Lanak: Altzolako zubia eta Ermuaranbideko espaloia azarorako prest

elgoibarren.net 2008ko urr. 10a, 09:40

  Herriaren itxuran eta herritarren erosotasunean eragin zuzena edukiko duten bi hirigintza lan martxan daude une honetan, aldi berean. Batetik, Altzolako zubi zaharra garbitu eta saneamendu lanak egiteko obrak, eta bestetik, Ermuaranbide kalea eta Basarte lotuko dituen espaloia eraikitzeko egiten ari diren lanak. Biak ala biak azaro hasierarako amaituta egotea aurreikusten dute Udal arduradunek.



  Altzolako zubia

1706640827259 Lanak: Altzolako zubia eta Ermuaranbideko espaloia azarorako prest

 Altzolako zubia garbitu eta sanemandu lanak egingo dituzte. Aikia enpresa arduratuko da lanak egiteaz, eta astean zehar jarri dute lanak egiteko aldamioa. Udalak adjudikatutako obra da eta berak azaldu du zubian egingo dituzten lanak zeintzuk izango diren: “Zubiaren paretean itsatsita dagoen huntza kendu, harria garbitu eta txukun ipiniko dute”. Lan horiek egiteko hilabete inguru beharko dutela ere gaineratu du Udalak.

  Ermuaranbideko espaloia

1706640827294 Lanak: Altzolako zubia eta Ermuaranbideko espaloia azarorako prest

 Ermuaranbide kalean oinezkoentzako espaloi bat eraikitzeko egiten ari diren lanak aurreikusitako epeen barruan bukatuko dituzte, eta badirudi, azpiegitura berri hau “azaroaren hasierarako” herritarrek erabiltzeko prest egongo dela.
 Espaloiak hartuko duen bide-zati guztian, bukatzear daude zerbitzuen sareak egokitzeko lanak. Horiek horrela, obraren azken zatia besterik ez da gelditzen hasteko.
 Egingo den espaloiak 230 metroko luzera izango du, eta batez beste, 2 metroko zabalera. Azkareteko gaineraino daraman errepide zaharraren eskuinaldetik doa, hain zuzen, Ikastolako bidegurutzearen ondoan dauden lurpeko edukinontzietatik eta Basarte auzoaren behealderaino.
 Abian jarri den proiektuaren ezaugarriei dagokienean, azpimarratzekoa da, oinezkoentzako bide guztian barrena argi berriak jarri, eta edateko urak eta euri-urak bideratzeko azpiegiturak berrituko direla.
 Bertan dauden garajeetara eta lantegietara sartu ahal izateko, jaitsi egingo da espaloiaren altuera.