Larrialditarako zerbitzua handituko dute Mendaroko Ospitalean

elgoibarren.net 2008ko urr. 23a, 15:01

 
Mendaroko Ospitalean txiki geratu da larrialdietarako zerbitzua eskaintzen duen eraikina. Leku falta arazoari konponbidea emateko 400 m²ko eraikin berri bat hasiko dira eraikitzen pare bat aste barru, azaro hasieran.
Lanek dirauten bitartean hainbat aparkaleku galduko ditu ospitaleak. Hori dela-eta, herritarrei garraio publikoa gehiago erabiltzeko eskaera egin diete zentroko arduradunek.

 

  Eraikin berriak 400 m² eta bi solairu izango ditu eta eraikuntza lanek luze jo dezaketela, “hasten direnetik 12-14 hilabete” aurreratu du Gorka Sarasolak, Mendaroko Ospitaleko zuzendari kudeatzaileak. "1992an ospitalea ireki zenean geneuzkan instalakuntza berdinak ditugu, baina zerbitzua asko aldatu da eta behar berrietara moldatzea beharrezkoa zen. Larrialdi zerbitzuetan 30.000 kasu hartzen dituzte urteko. Berrikuntza lanek bi milioi euroko aurrekontua izango dute.
  Bestalde, eraikuntza lanek irauten duten bitartean areagotu egingo dira Mendaroko Ospitaleak egun dituen aparkaleku arazoak. Arazo horri aurre hartu edo ondorioak gutxitu nahian, autoa beharrezkoa denean bakarrik erabiltzeko, eta garraio publikoa gehiago erabiltzeko eskaera egiten dute ospitaleko arduradunek.
 
Lotura duten albisteak: