Vancouver Island

Angel Ugarteburu 2008ko urr. 16a, 08:37

 Kanadako mapa begiratzen baduzu hantxe duzu hegomendebaldean, Amerikako Estatu Batuekin ia muga eginaz, Vancouver. George Vancouver koronelak eman zion izena hiri eder honi. Baina itsasaldera daukan isla handi batek ere hala du izena: Vancouver Island.


  Estatu Batuekin akordioa eginez erabaki zuten 49 paralelotik gorakoa izango zala Kanada, hark Errusiari erosi zion Alaska salbu.

 Pazifikoan, Kanada eta Estatu Batuetako irlen tartetik Victoriara

Atzo anaiak eraman gintuen kontinentetik irlara doan ferriraino. Fraser ibai zabalaren deltan dago eta izen indigena du guneak: Tsawwassen. Goizeko zazpietakoa hartu dugu eguna ondo aprobetxatzeko asmoz. Ordu eta erdiko bidea egiten du handik irlako Swartz Bay artera. Hegoaldera egiten da bidea, hainbeste irla berderen artean kurika, 49. paraleloa baino beherago, Estatu Batuetako lurrak ezkerretara gertu-gertu utzita. Bizitza osoan gogoan izateko modukoa da itsasaldia. Bare dago Ozeano barea eta goizeko freskura hartzera igo gara gain-zolara. Brisararen garbia eta ikuskizunaren ederra! Natura bera, biluztasunean.


British Columbiako Parlamentuaren silueta Victoria hiriburuan. Egunez are ikusgarriagoa da Victoria.

 Ontziak itsasoan laga duen ildo apartsuari so egon gara aldi batez. Anaiak esan digunez, baliteke baleak agertzea, zurrunbiloan azaleratzen diren jangaiak irenstera. Ez dugu halako zoririk gozatu. Swartz badia laster bistaratu da, denborak ihes egin baligu bezala. Gero, beste ordubete autobusean hiriburura, Victoriara, iristeko.
Hiri ederra da, gero, Victoria! Txikia baina, bere txairotasunaz harro dagoen emakumea bezain kanpolarrosa, etxe eder asko eta kale zabal txukunen jabe. Badia politean Estatu Batuetatik heldutako ferrien orroak entzuten dira, bezeroei deika eta hidrohegazkinak han jaitsi eta hemen jaiki. Biderik ere gabeko gune asko du iparretik hegora 400 km inguru dituen irlak. Hegazkinak dabiltza joan-etorri aspergaitzean. Barruko lakuetan badute non pausatu.  
Bada neurriz kanpoko etxeren bat edo beste, baina gehienak lauzpabost solairukoak dira eta eder askoak dira down town aldean ( hiriaren erdigunean), badiatik hurrean ikusten direnak. XX. mendeko estiloa da erabat nagusi, estilo victorianoa, hain zuzen, Ingalaterrako erreginaren izenari zegokionez.

 Fisherman Whraf Victorian.

 Oinezkoen bidetik ibili gara eguzki epelaren eta itsas brisararen igurtziak eskertuz. Ibili eta ibili, argazki bat honi eta beste bat hari, Fisherman wharf-era heldu gara ( arrantzaleen moilara). Aurreko batean Richmond-en ikusi nuenaren antzekoa hau ere. Egurrezko etxeak egurrezko moilaren gainean dilindan eta bertan zenbat gura salgai, jantoki eta ikuskizun. Bereziak dira moila hauek. Bazegoen baleak ikustera joateko aukera ere eta gure aurrean bete da horretara zihoan ontzi bat. Ia hurrengoan animatzen garen!


  Parlamentua ikustera sartu gara gero. Eraikuntza ederra da eta doan ematen dituzte azalpen guztiak. Hemengo pertsonaia inportanteen irudiak nonahi: Douglas (B.C.ko lehen lehendakaria), Cook kapitaina, Vancouver koronela eta, nola ez, Victoria erregina.
 Iluntzean, atseden bat hartu ondoren, berriz kalera. Astegun buruzuria da eta buruzuriak dira ikusten diren gehienak, ni bezalako jubilatak, alegia. Hemen zazpietarako hasten da jendea afaltzen eta guk ere horixe egin dugu. Dolarraren balioa medio, merke jaten da hemen, nahiz eta hirigune honetan garestiago den ia dena, amerikar turisten bisitek eraginda edo. Bestela, janari kontu hori merke lortzen da Kanadan, batez ere merkatuan handika (bakoitzean asko) erosiz gero.
 Bizitzan behin helduko puntu honetara eta zelan geratu Chateau estiloan eraikitako The Empress hotelean sartu gabe! Sartu gara, bai, eta  zer edo zer eskatu, hango kafetegi ikusgarrian. Hantxe egin dugu tarte gozoa, ilunabarraren arrimoan, Victoriako badian eraikuntza, ferry, zubi eta paseabideak, zeruan izarrak bezala argiztatzen ziren bitartean.  Gaur goizean Royal Wax Museum ikustera sartu gara. First Nations direlakoen hainbat totem, pitxia, tresna, eraikuntza eta abar ikusteko aukera izan dugu. Ederra da Museoa! Antzekoa zen aurreko batean Vancouverko B.C. University aldean gozatu genuen Antropologic museum, baina hau osoagoa iruditu zaigu. Gehiago eta astiroago ikusteko gose-egarriz atera gara hemendik ere, baina hori atsegin dituzun ikuskizun gehienekin gertatzen da. Dena zeharo ikustea baino hobe da irudimenari zerbait uztea; horrela errazago onartzen dira norberaren mugak eta misterioaren eremua kolonizatu gabe geratzen da.

Lore eta lorategi mota asko dago Butchart Garden honetan

 Arratsaldean Butchart Garden lorategi ospetsuak ikustera joan gara. Orduerdiko bidea dago haraino. Butchart horrek harrobia izan zuen gune honetan. Negozioa errentagarria ez zela ikusi ondoren, haren emazteak lorategi eder hau egiteko ideia gauzatu zuen eta gaur egun Victoria aldera datorrenaren ikuskizunen artean dago. Egualdi ederra izan dugu lagun. Ez dago honelako pitxia gozatzeko giro hoberik.
 Hemendik Swartz Badiako ferryra, anaiaren etxera bueltan. Ez dugu erraz ahaztuko bi egunetako bidaia eta egonaldia.

    Victoria, 2008-07-09


   Bitxikeriak

 Baditut, han eta hemen apuntaturik, gai zehatz bat osatzeko beste mamirik gabeko bitxikeriak. Horiek lerrokatzeari emango diot gaur hartu dudan tartea.
  MC GIVER: Gogoratzen orain dela urte batzuk telebistan ematen zuten telesail kanadiarra? Oso trebea zen gizon hori, bere bidaia eta jardun arriskutsuetan edozein arazori irtenbidea aurkitzen asmatzen zuelako. Edozertako zen gai, polibalentea, alegia. Ba, horrelako zerbait somatu dut hemen, neu nabilen inguruan behintzat. Kanadiar gazteek ez dute inor behar beraien etxea egiteko edo iturgintza zein arotzeria lanak burutzeko. Denda handietan ere, gaiak saldu ez eze erabilera erakutsi ere egiten zaio bezeroari. HOMO FABER edo homo habilis aspaldiko kontua da gure arbasoen katean eta gu haien ondorengoak omen. Ba, neugandik hasita, zenbat homo inutilis ikusten dugun inguruetan, heziketan ez diogulako eskuak erabilteari behar besteko inportantzia ematen! Kanpotik ikastera etortzen direnetan somatzen dute hemengoek desoreka larri hori. Teoria ikasten oso onak omen dira, baina ez hemengoak bezain trebe bizitzaren alde praktikoan. Pena da, ba!
  TIMS HORTON: Kafe, gozotegi, bokata eta horrelakoak eskaintzen ditu zabal dagoen denda kate honek. Hemen nagusi den kirol jardunean, izotz gaineko hockeyan nabarmendu zen 1969-74 aldian jokalari kanadiar hau. Olimpiadetan ere ibilia eta irabazlea bera. Istripuz hil zen, ordea, eta akabo, itxuraz, haren izarra. Baina ez da hala izan. Sare ospetsuaren etekinak handiak dira eta behartsuei emateko bereizten dute irabazien zati handi bat, kirolari handi ez ezik, pertsona jatorra izan zenaren gogoari erantzunez.
  BILL MINER: Atzo gauean New Westminster honetako geltoki zaharrean, hasierako Canadian Pacific trenak azken geltokia zeukan eraikuntzan bertan egin genuen afaria. Gure eskontzaren urteurrena izan eta zerbait berezia eskatu behar. Han ginen gustura, iluntze epel gozoan, bi anaiok geure emazteekin. Otarraina Euskal Herrian baino merkeago jaten da hemen eta zerbitzua aparta da. Oso txeratsuak dira kanadiar zerbitzariak. Sinpatia handiz eta elkarrizketari bide eginaz zerbitzen dute. Eraikuntzaren egitura, trenaren hasiera hartakoa da, nabarmen. Orain beste bide bat egiten du tren horrek eta Vancouver bertaraino joaten da. Postreetara heldu garenean Bill Miner cake eskatzeko gomendatu dit koinatak: mokaz, almendraz eta beste zenbait gaiz egindako erremate aproposa.

Queen Elizabeth parkean. Aparta paretik !

Nor zen Bill Miner hori? 1904ko irailean geldierazi zuen trena beste bi lagunekin hemendik gertuko geltoki batean eta hainbat diru bereganatu. Lokomotorarekin zeharkako bide batean ezkutatu zuten komeni zitzaien bagoia eta harrapakina ezkutatu. Fraser ibaian gora arraunean, lehenik eta zaldiz gero, AEBetara joan ziren ihesi. Harrapazak!  Interesgarriena ez da, baina, lapurketa bera. Aberatsei kendu eta behartsuei ematea ei zen bere xedea eta jendeak estimu handian zuen motibo horregatik. 60 urtetik gorako agurea ei zen azken ekintza burutu zuenean. Hemen berton, N. Westminster-ko presondegian egon zen atxilo, baina alde egiten lagundu egin zien. XX. mendearen hasierako kontu eta pertsonaia loriatsuak.

White Rock-eko moilaren beste aldean Estatu Batuetako lurrak, Washington estatuan.

 BOUNDARY BAY (Semiamu, bertakoen hizkuntzan) Boundary hitzak frontera esan nahi du: Estatu Batuetako mugaraino mugitu gara gaur. 50 kilometro baino ez, guztira. Hondartza zabalak eta paseabide luzeak itsasertzean zehar eta eguraldi aparta. Ferryan Victoriara joan ginenean ikusi genituen irlak han aurrean daude eta Washington estatuaren lurra ere bistan, Baker mendi zuriaren altzoan. Crescent Bay eta White Rock hondartzak ikusi eta gozatu ondoren, muga aldera hurbildu gara.
  Kuriositate hutsa, pasaporterik ere ez dugu hartu eta. Pare bat kilometroko ilara ikusten da. Kontrol zehatza, kontizu, irailaren 11 hartako atentatuen ondoren. Hala diote anaiak eta koinatak: lehen inolako agiririk gabe pasatzen ziren noiznahi. Ia zazpi urte pasatu dira hartatik, baina miaketa zorrotzak ez du oraindik etsi.
 
   N. Westminster, 2008-07-12