Gure amaren etxea

Elgoibarko Izarra 2008ko urr. 9a, 14:47

Oraingoan ere, hogeita hamabi lagun elkartu ginen Euskal Kultura Tradizionala ezagutuz ikastaroaren 2. saioan. Lehen saioan jendea gustura geratu zen seinale izan daiteke, behar bada.

 Hizkuntza eta kultura guztiak, gurea barne, inguruko hizkuntzen eta kulturen eraginaren ondorio direla gogoraraziz hasi zuen Xamarrek bigarren saioa. Hala ere, garbi laga zigun badela euskal kultura tradizionala. Zoritxarrez, euskaldunok, topikoetatik aparte, ezagutzen ez dugun euskal kultura tradizionala. 

Eta, hasteko, oso sinplea dirudien gai bati kendu zion hautsa Xamarrek: ETXEAri.  

Etxea ez da nirea, ni etxekoa naiz

1706640827680 Gure amaren etxea

Etxea gure gizartearen oinarria dela esan zigun Xamarrek. Baina, zer zen etxea euskal gizartean? Hasteko, etxea entzutean ez dugula baserria bakarrik imajinatu behar esan zigun. Izan ere, Euskal Herriko leku askotan ez da sekula baserririk izan (Nafarroako Artaxonako eta bere inguruko etxeak aitatu zizkigun, adibide moduan).

Eta zein dira, bada, etxearen funtzioak? Lau funtzio nagusi azpimarratu zituen:
  1. Bizitokia: Ezer baino lehen, etxea bizitokia da. Familia biltzen eta bizi den espazioa.
  2. Lantokia: Bizitokia ez ezik, familia baten biziraupena ziurtatzen zuen etxeak. Etxea eta etxaldeak (baratzeak, lurrak, ...) ematen zion familia bakoitzari bizitzeko behar zuena.
  3. Espazio sakratua: Etxea espazio sakratua zen. Elizak edo hilerriak zuen tratamendu bera zuen etxeak ere. Ondorioz, Euskal Herriko etxea beti egon da erritoei eta sinismen munduari lotuta. Adibide moduan, esan zigun ohitura handia egon dela leihoetan kandelak pizteko. Zertarako? Etxean hildakoei argia emateko. Normalean, etxeko andrea zen kontu hauetaz arduratzen zena.
  4. Hilerria: Hildakoak etxean lurperatzen zituzten Euskal Herrian. Non egongo ziren hobeto, gure hildakoak, etxean baiño? Heriotzaren gaineko ikuspegia asko aldatu da  ordutik hona, ezta? Ohitura honek ez zuen zer ikusirik inguruko herrien ohiturekin. Gerora, eliza barruan hasi ziren hildakoei lurra ematen, baina ez zen eten etxearen eta hildakoaren arteko zilborrestea. Etxeetatik elizara arteko bideak egin zituzten (hilbidea, elizbidea, ...) eta bide hauek sakratuak ziren; ezin ziren ukitu. Adibide moduan, kontu xelebrea kontatu zigun Xamarrek. Lekuren batean, itxura denez, etxe bat egin zuten hilbidearen gainean. Baina bide hau sakratua zenez, hildakoa eta honen senitartekoak etxearen barrutik pasatzen ziren (ataritik sartu eta ukuilutik irten) etxetik elizarako bidean. Gerora, berriz, herriak handitzen hasi zirenean, eliza barruan lurperatzeari laga eta hildakoei elizaren kanpo aldean lurra ematen hasi ziren (baina haserre handiak piztu ziren aldaketa honekin).
  

1706640827744 Gure amaren etxea

Etxearen funtzioen gainean jardun ondoren, etxearen izaera landu genuen. Xamarren esanetan, Euskal Herrian etxeak beti izan du izaera kolektiboa. Etxea ez da inorena; mendez mende transmititzen den onura kolektiboa da. Etxea ez da nirea, ni naiz etxekoa. Euskal Herriko etxeek, gainera, izena zuten, eta etxe horretan bizi zirenek etxearen izena hartzen zuten. Hain zegoen errotuta jendearen artean etxearen izena, gazte batzuek ez zutela haien abizenaren berri izaten soldaduskara joan arte.

 Etxea hain garrantzitsua izanik, nola transmititzen zen etxea belaunaldi batetik bestera? Zein geratzen zen etxearekin gurasoak hiltzen zirenean? Honetan ere gure ohitura propioak izan ditugu. Izan ere, Euskal Herrian seme edo alaba nagusiarentzat izaten zen etxea (inguruko kulturetan semeek bakarrik jasotzen zuten etxearen jabetza). Eta, gainera, kasu askotan, alabari ematen zioten etxea gurasoek, alabak etxea hobeto zainduko zuelakoan. Beraz, maiorazkoa gizona izatearen kontua azken urteotakoa da.    

1706640827781 Gure amaren etxea

 Ondoren, etxeak euskaldunon hitz egiteko modua ere markatu duela aitatu zigun. Izan ere, orduko euskaldun batek sekula ez luke “nire etxea” esango, “gure etxea” baizik. Edo, ezkondutako gizon edo emazte batek ez luke sekula esango, “nire gizona” edo “nire emaztea”, “gure gizona” edo “gure andrea” baizik. Izan ere, ezkutuan dagoena “gure (etxeko) gizona” edo “gure (etxeko) andrea” da. Erabilera zuzenaren eta okerraren adibide moduan, bi poeten poemak erakutsi zizkigun Xamarrek. Gabriel Arestik, adibidez, Harri eta Herri poema ezagunean, honela dio: “Nire aitaren etxea defendituko dut”. Euskal kulturari kasu eginez gero, “Gure amaren etxea defendituko dut” idatzi beharko luke Arestik. Xalbadorrek, berriz, Sortetxeari bertsoetan, etxeak berarentzat duen pisua eta esanahia erakusten digu:

Dudalarik zerbait pena
zu zaitut lagun lehena,
ihes leku hoberena.
Zure alderat inguratzen naiz
ahalik eta maizena.
Munduko leku maitena,
zuri zor dautzut naizena:
izana eta izena.


 Amaitzeko, Euskal Herriko etxearen bi sinboloak sua eta teila direla aitatu zigun Xamarrek. Sua bizitzaren sinboloa da (etxe bat hutsik zegoenean, etxe suhila zela esaten zen); teila, berriz, propietatearena.  

 Gotzon Garatek betirako agur esan zigun egunean jardun genuen euskal etxearen gainean. Zenbat ordu eman ote ditu Gotzonek etxe hauetako sukaldeetan sartuta! Izugarri gustatzen zitzaion Euskal Herriko zazpi probintzietan bisitatzen zituen etxeetan ikusi eta, batez ere, entzuten zuena. Horrelako eskolarik ez zegoela esaten zuen.

 Bera bizi zen artean euskara ez zela desagertuko esaten zuen Gotzonek. Eta asmatu du.
Gure amaren etxean oraindik ere euskaraz hitz egiten da, Gotzon, eta, zuk egin zenuen moduan, daukagun onena ematen segituko dugu etxea hutsik eta isilik gera ez dadin.