Tenis ikastaroetan parte hartzeko mailaketa probak egingo dituzte bihar

elgoibarren.net 2008ko ira. 23a, 11:25

 
Denboraldi osorako tenis ikastaroak antolatu ditu 40-15 Tenis Elkarteak, bost urtetik gorako Debabarrenako bizilagunentzat. Adinaren eta norberaren mailaren arabera, hiru talde bereiztuko dira: hasiberriak, maila ertainekoak eta aurreratuak. Bihar (irailak 24) mailaketa probak egingo dituzte taldeak osatzeko.



  Mailaketa probetan parte hartu nahi dutenek, 637 990 159 edo 670 665 797 telefonoetara deitu edo Kiroldegian eman dezakete izena. Interesatua dagoen edonor, Irailaren 24an, asteazkena, Mintxetako tenis pista berrian, arratsaldeko 6retatik aurrera egingo den proba saiora ager dadila, raketa eta guzti. Ikastaroetan parte hartzeko 36 euro ordaindu beharko dira hilean, eta aldagelak eta dutxak erabiltzeko aukera izango da.

  Ander Oñederra elgoibartarra (Tenis irakaslea) eta Jonatan Taborcia ondarrutarra (entrenatzaile nazionala) izango dira ikastaroko irakasleak. Taborcia Euskadiko tenis txapeldunordea da eta ondarrutarra izan arren ederki ezagutzen du Elgoibar, IMHko pista bereziki, bertan eman baitzituen lehen pausoak tenis munduan. Saio teknikoez gain prestakuntza fisikoa ere landuko da eta klaseak astean bi egunez izango dira Mintxetako eta IMHko tenis pistan. Saio bakoitzak ordu beteko iraupena izango du.
 
  Lankidetza hitzarmena

40-15 Tenis Elkarteko eta Udaleko ordezkariak.

 
Bestalde, Udal Kirol Patronatuak eta 40-15 Tenis Elkarteak 2008/09 denboraldirako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Horren arabera, martitzen eta eguenetan Mintxetako tenis pista erabiltzeko eskubidea izango du elkarteak, eta gainontzeko egunetan IMHkoa.