BTT zentroaren mugarik gabeko arrakasta

elgoibarren.net 2008ko ira. 26a, 14:00

 
Debabarrenako BTT zentroa uztailaren 18an inauguratu zutenetik 250 lagun pasa dira Mintxetatik, eta bizikletak alokatzeko zerbitzua ere ondo funtzionatzen ari dela jakitera eman dute bertako arduradunek. Abuztuan, batez ere, eta irailean, atzerritar asko hurbildu direla nabarmendu nahi izan dute: frantziarrak, belgikarrak… eta baita kataluniar dezente ere.



Uztailaren 18an inauguratu zuten BTT zentroa.

  Kanpotik etorri diren BTT zaleok Interneten bitartez (centrosbtteuskadi.com) jakin dute Debabarrenako BTT zentroaren berri, eta oro har, balorazio positiboa egin ei dute hemen aurkitu dutenaz. Ramon Mugica, Udal Kirol Patronatuko zuzendariak azaldu duenez, “harrera gunean jaso duten tratua eta eman zaien informazioa nabarmendu dituzte batez ere”. Uztailean martxan jarri eta BTT zentroak lehen uda honetan izan duen harrerarekin kontent daude arduradunak, “abuztuko eta iraileko goizetan ohikoa zen bizpahiru txirrindulari zentroko arreta gunearen inguruan ikustea eta kanpotarrak gehienak, gainera”.

  Bisitaldi gidatua urrian
 Oraindik eguna zehazteko badago ere (jakinaraziko da), urrian zehar bisitaldi gidatu bat antolatuko du Debabarrena BTT zentroak. Hortaz, ez da galtzeko beldurraren aitzakiarik egongo ez parte hartzeko.

  Mendiko bizikleta proba bat udaberrian
 Datorren Udaberrirako lehiakortasun kutsurik gabeko mendi lasterketa proba bat antolatuko dutela aurreratu dute Udal kirol arduradunek, inguruko herrietan, Bergaran edo Mutrikun kasu, egiten den lez.
  Lotura duten albisteak: