Eskoletan ikasturtea aspaldi hasi bazen ere, bertso-eskolan beti izan ohi dugu atzerapen apur bat, eta aurten ere urrian hasiko gara, gaur; gogotsu, indarberrituta. Urtero legez hamarreko taldetxoa osatu eta ostiralero hitzaren magiak dituen truku guztiak ikasten saiatuko gara, lagunartean, dibertituz ikasita bi aldiz ikasten delako.
Elgoibar moduko herri batean, bertsoaren inguruan mugitzen garenok frikitzat hartzen gaituztelarik, dezente izan liteke hamar haur gugana hurbiltzea. Pozgarria da haur eta gaztetxo modernoek interesa agertzea horren antigoalekoa dirudien kultur espresio batekiko. Baina, badira pena ere sorrarazten didaten kontuak hainbat umeren erantzunak entzunda.
“Nik asteazkenetan bakarrik ahal dot…” edo “ aste guztixa okupauta daukat!” esaten digute askotan bertso eskolan apuntatzera gonbidatzen ditugunean. Eta egia da, gizajoek ez dute denborarik beraien agenda estuetan afizioei lekua uzteko. Gelatik irten eta ia arnasarik hartu gabe badoaz Ingelesera. Seietan futbola, zazpietan dantza. Noski, hurrengo egunean berdin: dela matematika, musika edo txinera; betebeharrez lepo.
Bada, gainera nolabaiteko hierarkia piramidal bat ekintza guztien artean osatua. Goian, kiroletan erregea den futbola, eta berarekin batera gainontzekoak: eskubaloia, saskibaloia, pilota… Ondoren, ingelesa, txinera edo dena delakoa, haurra mundura salto egiteko ondo presta dadin. Gero datoz musika, instrumentua edo dantza bezalako lehen mailako kultur ekintzak. Eta, azkenik, kultur hondakinak: bertso-eskola, antzerkia, pintura…
Esan beharrik ere ez dago azken hauek izaten direla aukeraketa batean lehenengo baztertuak; gu, kultur talde txikiok, beti azkenak, ipurdi gizenak. Gurasoen eraginez edo autonomia osoz, hirutik bitan futbolaren eta dantzaren artean dantza utziko du mutiko/neskatoak. Ez ezazue pentsa orain kirolaren aurkako borrokan sartuko naizenik, erabat osasuntsua izateaz gain ezer irabaztekorik ez dut eta. Baina, ez ote da gehiegizkoa 11 urteko batentzat astean lau entrenamendu izatea?
Onartua daukat, egia esan, fandango eta arin arinik ez dutela ikasiko datozen belaunaldiek. Hori bai, udan munduaren beste muturrera bidaliko ditugu ingelesa ikastera eta han trikitixak ez du balio deustarako, beraz zertarako nekatu ikasten … Reggaetoia bai ordea dantza unibertsala! Edonon ligatzeko balio dizu, eta zorionez Elgoibarren ez dago akademiara joan beharrik; kaleko unibertsitatean daukazu larunbat arratsaldero.
- Ikus hemen: Mikel Olaizolaren testu guztiak