Sariak

Asier Etxaniz 2008ko urr. 30a, 00:03

Aspaldian, gazteen literatur lehiaketa bateko epaimahaikide izan nintzen zenbait urtetan. Batean, konforme xamar geratzen zinen irabazle jotako idazlanekin, bestean erdipurdi negoziazio txikien ostean, eta inoiz, ezjakinaren aurpegiarekin, ezer konprenitu ezinik, norberak proposatutakoak saririk batere gabe bukatzen zutenean. Geroztik kasu gutxi sari nahiz sarituei.

 Urte asko ez dela Jon Alonsok, Euskadi Sarietan epaimahaikide gisa bizitako pasadizoa kontatu zuen artikulu batean. Ondoren idazle talde batek bere babesa eman eta Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatu eta plazaratu zuten, tartean maila handiko idazleak, Txilardegi, Koldo Izagirre edo Joxe Austin Arrieta kasu.

  Atzo jakin nuen aurtengo Euskadi Sarietako nominatuetarik bat Uxue Alberdi Elgoibartarra zela, baina aitatu manifestuarekin bat egin eta uko egiten diola saritua izateari, nola egin baitute aurten Koldo Izagirre eta Eider Rodriguezek. Barren edo Elgoibarren.net irakurtzen dugunok, sariz sari ezagutu eta jakin izan dugu Uxueren berri, eta oker ez banago, nominatua izan den liburua bera ere sariren bat jasoa da. Halere, iruditzen zait nominazio hau zatekeela oraindaino jaso saririk garrantzitsuena, edo orbanik handiena esan behar ote genuke? Tira, ez da bera izan sariketara aurkeztu dena.

  Ez dizuet ukatuko, dokumentuan aitatzen den susmo bera izan dut nik ere urtetan, baina sari baten gorabeheran horrelako komeriekin ibiltzeak ez dakit nora eraman dezaken...aukeran iazko irabazle Xabier Montoiak egin zuena nahiago. Ez fitsik esan, ez saria jaso.