Iaz, 2007an, hirugarren postua eskuratu zuen Mausitxako gaztak Londonen egin zen Munduko Gazta Txapelketan, World Cheese Awards delakoetan. “Gertu ibili ginen, baina orduan brontzezko domina lortu genuen. Aurtengoa ez genuen espero, baina pozik hartu dugu saria” dio poza ezin disimulatuz Jesus Ansola gaztagileak.
Aurten Dublinen (Irlanda) egin den txapelketan mundu osoko 2.000 gazta inguru aurkeztu dira. Besteak beste, Australia, Estatu Batuak, Hego Afrika eta Britainia Handiko hainbat gaztekin lehiatu behar izan zuen Elgoibarko gaztak. 80 lagunek osatu zuten epaimahaia, gazta mota diferenteen ranking-a osatzeko, eta zerrenda horietako baten goiko postuan agertuko da aurrerantzean Mausitxa.
Idiazabalgo gaztaren arrakasta
Idiazabalgo gaztak arrakasta itzela izan du aurtengo txapelketan, izan ere, Mausitxakoarekin batera, beste bost urrezko domina eskuratu dituzte, eta zilarrezkoak eta brontzezkoak ere ekarri dituzte Irlanda aldetik. Jesus Mari Ansolak esandakoaren arabera, Idiazabalgo gaztak fama oso ona dauka Euskal Herritik kanpora ere. Iaz Londresen jokatu zen txapelketan ere, Idiazabalgo hamabi gaztagilek bederatzi domina eskuratu zituzten.
∞ Lotura duten albisteak:
- Brontzezko domina Mausitxako gaztarentzat 'World Cheese Awards' sarietan (2007-04-10 elgoiBARREN.net)
- Mausitxako gaztak bigarren aldiz irabazi du Ordiziako Gazta Lehiaketa (2007-09-05 elgoiBARREN.net)
- Mausitxa baserriko Rosa Mari Salegik botako du San Bartolomeetako txupinazoa (2008-07-24 elgoiBARREN.net)