Alfredo Etxeberria alkateak zerga eta tasen igoeren arrazoiak azaldu zituen, Udal Gobernuaren izenean, eguenean (urriak 30) Plenora eraman aurretik. Bere esanetan, zaborraren gaineko zergak jasango duen igoera “nabarmena” da. Udalak egingo dituen azpiegitura inbertsioen ondorioa da: “zaborra birziklatzea eta konpostatzea bultzatu nahi du Udalak, eta horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak jarriko ditugu. Herritar bakoitzak sortzen duen zaborra ordaindu beharko du, eta Udalak zabor hori biltzeko medioak finantzatuko ditu”. San Lazaro egoitzako tarifen igoeraren arrazoia Foru Aldundiko prezioekin berdintzea dela azaldu zuen alkateak. Bien arteko diferentzia %17,25ekoa da, eta poliki-poliki alde hori txikitzea da helburua. Datorren urterako tarifak ondorengoak izango dira:
- Autonomiadun gaixoentzako 49,68 € eguneko.
- Dependentziadun gaixoentzako 60,61 € eguneko.
- Dependentzia handiko gaixoentzako 75,50 € eguneko.
- 1996ko abenduaren 31 baino lehen sartu ziren gaixoek 692,77 € ordainduko dute hileko.
Azkenik, Kirol Patronatuko kuota %12 igotzearen arrazoia erakundearen autofinantzaketa mailarekin lotuta dagoela azaldu zuen Etxeberriak: “Kirol Patronatua independenteagoa izan behar da, eta Udalak kirol azpiegiturak hobetzeko erabiliko du diru hori”. Besteak beste, padel pistak eta nagusientzako kirol makinak jarriko dituztela aurreratu zuen.
Horretaz gain, datorren urterako ordenantza fiskaletan hainbat hobari edo bonifikazio egongo dira: Ogasun Higiezinen Gaineko zergan familia ugarientzako, energia berriztatzaileak erabiltzen dituzten etxebizitzentzako, etxeetako oztopo arkitektonikoak murrizteko eta Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programan parte hartzen dutenentzako.