Samuel Sanchez txapeldun olinpikoa Debabarrena BTT zentrora etorriko da azaroaren 8an

elgoibarren.net 2008ko urr. 29a, 15:00

 
Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldea eta Samuel Sanchez txapeldun olinpikoa Debabarrena BTT Zentrora etorriko dira azaroaren 8an. Mintxetara hurbiltzen diren guztiek Samuelekin eta taldekide dituen Markel Irizar eta Aitor Galdos txirrindulari profesionalekin pedalei eragiteko aukera izango dute Mintxeta izeneko ibilbidean barrena, familia eta zaletuentzat ibilbide aproposena dena, 7 km-koa.



1706640765201 Samuel Sanchez txapeldun olinpikoa Debabarrena BTT zentrora etorriko da azaroaren 8an

 
 Udara honetan ateak zabaldu dituen Debabarrena BTT Zentroa sustatzeko asmoz antolatu dute Debegesako Turismo Sailak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak promozio ekintza berezia, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula horrelako ekintza batean txapeldun olinpiko batek parte hartzea lortzea.
 
 

 Eguna: Azaroak 8, zapatua
Egitaraua:
  • 10:30 Ekipazioen zozketarako zenbaki eta BTT Euskadi kamiseten banaketa parte hartzaile guztiei.
  • 11:00 Mintxeta ibilbidean barrena bira, Euskaltel-Euskadi taldearekin eta Samuel sanchez txapeldun olinpikoarekin. 50 minutuan egin daitekeen 7 km-ko ibilbide samurra da. Mintxetako harreran, helduentzako 17 bizikleta eta haurrentzako 7 izango dira alokatzeko. Bi ordu alokatzeagatik 3 € ordaindu beharko dira eta 5 € egun guztian alokatzeko aukeragatik.
  • 12:00 Itzulera Mintxetara eta abituallamentua.
  • 12:30 Ekipazio zozketa eta Euskalteleko txirrindularien autografo sinadura.

 Debabarrena BTT Zentroa BTT Euskadi Zentruen sareko Gipuzkoako zentro bakarra da eta zentroaren harrera puntua Mintxetan dago. 14 ibilbide egiteko aukera eskaintzen du gure eskualdeko zentroak eta eskualdean barrena 7 informazio puntu daude.
 BTT Euskadi Zentroak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez zuzentzen duen produktu turistikoa da.
Lotura duten albisteak: