“Kanporaketa partida bakarrera jokatuko balitz ere Real Madridek guk baino aukera askoz gehiago izango lituzke aurrera egiteko” uste du Zuhaitz Gurrutxagak. Hala ere artzaren larrua ehizatu baino lehen saldu behar ez den moduan, “Real Union ez da arratsalde pasa aterako” aurreratzen du eta “beraiek hala egiten badute susto galanta hartu dezakete”.
Sasoiko daude irundarrak: Ligan euren taldeko liderrak dira eta Errege Kopa Txapelketan hiru kanporaketa gainditu dituzte, eta sasoi puntu hori aprobetxatu nahi dute zaletuen babesarekin.
Gurrutxagak horrelako partida bat jokatzea “ezin erakargarriagoa” dela uste du beraiek moduko jokalarientzat eta klubarentzat berarentzat, “jokalariok gozatzera atera behar gara zelaira, taldeak diru asko batu dezala sarreren bitartez, eta gero, Bernabeun jokatzea sari bat izango da horrelako zelai handi batean sekula jokatu gabe dauden jokalari askorentzat”.
Real Madridek ordezko jokalari asko zelairatuko dituen arren, edozein datorrela ere maila handiko jokalariak izango direla uste du Gurrutxagak, eta Saviolaren adibidea jartzen du: “Gutxi jokatzen du Real Madriden, baina Argentinako selekzioarekin, munduko onenetarikoa, sarritan jokatzen du”
∞Lotura duten albisteak:
- Irundarrak, Real Madrileko ordezko jokalarien kontra (eitb24.com)
- La Juventus de Irun (as.com)
- Cita histórica a los pies del ‘Everest’ (marca.com)