Expresion Sonora Eibarko Coliseoan
Iritsi da eguna. Expresion Sonora taldeko kideak: Gabriel Agirregomezkorta, Luis M. Arakistain, Patxi Garcia eta Alfonso Guillo, Eibarko Coliseo Antzokiko taula gainera igoko dira bihar (urriak 25), Zestoako Leok´k talde mitikoarekin batera kontzertu ahaztezina eskaintzeko asmoz. 2001eko otsailaren 23an Herriko Antzokian eman zuten kontzertua eta gero, jendaurrean eskainiko duten bigarren kontzertua da honakoa.
Iraun zuen bi urteetan ospe garrantzizkoa izan zuen Expresion Sonora talde musiko bokalak. 1969ko irailean hasi eta 1970ko udaberrirako Donostiako Artista Berrien Saria irabazi zuen. Taldeari izena zabaltzeko balio izan zion sariak, eta baita kontzertu gehiago eskaintzeko ere; izan ere, ia domekero jotzen zuten. Askotan bisitatzen zituzten lekuak honakoak ziren: Arroako La Cabaña (gaurko Jazzberri), Eibarko Bolera (Areatza), Donostiako Ibaeta eta Mirakruz gaina, eta Goierriko edo Oliteko gazteen dantza saioetan.
Ekitaldi aipagarrien artean Donostiako Trinitate Plazan "Los Bravos" taldearen telonero lanetan egindakoa, besteak beste. Baita Eibarko Coliseo antzokian eskaini zuten errezitaldia ere.
- Bihar berriro igoko dira Eibarko Coliseo Antzokiko taula gainera. Zestoako Leok'k taldearekin batera ariko dira, 19:00etan hasita. Sarrerak 5 euroren truke eskuratu ahal izango dira kontzertua hasi baino ordubete lehenago.