• Ibilbidearen kronika
Debabarrenako BTT Zentroko gidetako bat den Iban González elgoibartarrak harrera egin zien BTT zale guztiei Mintxetako Harrera Gunean eta 9:35ean abiatu ziren bizikletaz. Gonzalezek Azkarateko maldetarantz gidatu zituen. Handik gutxira, lainoak desegin, eta mendi bizikleta zaleek, eguzkipean, bista ikusgarriez gozatzeko aukera izan zuten. Azkaratera iritsi ostean, Irukurutzetaraino eraman zituen bidea hartu zuten. Bertan, ura edan eta freskatu ondoren, Karakateko gailurreraino igo ziren. Behin gailurrera iritsita, beherako bidea hartu zuten, bide tekniko eta arriskutsu batean barrena. Zorionez ez zen inor erori, baina gurpilen bat edo beste zulatu zenez, ibilaldia uste baino luzexeagoa izan zen. 13:15 aldera, partaide guztiak Mintxetako Harrera Gunera itzuli ziren. Han, antolatzaileek eskainitako txorizo egosi ogitartekoei, freskagarriei eta urari esker, txirrindu zaleek indarrak berritu zituzten.
∞Lotura duten albisteak:
- BTT zentroaren mugarik gabeko arrakasta (2008-09-26 elgoiBARREN.net)
- Inauguratu dute Debabarrenako mendiko bizikleten zentroa (2008-07-18 elgoiBARREN.net)