Lapurreta gehienak arratsaldez egin dituzte, 14:00ak eta 22:00ak artean, "labainketa" izenaz ezagutzen den teknika erabiliz. Lapurrek plastiko zati bat erabiltzen dute etxebizitzetako ateak zabaltzeko, horiek kolpea eman eta giltzaz itxi gabe daudenean, alegia. Hori dela eta, Ertzaintzak jarraitzeko errazak diren hainbat gomendio jarri nahi ditu herritarren esku, ahal den neurrian horrelako lapurretarik gerta ez dadin.
- Lehenik eta behin, atea txartel batez, "labainketa"ren metodoaz, zabal ez dezaten beti hartu beharreko neurria; seguru asko garrantzitsuena, sarrerako atea beti giltzaz (buelta bat edo gehiago emanda) ixtea da.
- Kanpoan denbora tarte luzetxo batez egotekoa bazara, ez esan inoiz ezezagunen aurrean, ez noiz joango zaren ez eta noiz itzuliko zaren ere, ezta bidaiaren inguruko bestelako daturik (zer ibilgailu erabiliko duzun, nora joango zaren...) ere.
- Esan senide edo bizilagun bati posta biltzeko, kanpoan zaudela adierazten duten zantzurik ez uzteko.
- Esan senide edo bizilagun bati pertsianak ireki eta ixteko, etxe barruan norbait dagoela aditzera emateko. Gainera, itxura bera emateko, egongelako edota sukaldeko argiak piztu eta itzaltzeko programatzaileak ere erabili ahal dira.
- Ez utzi etxeko giltzak sarrerako alfonbra azpian edo lorontzian ezkutatuta. Beharrezkoa izatekotan, seguruagoa da giltzen kopia konfiantzazko bizilagun bati edo senide bati lagatzea.
- Ez utzi objektu baliotsurik (koadroak, bitxiak, eskulturak, etab.) hutsik dauden etxebizitzetan denbora tarte luze batez.
- Esan konfiantzazko norbaiti behar izatekotan non aurkitu ahal zaituen.
- Ez utzi atean edo erantzungailu automatikoan kanpoan zaudela adierazten duen mezurik.
- Oso garrantzitsua da oporretan ez doazenek bizilagunen etxeetan, etxe multzoetan edo urbanizazioetan zaratarik edo gertakari arrarorik sumatzen badute jakinaraztea. Horretarako SOS Deiak 112ra deitu ahal dute, baita hurbilen duten Ertzainetxera joan ere.