Pedro Muguruza kaleari izena aldatzeko eskatu du Elgoibar1936k

elgoibarren.net 2008ko urr. 22a, 13:25

Pedro Muguruza arkitekto elgoibartarrak frankismoarekin izan zuen lotura dela-eta Elgoibarren bere izena daraman etorbide bat edukitzea "onartezina” dela salatu du Elgoibar1936 plataformak bere blogean. Bertan adierazten dutenez, “kaleari beste izen bat ematea izango litzateke egokiena, frankistek Elgoibarren hil zituztenengatik eta baita ‘Ley de la Memoria Historica’ delakoak hala dioelako”.



Pedro Muguruza.

  Plataformakoek Pedro Muguruzak 2. errepublika garaian altxamendu militarra sustengatu zuela salatzen dute, eta gero Falangearen menpean zegoen “Direccion General de Arquitecturas” erakundeko zuzendaria izan zela. Kargu horretan iraun zuen bitartean “Valle de los Caidos” Frankoren agindupean eginiko obra izan zen Muguruzaren arkitektura lanik ezagunena. Obra faraoniko haren eraikuntza lanetan pertsona asko hil zirela salatzen dute Elgoibar1936 plataformakoek, eta, hori dela-eta, “ezin da onartu Elgoibarko kaleetan pertsona hau goraipatzeko kale bat edukitzea” diote.
 

  Memoria Historikoaren Legea
 Memoria Historikoaren Legea ere aipatzen dute plataformakoek blogean. “Legeari kasu eginez Espainiar estatuko herri askotan hasi dira kaleen izenak aldatzen, Aragoin, Mallorkan (Palman, 68kaleren izenak)… .Baita Euskal Herrian ere, Nafarroan, adibidez, 20 kale izenez aldatuko dituzte Txantrean”.
Galdera bat airera botaz amaitzen dute: “Adibide asko daude, baina posible ote da Elgoibarren?

  Elgoibarko seme kutun

1706640794464 Pedro Muguruza kaleari izena aldatzeko eskatu du Elgoibar1936k

Pedro Muguruzaren inguruan sarean aurki daitekeen webgune batek (cuelgamuros.com) arkitektoa Elgoibarren beharrean Madrilen jaio zela defendatzen du. Bertan topatu dugu, baita ere, Elgoibarrek semetzako izendatu zuela Muguruza 1943an, eta ondoren, 1946an herriko seme kutun izendatu zuten (ikus alboko dokumentua). Udalak, gainera, ikastetxe bati eta herriko etorbide bati Pedro Muguruzaren izena ematea erabaki zuen, "muguruzatarrak maite zituzten herritarren oniritziarekin".
 
   Kirolzalea
Cuelgamuros webean agertzen denez, kirolzalea izan zen oso Muguruza. Igerilaria, gidari trebea, eskiatzailea, itsasgizona eta esku pilotari nekaezina. Bilboko Athleticeko jarraitzaile sutsua ere izan ei zen, eta Madrilen arkitektura ikasketak egiten ari zela, Bilbo eta Madrileko ikaskideekin batera, Atletico de Madrid futbol taldea sortu zuen, Bilboko taldearen filial moduan. Talde madrildarraren estreinako hamaikakoetan ageri da, gainera, Muguruza bera. Klub Deportibo Elgoibar-en fundatzailea ere izan zela aipatzen da webgunean eta Athleticen kolore zuri-gorriak arkitektoaren nahiari men eginda hartu zituela talde elgoibartarrak gogoratu. Aurrekoez gain, Santiago Bernabeuren lagun handia izan zen Pedro Muguruza. Bernabeuk, gainera, bere izena eramango zuen futbol estadioa egiten ari zela laguntza eskatu zion elgoibartarrari. Laguntzaren ordainetan, Santiago Bernabeu futbol zelaira partiduak ikustera joateko bizi osorako bi sarrera jaso zituen arkitektuak.