende oldeak mugiarazten dituztenak erreta iristen direlako gurera; dela saretik jeitsi ditugulako, dela hiriburuan ikusi ditugulako, gaur egun normaltzat jotzen ditugun zentro komertzialetako egunpasa horietan. Oso adierazgarria izan zen niretzat, duela bi urteko pelikularik ikusiena Aupa Etxebeste izatea, sare komertzialetatik aparte dabiltzan filmeok eskeintzea posible denaren erakusle.
Une honetan ariko dira Donostiako zinemaldia aurkezten. Entzun dut nonbait 50000 sarreratik gora saldu direla dagoeneko. Zerbait esan nahiko du. Inoiz han ibili denak badaki, zer nolako programazioa eta emanaldiak izaten diren. Doblajerik ez, azpitituluak, kultura arrotzak, aktore aktoresa ezezagunak, filma zaharkituak, ziklo tematikoak etab...alfonbra gorri famatuarekin zerikusi gutxi dutenak. Ai! orain ere han nengoke ahal banu, Printzipeko salarik txikienean, txuribeltzeko zahar zahar bat, dozena bat lagunen artean ikusiz, urrutira gabe, atzerritar itxurako bizar zuri edadetu bat, akreditazio eta guzti, urtea joan eta urtea etorri, beti eserleku berean dudala. Jarraitzen ote dio?
Eskerrak Ongarriri! Zinemaldia urreratzen digu bertaratu ezin dugunoi. Era xume eta atzeratuan, ihazko filmak izaki, baina urtero eta seguru, jada ohitura bihurtzeraino. Badauka hor Donostiako Zinemaldiak zer hobetua, adibidez, Zinemaldia Gipuzkoako herrietara, eta batez ere gurean bezala zinemari eusten dioten aretoetara hedatuz. Ez naiz ari Sail Ofizial, alfonbra gorri edo belodromoko ponpaz, nori axola zaizkio, Zabaltegi eta Atzerabegirakoez baizik. Donostian zinema aretoak bakantzen ari dira, zer esanik ez gure inguruko herrietan.Gurean ordea jarraitu ezezik, jabetu beharko genuke zinemarako dugun areto paregabeaz; eta gozatu; eta banoa zinera berandutu baino lehen.
- Ikus hemen: Asier Etxanizen testu guztiak