Telefonoz eta internetez abisua pasatu eta Merritt-en bildu ginen gehienok eta beste asko ere hurreratu da jai usainera. Familia bakoitzak eraman du zerbait eta eguerdia baino lehen jendetza bildu da bertara. 40tik gora guztira. Txapel gorriz eta praka-alkondara zuriz agertu da hemen aspaldi bizi den irundar bat. Marmitakoa, tortilla, lukainka, tarta klase asko. Zerbait ordaindu eta zenbat gura janari eta edari.
U.B.C. ( University British Columbia) delakoan ikasten eta lanean diharduten Jon eta Jone, iruindarra eta bilbotarra, ere agertu dira. Arkitektoak dira eta 3 urte eman du hemen bikoteak, paisajeari lotutako arkitektura ikasten. Izan ere, eraikuntzak berak besteko garrantzia du hemen inguruaren apainketak. Uda honetan itzuliko dira Euskal Herrira. Mexiko hiriko unibertsitate batean irakasle den beste bat ere hurreratu da. Pozik egon da gure artean. Espainiarrak ere baziren tartean. Jende jatorra nik ezagutu dudana. Ikurrina batek adierazten du nongoak garen edo diren antolatzaileak. Espainiak futbol txapelketa irabazi duela eta, alkondara hori-gorriz jantzita ere agertu da beste bat, atzean “furia espainola” iragarriz. Ikurrina eta euskal kantak izan dira nagusi, dena den.
Orain zutik, gero eserita, hurrengoan zezen jantzita agertu da bat astrapala handian askoren garrasi eta algaren artean. Konturatu orduko heldu dira iluntzeko 9ak eta jendea badoa, apurka-apurka, bakoitza bere etxera. – Sarritan egoten gara gu hemen eta jokoan amaitzen dogu gautu arte- dino Muxikako Piedad-ek. Euskaldunak begi onez ikusiak dira hemen, lanerako, olgetarako zein kontuak esateko irekiak direlako, seguru asko.
Merritt aldeko Court House hartan esandako eta egindakoak birgogoratzeko aukera izan dugu. Euskal Etxeen biltzarrak urtero antolatzen duen mus txapelketa Bartzelonan izango da aurten. Aurrekoa Argentinan egin zuten, Mar de Platan, zehazki. XXXI. Txapelketa izango da aurtengoa eta hamabi herrialdetako ordezkariek hartuko dute parte. Elena San Emeterio, Vancouver-en bizi den donostiarra da antolatzaileetako bat. Nire anaia eta koinata ere badabiltza antolatze lanetan, bidaiak eta hotelak lotzen, batez ere.. Irailaren 5ean hasi eta 13an bukatu, txapalketaz gain kulturarekin zerikusia duten beste ekintza batzuk ere badira tartean, Bartzelonako udaletxean egingo dieten harrera tarteko. Josu Yeregi tenorearen eta Maddi Oihenart abeslariaren saioak ahaztu gabe.
Euskaldun izatearen harrotasuna zutik mantentzeko eta beste ekintza batzuk bideratzeko aitzakia polita da mus txapelketarena.
New Westminster, 08-07-06
VANCOUVER ART GALLERY
Gaur Metroa hartu dugu hiriburuko down town-era joateko. Hiria zehar ibili eta museoren bat ikustea da asmoa. Estatu Batuetako hiri handien itxura du honek. 1986ko Expoa egiteko, hiriaren inguruak garbitu egin ziren eta hango lantegi zaharren lekuan egin zen erakusketa. Desmuntaia egin zenean Expoaren pare bat gune utzi zituzten eraitsi gabe eta Hong-Kong aldeko aberats batek, Lee Ky Shyn-ek, diru askorik gabe erosi zituen 15en hektarea eta hantxe egin zuen hainbat eraikuntza erraldoi. Horrela osatu da hiriaren erdigunea eta bertan kokatu ostatu, bankuetxe eta multinazionalen hainbat bulego. Argazkirik ere ezin dugu ganoraz atera, etxe bakar bat ateratzeko ere leku faltan, hain dira handiak. Beiraz, burdinaz, eta ez dakit zerez eginak eta kolore guztietakoak. Lehen ere sakela ondo bero zeukan Lee horrek badaki aberats izatea zer den.
Katedralean sartu gara, inguruko eraikuntzarik txikiena bera. Ez zuen uste izango beste ezerk itzal egingo zionik, baina horrela dira kontuak.
Art Gallery delakoan sartu eta hantxe ibili gara pare bat orduz. Lehen bi solairutan Krazy izenaz iragarten den komiki, bideo-joku eta marrazki bizidunen erakusketa dago. Gustura ikusi dugu, baina gure artean behin baino gehiagotan solas bera izan da: - Zenbat gozatuko luketen hemen, ezagutzen ditugun komikizale batzuek! Chester Brown-ek egindako “Louis Riel, a comic strip” eta Chiho Aoshima-ren “City Glow” marrazki bizidunen ikuskizuna jaso ditut adibide gisa.
Hirugarren solairuan Zhang Huan artista txinatarraren erakusketa zabala. “ My New York” izeneko lanean zera dino: - The body is my basic language ( gorputza da nire oinarrizko hizkuntza ). Zenbaitek galdetzen dit ia budista naizen. Barrutik, budista naiz eta kanpotik, artista. Haren “Memory door series” ere ikusgarria da. Hainbat ate zahar zizelkatu elkarren ondoan, erreliebean birgeria hutsezko hainbat motiborekin..
Laugarrenean “ The dialogue with Emily Carr”, Canadian women modernists. !871 jaiotako Emily Carr hori kanadiar emakume artistentzat ez ezik feministentzat ere eredua da. Polita izan da eta, gainera, kanpoan sargoria zegoenez, fresko-fresko eta gustura gu.
Inguru ederrak eta parke zabalak ditu Vancouverrek, baina trafikoaren bufadak kolpatu digu aurpegia, oinak kalean jarri ditugunerako. Barruan bazaude irentsi egiten zaitu hiriak. Alboko parke eta mendietatik, ostera, distira harmoniatsua jariatzen du.
Jendea bizkor erretiratzen da etxera hemen. Seietatik zazpiak aldera gehienek etxerako bidea hartzen dute. Anaiaren etxea 20 bat kilometrora dago, New Westminster-en. Bilbotik Plentziara metroan joatearen antzera. Metroan Eastbound hartu behar duzu, ekialderako norabidea, alegia. Baina kontuz zein hartzen duzun; batari Expo deitzen diote, 1986an abiatu zutelako edo. Hori hartzen badugu Fraser ibaiaren beste aldera eramango gaitu, AEBko mugetan dagoen Surrey herrira. Guk Millenium (2000. urtean inauguratua) delakoa hartu behar dugu, etxera bide luzeegirik egin barik heltzekotan. Azaletik eta zutabe batzuen gainetik egiten du hemengo metroak bere ibilbiderik gehiena; sky izenaz da ezaguna, halaxe baitoa zeru librean. Ikasi dugu hemengo metroan ibiltzen.
CANADIAN PACIFIC eta LANGLEY FORT
Ostegun goizean kanpanots bakarra entzun zen Kanadako punta batetik bestera. Samuel de Champlain-ek Quebec sortu zuenetik 400 urte betetzen ziren, baina ez hori bakarrik. British Columbiaren proklamazioa egin zenetik 150 urte ere oraintxe dira; 1858an sortua da Kanadako Pazifiko aldeko itsasertz ederrean dagoen probintzia hau; Espainia halako bi bada 4 milioi inguruko populazioa baino ez duen lurralde hau. Erdialdea eta iparraldea ia hutsik daude.
Ospakizunen harian , New Brunswick aldetik (ia Atlantikoan) abiatu zen aspaldiko Canadian Pacific trenaren hainbat bagoi eta lokomotora iritsi dira egunotan Pazifikoraino. Gaur New Westminsterreko aspaldiko geltokian egon da nahi zuenarentzat ikusgai. Erakusketa moduan antolatu dute bagoi bat eta hantxe izan dugu aspaldiko argazki, jantzi eta tresnak ikusteko aukera. Aurreko lokomotora 1930ekoa da eta lurrunez dabil; bestea, 1950 ingurukoa, diesela da. Ez da izango trenak hainbesteko garrantzia izan duen beste herririk, bera izan baita far west-era iristeko zalditeria.
Lurrunez zebilen XX. mendearen hasierako lokomotora hau. Canadian Pacific ospetsuaren historiaren atal batzuk ikusi eta entzuteko aukera izan dugu.
Ez zen erraza Kanada alderik alde zeharkatzea, batez ere Rocky Mountain aldeko traba izugarriak gainditzea. Hildakoak ere asko izan ziren eginkizun neketsuetan, uste gabeko elur oldeek eraginda asko. “Spirit train steams into Royal City”. Hala dino egunkariak hizki handiz. Ketan sartu da geltokian aspaldiko bide bera gurpil beraien gainean. Kanadaren bizkarrezurra izan da Rail hori hegazkin zerbitzuak nagusitu artean eta, gaur egun ere, ez da hutsaren hurrengoa horrek garraiatzen duena gauzatan zein pertsonatan.
Gaur goizean ikusi dugunak ere badu egunotako ospakizunekin loturarik. Fraser ibaiaren ertzetan merkataritza indartu eta babesteko gotorlekuak sortu zituzten. Fort Langley da horietako bat. Lehia handia zuten errusiarrek, amerikarrek eta ingelesek larruaren merkataritza sarean agintzeko. 1821etik aurrera Hudson Bay Company geratu zen besteen gainetik eta 1827an Fort Langley eraiki zutenetik, larruaren merkataritzan ez eze beste gai askoren garraiorako gune estrategiko bihurtu zen. Lehengo erara mantentzen dituzte egurrezko eraikin zaharrak, turistentzat erakusgarri. Bertan diharduten zerbitzariak ere antzinako erara jantzita, larru eta jenero salmenta nola egiten zuten adieraziz. Hartz, otso, kastore, armiño, azkonar eta beste pizti askoren larruak dituzte erakutsi ez ezik ikutu ere egin ditzagun.
1846an erabaki zuten 49 paraleloak markatuko zuela Kanada eta Estatu Batuen arteko muga. Langley honetantxe aldarrikatu zuten British Columbiaren sorrera 1858an eta bertan ezarri hiriburua ere. Laster ikusi zuten babesteko errazagoa izango zela New Westminster eta berau izan zen hiriburua beste apur batean. Izan ere, Vancouver irlak kontinentearekin bat egin zuenean, Victoria hobetsi zuten hiriburutzat. 49 paraleloa baino beherago geratzen zen hiria B.C. izatea ziurtatu nahirik edo. Astuntxoak aipamen historikoak, baina egun bateko zama parkatuko du irakurleak., hain dira patriotikoak hemen 150. urtemugako egun hauek.
New Westminster, 2008-07-07
- Ikus hemen: Angel Ugartebururen testu guztiak