Francisco J. Nuñez: “Zergak igotzea da Krisiaren aurrean PNVk Elgoibarren duen errezeta”

elgoibarren.net 2008ko urr. 28a, 14:39

PP alderdiko zinegotzi Francisco Javier Nuñezek prentsaurrekoan adierazi duenez, “PPk ez die babesik emango 2009rako aurreikusita dauden zergen eta tasen igoerei, %5,5 eta %27,33 artekoak; alde handiarekin gainditzen baitute kontsumo-prezioen indizearen (KPI) urte bukaerarako aurreikuspena, %4an estimatua dagoena”. Familiek bizi duten krisialdi egoeran zergak igotzea ez du ondo ikusten PPk: “Ez ginateke arduraz jokatzen ariko, eta ez da serioa PNVk proposatzen duen moduan zergak neurrigabe, eta justifikaziorik gabe, igotzea”.


  Urriaren 30ean, eguenean, 18:30etik aurrera egingo den Osoko Udalbatzarraren Ohiko bileran, besteak beste, 2009ko Ordenantza Fiskalei dagokien hasierako onarpena eztabaidatuko da.

 Francisco Javier Nuñezek gaur (urriak 28) eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, PNVk zergak eta tasak igotzeko proposamena aurkeztuko du egueneko plenoan: “%5,5 orokorrean,  %12 Kirol Patronatuaren gaineko zergak eta %27,33 zabor bilketaren gainekoak”. PPko zinegotziaren iritziz, KPIaren igoera soberan gainditzen dute, “bai 2007ko iraila eta 2008ko iraila artekoa, %4,5, eta askoz gehiago Espainiako gobernuak urte bukaerarako aurreikusi duena; %4an geratuko dela estimatzen dute”.

 Herritarrei zergak igotzeko Partidu Popularra ez kontutan hartzeko adierazi du  Nuñezek, “iaz abstenitu egin nintzen, PNVren asmoak zein ziren ezagutu artean, aurten nire ezezko borobilena bakarrik aurkituko dute gai honetan. Zergak eta tasak daudenean lagako balituzte bakarrik jasoko lukete nire babesa, hori baita nire iritziz bizi dugun krisialdian egin beharko litzatekeena. Aldiz, beraientzat argi dago krisiari aurre egiteko errezeta herritarrei zergak igotzea dela”.

 Nuñezen berbetan langabezia gora egiten ari den garai honetan, erosketak egitea garestiagoa denean, argia, gasa, erregaiak, familia askok hipotekari aurre egin ezinik etxebizitza arriskuan dutenean, laburbilduz, familiek hil bukaerara ailegatu ahal izateko malabarismoak egin behar dituzten garai hauetan, “igoera horiei babesa ematen dietenak herritarrek zerga gehiago ordaindu behar izanaren erantzuleak izango dira, eta horrekin, hipotekagatik ordaindu beharrekoa gutxitzeko zortea emango balitz, esaterako, aurreztutako dirua zergak ordaintzera bideratu beharko lukete”.

  PPk ez du Udalhitz babestuko
 Bestalde, Udalhitzekin bat egiteko EAJren proposamenaren aurka agertu da PP. Krisialdi ekonomikoa bizi dugun garai honetan beste langileekiko “Diskriminatzailea eta desegokia” dela uste du Nuñezek funtzionarioen soldatak %5 igotzea.