Sei gizon astoaren kontra arituko dira zapatuan

elgoibarren.net 2008ko urr. 24a, 11:04

Norgehiagoka ikusgarria izango da bihar, azken zapatuko ferian Nafarroa Plazan: astoa Lagun Artea herri kirol taldeko sei gizonen kontra arituko da 500 kiloko harriarekin, 17:30etatik aurrera. Hogei minutuan plaza gehien nork egingo duen neurtuko dute.
Gizon-proba azken zapatuko feriara jendea erakartzeko ekitaldia izango da. Goizean baserrietako produktuak izango dira salgai, 13:00etara arte. Trikitilariek azoka girotuko dute eta ganaduaren salerosketari 11:00etan ekingo diote.

 
  Ondo entrenatuta dago 'Santos' astoa
 Santos izeneko astoak zortzi urte dauzka. Otsourtia baserriko Inaxio Zubizarretak ia urtea darama astoa prestatzen. Gizon probarako entrenamenduak orain dela hiruzpalau hilabete hasi ziren. Entrenamenduetako harriak probakoak baino txikixeagoak izaten dira. “Ordu erdiko saioa bada, gehiagotan ibili behar da, 40 minutuan, bada ezpada ere”, azaldu du Inaxiok. Entrenamenduak astean behin edo birritan izaten dira.
 Lagun Artea herri kirol taldeko sei lagun lehiatuko dira Santos astoaren kontra. Inaxioren iritziz, gizonek aukera handia dute irabazteko. “Haiek entrenamenduetan badakite gutxi gorabehera zenbat egin behar duten. Guk probabilitate txiki bat badaukagu, ekiten erraza bada. Baina guk ez dakigu zenbat egingo dugun, ezta arrastorik ere”, uste du Inaxiok. Beharbada, astoak zaila izango du: “Zoruarekin zer kontraste egiten duen ikusi behar”. Lehenago ere ibili izan da Inaxio astoak prestatzen, makina bat apustutarako. Beti astoekin. Mandoekin ere jardun izan du pare bat aldiz, baina gehienetan astoarekin.

  Feria 9:00etatik aurrera
  Feria egunari goizeko 9.00etan emango zaio hasiera, Lizundia Txabola, Arrasketa, Eguen Txiki, Mausitxa eta Txilarre baserrietako produktuen salmentarako jarriko diren postuak irekitzearekin batera. Postuak 13.00ak arte egongo dira zabalik Nafarroa plazan.
  Bestalde, 11.00etan ganadu erakustaldia hasiko da Aita Agirre plazan. Plazan, halaber, nekazaritza-makinaria eta baserriko lanabesak saltzeko postuak jarriko dira. Gainera, 11.00etatik 11.30era bitartean, trikitilariek herriaren erdigunea girotuko dute.
Lotura duten albisteak: