Lehengoan, enkargu baten kariaz aspaldiko kontu batzuk aztartzen ari ginela, garai bateko herri mugimendu zenbait hizpide, akordatu gara bazela Muskurutxu izeneko talde ekologista bat. Ez dut uste asko iraun zuenik, baina haien bitartez izan nuek nik estreinekoz "Muskurutxu" delako honen berri. Ez zitzaidan argi geratu izen hau nondik hartua zuten. Garai beretsuan, gogoan dut bazela Muskurutxuko Sorginak izeneko talde edo proiektu bat. Ez nago ziur baina txalapartaren inguruan zelakoan nago. Orduan ere, ez nintzen jabetu izen horren jatorriaz. Gerora, etxean ikasi dut Muskurutxu, Karakateri edo bere inguruari deitzen ziotela lehengoek. Zehaztasun handirik gabe hau ere.
Diputazioko orriotan Karakate izenarekin bilaketa eginez gero, "KARAKATE (PARAJEA, LEKUA) ELGOIBAR" eta "KARAKATE (GAILURRA) SORALUZE-PLACENCIA DE LAS ARMAS,ELGOIBAR" aurkituko dituzu. Muskurutxo, Muskurutxu, Muzkurutxo edo Muzkurutxo (ez baitakit nola demontre izan daitekeen) izenekin bilatzen jarrita ez du ezer erakusten. Hemen klik eginda azalduko zaizun argazkian ageri den alfonbra berde iluna ote da Muskurutxu? Argibideak ongietorriak.
Karakate boladan dago. Badu antena, badu historiaurrea, badu proiektu eolikoa, badu laisterketa eta batez ere gero eta mendi (edo kirol?) zale gehiago. Igoera itoa baino ederragoa du ordea arestian aitatu alfonbra, demagun, Muskurutxo hori. Karakate izena gustatzen zait, baina, tira, boladan dagoenari kontra egitea are gehiago. Muskurutxu horrek ume hizkuntzan asmatua dirudi, hitz sorgindua inondik ere. Etxean badugu hizketan ikasten ari den bat eta erabaki bat hartu beharrean naiz. Ea Karakatera ala Muskurutxura joango garen.
- Ikus hemen: Asier Etxanizen testu guztiak