Itziar Gurrutxaga: "San Mames beteta ikustea izan da onena"

elgoibarren.net 2008ko urr. 24a, 08:54

 
Hamabost urterekin hasi zen Itziar Gurrutxaga elgoibartarra futbolean: Elgoibarren lehenengo, Eibarren gero, eta azkenean, maila gorenean egon da azken sei urtetan: Athleticen. Kapitaina izan da eta lau Superliga irabazi ditu, Euskadiko eta Espainiako Selekzioarekin ere aritu da; kapitainaren besokoarekin han ere. Baina futbola lagatzeko ordua zela pentsatu, eta utzi egin du. Luze eta zabal jardun dugu berarekin.


-Zergatik laga duzu futbola?
Hamasei urte daramatzat futbolean, eta beti pentsatzen laga egin behar nuela, eta azkeneko bi urteetan azkena zela pentsatzen egon naiz. Oraindik ondo nengoen, jokatzen, eta momentu onenean laga dut eta pena da; baina egunen batean iritsi behar zuen eta ez dut nahi izan zain egotea. Nahiago nuen goi mailan lagatzea, ze gerora ez nekien zela egongo nintzen.

-Kapitaina izan zara, horrek erabakia hartzea zailduko zuen…
Athleticen eta selekzioan nintzen kapitaina, eta azkenean zailagoa izan da lagatzea. Eta ingurukoentzat ere sorpresa izan da: oraindik maila onean nago, fisikoki ondo, eta harrituta geratu dira ingurukoak. Baina azken bi urteetan nuen buruan lagatzea, data jarri behar nuen, eta oraintxe izan da.

-Zer egiten duzu orain lortu duzun denbora librearekin?

1706640791987 Itziar Gurrutxaga: "San Mames beteta ikustea izan da onena"

Azken zortzi urtean egin ez dudana! Azken urte horiek nahiko lotuak izan dira futbolarekin: goi mailan izan da eta Athleticez gain selekzioarekin ere ibili naiz. Beti nenbilen kanpoan eta azkenean futbola besterik ez daukazu. Eta daukazun denbora libre apurra, familiarentzat. Baina ez daukazu denborarik kirola egiteko, lagunekin egoteko, edo kafe bat trankil hartzeko. Udan ere ia ez daukazu oporrik, eta ezin duzu planik egin. Beraz, joan den abuztuan oporrak eduki ditut bai lanean eta baita futbolean, eta aspaldiko partez lasai egoteko aprobetxatu ditut.

-Asteburuak ere zuretzat dituzu orain…
Azkenean hamasei urtean asteburuak ez ditut izan. Hasieran, Elgoibarren jokatzen genuenean beste maila bat zen eta desberdina zen, baina bai Eibarren eta baita Athleticen, batez ere azken horretan, profesionalen moduan jardun dugu: bidaiak, asteburu osoa kanpoan… eta etxean jokatzen genuenean ere zaindu egin behar.

-Jokatu ezean, partidak ikustera ere joaten zara?
Bai, joaten naiz, oraindik lotura handia daukat. Hasieran esaten nuen lagatakoan ez nintzela joango, baina ezin dut. Eurek ere faltan botatzen naute, eta nik ere bai eurak. Beraz, beste era batera bada ere, lotura eduki nahi dut; badakit oraindik toki bat dudala Athleticen.

-Zelaira salto egiteko gogorik ez zaizu pizten?
Momentuz nahiko ondo daramat; baina hiru bat partida ikusi ditudanean hasi zait gogoa pizten. Gainera bueltatzeko esaten didate behin baino gehiagotan; pentsatzen dute oraindik bueltatu egin behar naizela: denbora bat behar nuela. Baina ez da horrela. Ekainean esan nien uzteko asmoa nuela, eta hasieran, udako tartea izan zen, uztailean hasi ziren entrenatzen eta tartea luzatu zidaten. Oporren ostean pentsatzeko zer egin nahi nuen. Iraila iritsi zen, eta berriz ere ezetza eman nien. Eta orain, berriro dabiltza esaten bueltatzeko: Gabonetan fitxaketak egiteko epea egoten da, eta bueltatzeko eskatzen didate. Badakit jendea behar dutela: nahiko eskas dabiltza, lesioak dauzkate, eta horrela daudenean gehiago sumatzen dute zure falta. Laguntza emango nieke gustura, baina, erabakia hartuta daukat.

Argazkia: Zigor Alkorta.

-Athleticeko nesken taldea sortu zenetik egon zara bertan. Zer aldaketa eduki ditu?

Poliki-poliki hobera joan da. Gauza batzuetan hasieratik egon gara ondo, bidaietan, instalazioak, medikua, hotela eta antzerakoetan. Gasturik ez dugu inoiz eduki, baina Superligan hasi dira ordaintzen beste taldeetan eta gehienok eduki dugu taldez aldatzeko aukera. Baina argi geneukan ez genuela kanpora joan nahi, nahiz eta hemen dirurik ez eduki. Baina hasi dira konturatzen zaila izango dela horrela jarraitzea: bertan daudenek han jarraituko dute, baina atzetik datozen gazteak eta beste taldeetara joan direnak bueltatzea zaila izango da. Orduan, diruarekin jokatzen hasi dira: denboraldi honetan soldata sartu dute, ez da asko, baina bada zerbait. Lan normal bat ere ezin duzu eduki lan jardun osokoa, baina lan jardun erdia eta futbolak ematen duenarekin bizi daiteke.

-Nesken futbolak aldaketarik eduki du?
Lehenengo mailako mutilen taldeak neskenak atera dituzte. Nesken talde bat ateratzeko ez dago dirurik, laguntzak txikiak dira, eta horixe da bidea talde berriak sortzeko. Nesketan ez dute asko gastatzen, baina beste egoera baten egoteko ona da: medikua, instalazioak… poliki-poliki aurrera doa. Lehen ez zegoen ezer ere, eta guretzako aldaketa handia da. Akaso orain hasi direnek ikusi dute zer dagoen eta gehiago nahi dute; baina guk ez dugu eduki ezer ere, eta daukaguna nahikoa eta sobera da.

-Sasoi batean zu izango zinen neska bakarrenetakoa mutilen artean jokatzen. Eta gainera, mutil asko baina hobea…
Orain normalagoa da futbolean jokatzea, baina lehen ez. Hamabost urterekin hasi nintzen ni, eta orain zortzirekin hasten dira. Hala ere, sekula ez dut gaizki hartu esan didatena. Gustuko nuen eta ez zitzaidan inporta. Gainera, futbola bakarrik ez, denetarik egiten nuen. Hala ere, inguruan banuen jende gehiago ere. Gaur egun normala da neskek futbolean jokatzea, baina lehen kirola hasi zenean sartzen azkena izan zen futbola: lehen Elgoibarren ematen zuen neskek eskubaloian aritu behar zutela.

-Sei denboraldi Athleticen, eta 30 gol. Ez da marka txarra!
Zelai erdian jokatzen dut eta nire lana ez da golak egitea, baina sartzen ditut golak. Ez asko, baina lantzean behin bai.

-Ez asko… Hiru sartu zenituen, barren, partida batean!
Iruñeko Lagunak taldearen aurka sartu nituen: 3 eta 0 irabazi genuen eta nik sartu nituen hirurak. Apur bat arraroa izan zen. Lehendik ere sartuak nituen hiru gol, baina Elgoibarren jokatzen nuenean; beste maila batean.

-Kapitain izatea erantzukizuna da?
Hori pertsonaren araberakoa da. Batzuk besokoa eramaten dute eta besterik ez, baina nik neuk, zerbaitengatik eramaten nuela uste dut: ardura bat hartzen nuen. Denean gainera, ez zelaian bakarrik. Onerako eta txarrerako egon behar duzu. Ni batez ere jende gaztearekin ibiltzen nintzen: hasiberria izanda, zaila egiten da, beldurtuta modura etortzen dira, eta integratzen laguntzen nien.

-Atzera begira, futbolean aritu zarenean, zelakoa zen egunerokotasuna?

1706640792084 Itziar Gurrutxaga: "San Mames beteta ikustea izan da onena"

Bilbon egiten nuen lana eta oso estresagarria zen: Elgoibarren lo egiten nuen, besterik ez. 06:45ean jaiki, Bilbora joan lanera, eta 19:00etan entrenamendua. Lezamara joan, ordu eta erdiko entrenamendua egin, dutxatu, eta etxera bueltan 22:30ean iristen nintzen. Pixka bat egon etxean, eta lotara sartzen nintzen. Eta horrela, egunero. Jendea lan jardun erdiko lanak hartzen hasi zen, ordutegi onarekin, deskantsatu ahal izateko. Eta nik neuk, lana utzi nuen eta bi urte jokalari moduan eman nituen. Selekzioaren bidaia asko egin behar izan nituen gainera, eta hobeto; bestela, gero, beti arazoak lanean. Eta hori nik ez dudala arazorik eduki: oso ondo portatu dira nirekin. Era batera edo bestera konpontzen ginen. Bi urte egin nituen futbolarekin, eta utzitakoan, lana topatu dut. Bizitza normala egiten dut orain.

-Zer nahiago, bizitza normala ala futbolariarena?
Futbolari moduan asko gozatu dut etapa guztietan: Elgoibarren lagun asko egin ditut, Eibarren beste hiru urte egin ditut eta han ere oso ondo. Futboleko giroa asko gustatzen zait: kirola, aldagelak… giro hori. Eta gero, azken sei urteak Bilbon pasada bat izan dira. Ez nuen espero hori pasatuko zenik nire bizitzan inoiz. Inork ez zuen pentsatzen aukera hori emango zitzaiena neskei: Athleticeko parte izatean San Mamesen jokatzea eta gainera bete-beteta egotea gure partidan. Elgoibarren edo Eibarren ehun pertsona etortzen ziren ikustera, etortzen baziren. Eta Bilbora joan eta domekero Lezaman 2.000 pertsona edukitzen genuen. Eta San Mames bete. Europan ez dakit behin edo behin gertatu den hori. Beti izan naiz Athletic zalea eta badakit jendeak zela bizi duen hori: baina, barruan zaudenean, pasada bat da. Toki denetan eduki dugu jendea: ez bada euskalduna ere bai. Espainian lagunarte asko daude. Bilbon bertan ere, jendeak izartzat hartzen gaitu: guretzako neska bat etorri eta autografoa edo sinadura eskatzea handia da. Momentuan ez zara konturatzen, baina gero pentsatzen duzu azkenean guk ere badugula gure arrakasta. Ez dauka zerikusirik mutilenarekin, baina polita da.

1706640792125 Itziar Gurrutxaga: "San Mames beteta ikustea izan da onena"

1706640792168 Itziar Gurrutxaga: "San Mames beteta ikustea izan da onena"


-Profesional izatea posible da?
Posiblea bada, eta talde batzuk hasi dira ordaintzen. Asko ez, baina, lanean egon beharrean futbolean aritzeko modukoa bai. Eta hortik hasi behar da. Mutilen mailara ez gara inoiz helduko, eta ez dugu nahi, gurea ez delako negozio bat. Talde gehienak zerbait ordaintzen hasi dira, eta orain dela hamar urte ez genuen pentsatu ere egiten gaur egun gauden mailan egongo ginenik. Baina ez dauka zerikusirik Europan dagoenarekin: horiek bai dira profesionalak.  Baina profesionalak izatea posible da: mutilen taldeek sortu dituzte neskenak, eta horientzako ez du diru asko suposatzen neskei ordaintzea: aurrekontuko zati txiki-txikia da. Eta poliki bada ere, hasi dira ordaintzen.

-Superliga lau bider irabazi duzue, baina Kopa ez duzue lortu.
Nesketan lehenengo Liga egiten dugu, eta hori amaitutakoan Kopa. Hilabeteko lehiaketa izaten da, eta ez da mutilena moduan, urtean zehar biak egiten dituztela. Guri gertatzen zaigu denboraldia amaituta egoten dela eta nekatuta egiten garela: Ligak irabazi izan ditugunean, hori daukazu, eta saiatzen zara Kopa ere lortzen, baina beste kontu bat da. Kopa lehiaketa zaila da, bi partida izaten direlako, eta irabazi egin behar da. Liga ostera luzea da, eta erregularra izanda emaitza onak lortzen dira. Ez dakit konpetizioaren formula den, ala erlaxatu egiten garen, baina ez dugu sekula lortu. Denboraldia luzeegia egiten zaigu: uztaila erdi inguruan hasi eta Kopa ekainean izaten da, ia urte osoa da. Nahi duzu irabazi, baina, ezin da.

San Mames leporaino beteta.

-Nesken talde aurrera ateratzeko jokalaririk badago?

Badatoz, baina Superligan taldeak mailakatzen hasi dira, eta kostatuko da Athleticek eduki duen maila berriro lortzea. Orain arte lau Superliga irabazi ditugu, eta zaila izango da berriro lortzea. Beste taldeek maila oso altua daukate, eta orain datozen jokalariak hobeagoak izan beharko lirateke, baina oraintxe hasi dira gazteekin lanean, eta tarte bat egon beharko da maila hartzeko.

-Futbolean bizi izan duzun momentu onena zein da?
Momentu onak asko: Elgoibarren momentu oso onak eduki nituen ezer irabazi ez arren, Eibarren hiru-lau gauza irabazi genituen, goragoko mailan geunden, eta asko gozatu dut. Baina momentu bakarra aukeratu behar badut, San Mamesen jokatu genuen lehen urtearekin geratuko naiz: 30.000 pertsonaren aurrean jokatu genuen eta gainera Liga irabazi. Hori bai niretzako, nire familiarentzako. eta baita han egon ginen denontzako momentu oso ona izan zen. Oraindik ere bideoa jarri eta emozionatu egiten naiz. Jaialdi bat izan zen, jendea ospatzera etorri zen.

-Eta txarrena?
Ligak ez ditugunean irabazi nahiko gogorra izan da. Goi mailan zaude eta exigentzia handia da: urte osoa sartzen duzu futbolean, ordu asko, gauza mordoa lagatzen ditugu futbolagatik, eta urte guztia ezertarako ez dela izan sentitzen duzu. Baina momentu txarrak, Ligak irabazten direnean ere edukitzen dira: luzea egiten da urtea, eta tartean momentu txarrak egoten dira. Baina horiek pasatu egiten dira: orokorrean dena positiboa izan da.

-Orain zer egin behar duzu?
Pixka bat bilatzen nuena: lasaitasuna, bizitza normala. Lanean nabil, eta ordu librean familiarekin eta lagunekin egon, eta kirola egin batez ere. Ezin naiz kirolik egin gabe egon. Kiroldegira joaten naiz, eta mendira ere bai.

-Talde bat entrenatzen ikusten duzu zure burua?

Momentu honetan ez, nahiko urte egon naiz lotuta. Eta badakit jendea behar dutela, laguntza hori behar da eta gu gara akaso gehien dakigunak, gehien sufritu dugunak; eta horregatik gu gara akaso aproposenak. Lan asko dago egiteko, batez ere neskekin, eta mutilekin errazagoa izaten da laguntza topatzea. Baina orain, ez. Futbolari jarraituko diot, baina ezin naiz berriro lotu. Momentuz, ez.
Testua: Edurne Burgaña