Euskal kultura tradizionala

Elgoibarko Izarra 2008ko urr. 7a, 14:53

Xamar: Beti izan dugu garbi zer izan garen, eta horregatik iraun dugu herri moduan”.

 

1706640830634 Euskal kultura tradizionala

  Atzo (urriak 1) izan zen Xamarrek Elgoibarren emango duen Euskal kultura tradizionala ezagutuz ikastaroaren lehen saioa. 20 orduko iraupena izango duen ikastaro honetarako, 33 lagunek eman dute izena, eta 32 azaldu ziren atzo Kultur Etxeko hitzaldi-gelara; denak ere gure kultura hobeto ezagutzeko gogoarekin. Ezagutzen ez dena ezin dela maitatu dio aipu batek, eta horixe da, hain zuzen ere, ikastaro honen helburua: gure herria hobeto ezagutzea eta maitatzea. 
 
   Atzera begira, aurrean daukaguna ulertzeko
 Gaur egun euskaldunaren irudirik edo prototiporik ez dagoela esanez hasi zen Xamar. Estereotipoak hor daude oraindik ere (txapelarena, adibidez), baina euskaldun bat ezagutzeko ez da nahikoa ikustearekin; euskalduna zein den jakiteko entzun egin behar da. Eta, horretarako, ariketa txikitxo bat egin genuen. Orri batean zazpi lagunen marrazkiak jarri zizkigun, eta, guk, bakoitza zer herritakoa zen asmatu behar genuen. Janzkerari erreparatuta asmatu behar genuen bakoitza nongoa zen. Besteak beste, indiar bat, ingeles bat, frantziar bat, argentinar bat edo euskaldun bat ikusi genituen, baina, gure harridurarako, zazpi irudietatik sei euskaldunak ziren. Guk ezagutu ez genituen euskaldunak. Garai hartan bai, arropei erreparatuta bazegoen euskalduna zein zen jakiterik, baina, gaur egun, hau ezinezkoa da. Gaur egun, pertsona bat euskalduna den ala ez jakiteko entzun egin behar da.

1706640830667 Euskal kultura tradizionala

 Gero, gure buruari askotan egin diogun galdera bat luzatu zigun Xamarrek. “Zergatik iraun dute euskarak eta Euskal Herriak hainbeste mendetan, inguruko herri asko eta asko desagertu badira? Zergatik ez dira euskara eta Euskal Herria desagertu?”  

 Honen gainean badaude Xamarri gustatzen ez zaizkion teoriak. Batzuen esanetan, erromatarrak Euskal Herritik pasa ez zirelako iraun dugu; beste batzuek, berriz, herri menditsua, basatia eta isolatua izan garelako iraun dugula diote. Bada gure herria inork ere konkistatu ez duelako iraun dugula esaten duenik ere. Bi orduko hitzaldian teoria hauek bertan behera bota zituen Xamarrek. Bere esanetan, Europan atzera eta aurrera ibili ziren herri guztiak pasa dira Euskal Herritik: erromatarrak, bisigodoak, zeltak, arabiarrak, ... Eta, batez ere, erromatarrek gurean izan zuten eragina azpimarratu zigun. Erromatarrak bost edo sei mendez egon ziren gurean, eta honen gaineko hamaika adibide eta ondorio kontatu zizkigun. Berak esan zigun moduan, herri bat ezin da bost mendez mendira igo eta “ya parasan!” pentsatzen egon. Bitxikeria moduan, esan zigun euskaldunok erromatar armadetan ere parte hartu genuela; Gipuzkoako 1.000 gizon (barduloak) Eskozia konkistatzera joan omen ziren erromatarrekin batera.

 Xamarrek esan zigun moduan, Euskal Herria erromanizatu egin zen, baina ez zen latinizatu. Hala ere, oso argi laga zigun latinaren eragina oso handia izan dela, eta gure hiztegiaren % 60 inguru latinetik hartutako hitzetatik omen dator. Agur hitza ere, latineko augurium berbatik dator.

1706640830698 Euskal kultura tradizionala

 Europako historia Erromak aldatu zuela aitatu zigun, baina, euskara eta Euskal Herria ez ziren galdu. Eta, orduan, Euskal Herriak ere erromatarren aurreko herriek bizi izan zuten egoera beretsua ezagutu bazuen, zergatik ez zen haiek bezala desagertu? Zergatik iraun dugu? Beti izan dugulako oso argi zer izan garen; beti izan dugulako oso argi nondik gatozen. Gure kulturaren eta izaeraren zati handi bat kanpoko herriekin izan ditugun harremanen eta eraginaren gainean jasota dago, baina beti izan dugu argi euskara dela herri honen izaera markatzen duena (gaur arte bai, behintzat). Xamarrek esan zigun moduan, hemendik pasa eta inguruan dauden herriengandik asko jaso eta ikasi dugu, baina ez diogu sekula uko egin gure euskaldun izaerari. Horregatik iraun dugu gaur arte. Gure bizitza euskarari lotuta ikusi izan dugulako.

 Esan bezala, eta amaitzeko, euskal kulturaren erdia beste herriengandik jasotakoan oinarritzen da, baina badira gureak diren ezaugarriak; badauzkagu aspaldikoak eta gureak diren kultur aztarnak. Hain zuzen ere, horixe da ezagutu nahi duguna. Euskal kultura tradizionala ezagutzen emango ditugu hurrengo bederatzi asteazkenak. Xamar bidelagun dugula, 18 ordu hartuko ditugu atzera begiratzeko. Izan ere, kasu honetan ere, atzera begiratu behar dugu aurrean daukaguna hobeto ulertzeko.