Expresion Sonora taldearen itzulera: urriaren 25ean Eibarko Coliseoan

elgoibarren.net 2008ko urr. 3a, 10:43

Expresion Sonora (1969-1971) musika taldeak jendaurrean joko du berriz ere, duela urte batzuk Herriko Antzokian egin zuten moduan. Oraingoan Eibarko Coliseo antzoki berrituan eskainiko dute kontzertua, orain dela ia 40 urte leku berean egin zuten moduan. Zestoako Leok´k talde mitikoak osatuko du kontzertuko kartela.
  • Urriaren 25ean izango da, arratsaldeko 19:00etan. 


Expresión Sonora: J. Gabriel Agirregomezkorta, Alfonso Guilló, Patxi Garcia eta Luis M. Arakistain.

Expresión Sonora J. Gabriel Agirregomezkorta, Luis M. Arakistain, Patxi García eta Alfonso Guilló elgoibartarrek osatu zuten talde musiko bokala izan zen. Iraun zuten bi urtetan demaseko ospe izan zuten.
1969ko Irailean hasi ziren eta 1970ko udaberrirako Donostiako "IV Concurso de Artistas Noveles" irabazi zuten. Gazte jendearen alaigarri izan ziren 60. hamarkadako olde musikal britainiarretik hartutako kantuekin ( Beatles, Rolling Stones, Animals, Spencer Davies Group, ...), nahiko ezezagunak orduan, ez horratik gutxi estimatuak gure inguruan.  Gazteentzako dantza saioetan, nahiz gazteek beraiek elizaren edo elkarte kulturalen baten lokal arruntetan antolatutako dantzetan aritu ziren, batez ere.

Talde ezagunekin kartela osatuz.

Sarritan bisitatu zituzten Arroako "La Cabaña" ( egungo Jazzberri, Eibarko "La Bolera" ( Ariatza), Donostiako ( Ibaeta, Mirakruz Gaina), Goierriko edo Oliteko gazteen dantza saioak.
  Eskaini zituzten ekitaldi aipagarrienen artean ezin dira ahaztu Donostiako Trinitate Plazan nazioartean ezaguna izan zen "Los Bravos" taldearen edo Andaluziako rock "progresivo"ko "Gong" taldearen telonero bezala egin zituzten emanaldiak. Baita Eibarko Coliseo antzeztokian eskaini zuten errezitaldia ere. 1971an desegin zen Expresión Sonora eta Koska jaio zen, bere musikarekin bi disko argitaratzera heldu zen talde elgoibartarra.