Enpresetan euskara planak bultzatzeko diru laguntzak emango dituzte Debabarreneko udalek

elgoibarren.net 2008ko urr. 3a, 12:56

Debabarreneko udalak aspaldi ari dira euskararen erabilera bultzatzen gizarteko esparru ezberdinetan. 2006an, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, lan munduari heldu zioten; euskararen normalizaziorako estrategikoa den arlo honi, hain zuzen ere.
Laguntza teknikoaz gain, Ardatza egitasmoaren baitan, udalek eskualdeko enpresei euskara planak diseinatzeko eta inplementatzeko diru-laguntzak emango dizkiete.



 Horretarako, Debabarreneko udalek bat egin eta Ardatza egitasmoa jarri zuten abian. Planaren helburua ondorengoa zen: Debabarreneko hainbat enpresatan euskararen erabilera normalizatzeko plana diseinatzea eta inplementatzea.
Ordutik egindako sustapen lanen ondorioz, hainbat enpresa ari dira eskualdean euskara planekin.
  • Elgoibarren, esaterako, Ideko, Danobat taldea, Danobat kooperatiba elkartea, Estarta eta Automatismos Lizardi. Mutrikun, Akilape SAL...
  • Eibarren, berriz, Tekniker Fundazioa, Industrias Mail SA, Jaz-Zubiaurre SA, Urkotronik SA eta Sociedad Deportiva Eibar SAD.
  Ardatza egitasmoa Debabarreneko eskualdera mugatzen bada ere, Eusko Jaurlaritzak lan mundurako abian jarri zuen LanHitz marko orokorraren baitan kokaturik dago.

  Laguntza teknikoa
LanHitzek enpresa bakoitzaren neurrira egindako plana egiteko laguntza teknikoa eskaintzen du. Ekimen hori enpresarien elkarteekin eta langileen sindikatuekin batera bultzatutakoa da, beti adostasuna lortuta eta lankidetzan jardunda.  
  Laguntza ekonomikoa
 Laguntza tekniko horretaz gain, badira laguntza ekonomikoak ere. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak, urtero, enpresetako euskara planetarako ematen dituzten diru-laguntzak, eta bestalde, Ardatza egitasmoaren baitan, Debabarreneko udalek eskualdeko enpresei euskara planak diseinatzeko eta inplementatzeko ematen dizkieten diru-laguntzak.
Debabarreneko udalek enpresa bakoitzari eman diezaioketen gehienezko diru-laguntza 2.000 eurokoa da urteko. Dirulaguntza hori, helburu berbererako, Jaurlaritzak eta Diputazioak ematen dituzten diru-laguntzen osagarri izango da; beraz, hau eskuratu ahal izateko, haiek epe barruan eskatu beharko dira. Hiru diru laguntzak batera ezin izango dute aurkeztutako gastuen %60a gainditu.
  •  Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza horiek eskatzeko epea urriaren 15ean amaitzen da hain zuzen, erabilera planaren lehendabiziko diseinua egin duten enpresentzat.