Deba bailarako Udaletako Kirol eta Euskara zerbitzuek elkarlanean sortutako materiala argitaratu dute eskola kirolean dabiltzan neska-mutikoen gurasoen artean banatzeko.
Azken urteotan, Eskola Kirola programan hasi berri diren umeen gurasoak sentsibilizatzeko karpeta banatu izan da, eta oraingo honetan ere, jarduera horri jarraipena emango diote Deba arroko udalek; betiere, eskola kirola hobetzeko asmotan.
Gurasoek zeregin garrantzitsua dute seme-alaben heziketan, baita kirolaren inguruko baloreen transmisioan ere; horregatik, banatuko diren esku-orriak gurasoei zuzendutakoak izango dira. Kirola edo ariketa fisikoren bat egiteak umeari dakarzkion onurak adierazteaz gain, Eskola Kirolean parte hartzearen garrantzia azpimarratzen da argitalpen honen bidez.
Esku-orriotan, kirolarekin zerikusia duten hainbat gai lantzeaz gain, kirolean euskararen erabilera bultzatzeko aholkuak ere ematen dira, "Eskola Kirola" euskaraz antolatzen baita bailarako herrietan eta umeek, euskaraz berba eginez, kirolaz gozatzeko aukera izango baitute. Euskarak aurrera egingo badu, argi dago eskolatik kanpo, esparru guztietan erabili behar dela: aisialdian, kirolean...
∞ Lotura duten albisteak:
- Eskola Kirola berria bultzatzeko sortu da Eskola Kirolaren Kontseilua (2007-07-11 elgoiBARREN.net)