Tigreak eta bandiduak
Bi zati dauzka liburuak. Aurrenekoan Ibai Portu injineru agronomoak Arno mendiari buruzko hainbat txoko eta sekretu argitzen ditu. Bat aipatzearren, dokumentu zaharren arabera 1762. urteko martxoan, Olatzeko Aritza baserriko Ramon Susteta ehiztariak “tigre” bat tiroz hiltzea lortu zuen Lizantzu baserri inguruan.
Piztiei ez ezik, bandiduei ere eman zien Arnok babeslekua. Horren inguruko ipuina jasotzen du liburuaren bigarren zatiak. Izan ere, 1766an nekazarien matxinada izan zen Gipuzkoan, elikagai batzuen prezio igoera zela-eta. Matxinatuen kontra “kristoren garbiketa egin zuten”, dio Alain Ulaziak. “Galdu eta gero, Matxinadan fitxatuta gelditu zirenak ezin izan ziren etxera bueltatu, eta mendian gelditu ziren. Bandidajea asko igo zen. Robin Hoodena moduan, mundu guztian dago bandidu sozialen mitoa: Italian, Andaluzian eta Euskal Herrian (Bizkaiko Patakon eta Nafarroako Bardeetako beste bat)”, dio Alainek.
Liburua non eskuratu
“Arno, piztiak eta bandiduak” liburuaren 900 ale kaleratu dituzte. Elgoibarren AEK arduratuko da salmentaz eta Mendaron Motxaila elkartea.
Arnopeko Udalen laguntza
Liburua argitara emateko, Arnopeko udalen laguntza lortu du taldeak. Deba, Mutriku, Elgoibar eta Mendaroko udalek diruz lagundu dute argitalpena. Finantziazioa lortzeko orduan Elgoibarko Izarra kultur elkarteko Imanol Larrañagaren laguntza ezinbestekoa izan dela nabarmendu du Alain Ulaziak.