Lau ordu inguru erdi lotan eman ondoren, autobusa Tourmaleteko malda gogorrak igotzen hasi zen. Ordurako, eguzkiak bere aurpegirik ederrena erakutsi eta botak janzteko gonbitea luzatu zigun. Eta hala egin genuen. Nahieza gainetik kendu eta mendian gora abiatu ginen poliki-poliki.GR-10 mendibidetik lepo bateraino igo ondoren, 2.715 metroko Bastan mendia egin genuen gehienok. Bidean, Campana de Cloutou, Bastango aterpetxea eta laku mordo bat pasa genituen. Zortzi orduan gora eta behera ibili ondoren, 1.200 metroko desnibel positiboa egin genuen. Nekatuta iritsi ginen Oredoneko aterpetxera.
Dutxa beroa hartu eta mahairen bueltan eseri ginen eguneko nekeak errekuperatzeko asmoarekin. Janaria aterpekoek atera ziguten, baina edariak mahaipetik irten ziren. Ardo-botilak handik eta hemendik azaldu ziren, derrepentean. Bereak ez ziren ardo-botilak ikustea ez zitzaion gehiegi gustatu aterpeko arduradunari, eta, azkenean, 3 euro kobratu ziguten deskortxea. Ezingo dugu hemen kontatu zenbat botila zabaldu genituen, baina jendea ez zen egarriak geratu. Jan eta edan primeran egin ondoren, terrazara irten ginen patxarana freskatzera. Hotz egiten zuen kanpoan, baina gustura jardun genuen txatxaran. Hori bai, zortzi orduko ibilaldiaren zama gainean geneukan oraindik, eta, poliki-poliki, oherako bidea hartu zuen jendeak.
Domeka goiza ere apartekoa esnatu zen. Eguzkiak hasieratik egin zigun ku-ku, eta Neouviellen gora abantatu ginen ia denok. Bakoitza bere pausuan, baina denok hartu nahi genuen hankapean 3.091 metroko Neouvielle mendia. Hiru orduko igoera omen da aterpetik gailurrera, baina denbora gutxiago egin genuen. Goian zegoen ikusmiragatik izango zen, behar bada. Dena zegoen bistan: Taillon, Perdido, Vignemale, ..., Edarra, benetan! Baina, mendiko ibilaldiak behera jaitsitakoan amaitzen ei dira, eta guk ere beherako bidea hartu genuen zerbait jan eta edan ondoren. Luzea izan zen jaitsiera; harri arteko jaitsiera gehientsuenak moduan, astuna eta gogorra. Baina behean laku eder bat geneukan zain, eta ura hotza egon arren, ia denok busti genuen gorputzeko atalen bat.
17:00ak aldera iritsi ziren azkenak Neouvielletik. Di-da batean autobusean sartu eta bueltarako bideari ekin genion. Auto-gidari kamikazeak, trikitixa eta beldurrezko pelikula bat izan genituen bidelagun. Uste baino beranduago iritsi ginen Plaza Handira, eta astelehena bere hatzaparrak erakusten hasi zen. Baina, astelehenek beste gustu eta usain bat izaten dute zapatua eta domeka mendian bota ondoren.
Morkaiko M.E. eta Imanol Larrañaga