Outside eta Inside

Angel Ugarteburu 2008ko urr. 31a, 09:50

Oporretatik oporretara alde handia dago, txo! Bidaia agentziek antolatzen dituzten horietan, gehienetan behintzat, bisitatzen ditugun herrialdeen azal distiratsua erakusten zaigu eta beste gauza jakingarri asko ezkutatzen. Joan ere ez gara joaten burua nekatzeko asmoz, begiei eta zentzumenei bazka berria emateko gogoz baizik.

   
    Ingelesezko bi hitzek adierazten dute hobetoen esan nahi dudana: badira “outside” (kanpoan)geratzen diren bizipenak eta badira “inside” (barruan) txertatzen direnak. Nik neuk, azken hauek ditut nahiago.

Racoon edo mapatxeak anaiaren baratzean loreak eta letxugak izorratzen zituen bazterrak aztertuz. Gero, bainua iturrian.

    Racoon (mapatxe) batek eman zion anaiari nahikoa buruhauste gurekin Kanadara bueltatu zenean. Sei astez etxea hutsik somatu zuen pizti horrek eta apurka-apurka, hurreratu ez eze, laineztu ere egin zen, ikusiko duzuenez. Anaiak baratzean daukan iturrian bainatzen eta hango bazterrak lardaskatzen hasi zen. Gero, baratzeko letxuga eta gainontzekoak atera eta lurra astintzen ere bai. Halakoxe panorama ikusi genuen etxe bueltan. Gero, ohitura gal zezan, uxatzeko ahaleginak egin behar.

Kanadara heldu eta hurrengo egunean bertan izan genuen, koinataren izebak 80 urte betetzen zituela eta, familia arteko ospakizun batean parte hartzeko aukera. Hango besarkada, kantu, argazki erakusketa, jan-edana, hitzaldi… Omenduaren etxeko salan 50 pertsonatik gora. Amama horren aita eta osaben argazki zaharra eskuz ezku – Minesotatik etorri ziren Albertara gobernuak emandako lurrak kolonizatu eta lantzera. Hantxe seme-alaba, biloba eta gainontzeko senideak amamaren pozerako. Haren ahizpak eta neba ere hantxe dira; Canadian Pacific-en trenbidean Rocky Montain-etan tunela egiteko lanak zuzendu zituen ingeniaria,azken hau. Baditu 85 urte honek ere.
    Atzo mezatara joan ginen hemengo eliza katoliko batera. Kristau eliza mota asko asko dago hemen; baita mezkitak eta pagodak ere. Etorkinak gehiago ziren elizan, batez ere filipinoak. Abade asko ere hala dira. Herri baten barne-munduan sartzeko beste aukera bat da, urteko domeka guztietako ohituran partaide izatea.
    Herri eder eta distiratsutik kilometro gutxira, bistan dauden basoetan bizitza basatia eta piztiak zelatan. – Ez da broma, gero! Aurreko astean parke batean amak umea laga zuen sehaskan lo eta une bateko deskuidoan cougar (puma) batek eraman zuen baso itzaltsura. Gose badira eta bidazti bakarra arbolapean somatu, gainera salto eta harenak egin du.
    Raven (erroia) eta itsas kaioaren historia polita kontatu dit gaur anaiak. Joan dira aurreko batean White Rock aldeko hondartzetara eguna pasatzera eta hara bertan ikuskizuna: erroiek txirlak mokoan hartu, haitzen gainetik pasatzean askatu eta maskorra irekitzen zihardutela. Kebrantahuesos delako arranoak bezalatsu. Haien ondoan zebiltzan kaio tentelek ere etekin bera lortu nahi baina ikasgaiaren zati bat ikasi zutela: txirla mokoan hartu eta aireratu, baina lokatza baino ez zegoen lekuan askatu, lelo arraioek!
    Raven-a erroi edo bele arrunta baino handiagoa da. Besteari crow deitzen diote. Errespetuz tratatzeko hegaztiak dira hemen raven-ak eta erroiak. Hemengo indioentzat sagaratuak ere badira. Maskor baten barruan bizi ei ginen gizakiok, hegazti honek maskorra zabaldu zuen arte. Totem izeneko zurezko eskultura koloreztatuetan ere sarri-sarri ikusiko duzu ravena edo erroia, hemengo beste animalia askoren artean: arranoa, kastorea, hartza eta beste asko.

Hau Txiko da, anaiaren katua. Gaztea eta argia denez, momentuz koioteetatik libre.

    Etxean animaliak izaten zale dira hemen. Etxe gehienek dute baratza eta horrek asko errazten du zaletasuna. Txakurra edo/eta katua etxe gehienetan. Baina basoa ere gertu, parkeak ere baso baitira hemen. Kontua da, aurreko batean, parkearen ondoko etxe baten balkoipean koiotekumeak somatu zituela batek eta udaltzainei parte eman.
Azal dezadan, baina, historia hasieratik, anaiak kontatu bezala. Aurreko udazkenean auzoan katu asko desagertu ziren. Egun batean bat eta handik gutxira beste bat, azkenerako mordotxoa. Kale bazterretako enbor eta trafiko seinaleetan oharrak jarri ere bai katuon jabeek:
-    Katu zuri-beltza galdu zaigu. Hug izenari egiten dio kasu. Ez txiki ez handi, lodi samarra eta atzeko ezkerreko hankatik errena. Lepoko uhala darama txintxirrinekin. Inork haren berri emango baligu eskertu ez eze saritu ere egingo genuke.
-    Katu eme gazte bat aldendu zaigu. Koket izenari egiten dio kasu. Marroia da eta hanka punta beltzak ditu. Lepoko katea darama eta zinta arrosa bertan. Badira hiru egun etxetik agertzen ez dela.Eskertuko genuke haren berri izatea.
Bi adibide dira, baina horrelako asko, kontizu, udazkenean ez ezik neguan ere. Azkenerako katua trailan hartuta atera behar kalera, arrastorik utzi gabe desagertzen ziren eta. Koioteak jasotzera baso ertzera joan ziren udaltzainek zer aurkitu zutela uste duzue ?
Hantxe, sasiaren azpian, haien sehaska izandako txokoan, hainbat lepoko uhal, kate, kriskitin, zinta arrosa, txori, belarritako  eta abar.

Gauetan eta, batez ere, goizaldean ateratzen da koiotea ehizara. Atea ireki eta bidaltzen duzu katua kalera: - Zoaz, mitxina, eta har ezazu aire freskoa edo txoriren bat. Baso ertzetik peskizan egunero dagoen koioteak badaki inguruko katuen eta haien trebetasunen berri. Zaharren sententzia ez da urruti; ezta gaztetxoen atrebentziaren zigorra ere. Gorra dela, errena dela, xaloa dela, ehizakina aukeran. Horrelaxe pilatzen dira katuen koilar distiratsu asko koiotekumeen kabietan. Alferrik jarriko dituzu gero oharrak kaleko gune jakinetan. Outside eta inside: kanpora arretarik gabe edo gaitasunik
Irtetearen ondorioak.

                        New Westminster, 2008-07-13

WHISTLER 2010

    Urte eta erdi falta dira olinpiada zuriak hemen ospatzeko. Beste Olinpiadatarako, Beijing eta Torontoren arteko lehian, txinatarrak atera ziren garaile. Hala izango dira datorren hilean, Asiako herrialde jendetsuenean eta, akaso, gatazkatsuenean. Torontok izandako porrotaren ordaina espero zuten kanadiarrek eta halaxe lortu zuten British Columbia eder honetako Whistler herrian elurretako olinpiadak antolatzeko ohorea.
    Trafiko handi samara dabil eta bideak konpontzen dabiltza. Arazorik gabe egiten dugu aurrera. Gure autoan hiru goaz eta, bi bidaiari edo gehiago daramaten autoek ezkerreko karriletik bizkorrago ibiltzeko aukera dute. Halaxe dino autopistako iragarki xafla handiak: bi buru agertzen dira eta gu hiru buru ere bagara; bi, handi samarrak, gainera.. Ederra da trabak daudenean ezkerretik txistu bizian eta eskubideen jabe joatea.

    Vancouver hiritik 120 km ingurura dago herri xarmant hori. Whistler hitzak txistularia esan nahi du; izan ere, inguru haietako basoetan ugari dira txistu egiten duten patari batzuk: marmotak direla esango nuke. Harako bidean jarri gara goizetik, eguraldi ederra lagun. Urte eta erdi barru dena prest izateko, bideak zabaltzen dihardute; autobidea zabaltzen, zubiak egiten…era askotako konponketak egin behar; makineria eta langileak erruz bide ertzetan. Asteartea zen eta nahiko bizkor ibili gara, traba handiegirik gabe.

Eskalatzaileentzat paradisua Squamish herritik hurrean.

 
  Itsas ertzetik egin dugu bide erdia, Burrard Inlet ( badia ) ezkerretara dugula. Halaxe Squamish izeneko herritxoan hamaiketakoa egitera gelditu garen arte. Bai haitzezko horma ederra bidearen eskuin aldera! Zenbat gozatuko luketen hor gora Usabiagak eta Bereziartuk! Halaxe doa gazte jendea taldeka, soka eta aparejoak aldean dituztela, haitz zut eta distiratsuaren oinetara.
-    Aurreko baso horretan euki najuan,lehenengo ezbeharra  honera etorri eta hurrengo urtean, 1969an. Motozerra martxan, laban egin eta ia izterra moztu.Torniketea egin eta helikopteroa etorri arte zain. Ia bertan odolustu. Alice Lake ederra izan zuan nire estualdiaren lekuko.. Bihurgune bakoitzean ditu leku ezagunak Tomasek.


Tantalum mendikatea Garibaldi parkean.

Kilometro batzuk gorago, Tantalum izeneko ikuspegi ederrean geratu gara. Beti elurrez izan ohi diren mendiak ageri dira, euren buruak erakusten paregabeko harmonian eta bake zurian. Garibaldi parkean  gara. Squamish ibai berdexka albotiko dugula goaz, anaiaren kontuak entzuten:
 - Ikusten argi-indarraren zutabe horien bide soildu hori? Gure taldeak, “Laurak bat”ek garbitu zuen orain dela 30 urte.  Ikusten hor zuhaitz mota berezi horiek? Ez dira cedar (zedro), ez Oregon fir, ez hemlock. Balsam fir dira horiek, halakoxe lurrin berezia darie. Lore zuri distiratsuak dituen beste zuhaitz hori, ostera, British Columbiako sinbolotzat hartzen dugu; ilunabarrean ere argi egiten dute lore horiek: dogwood dozu horren izena. Berriketak ez du etenik eta gu dena begi eta belarri, guztiak jaso nahirik.
    Elur urtuetako ur apartsua dakarte ibai eta creek edo karkabek; hemengo urak kolore berdexka du. Harriak eta haitzak ere bereziak dira eta. Granitoa eta kuartzoa dira nagusi eta horien hautsak ematen ei die erreka eta lakuei distira esmeralda hori. Ehundaka laku eder ikus dateke kilometro gutxiren barruan. Arraina ugarai, bestalde: amurrainak eta samoiak bereziki. Basoilar urdinkara ere gure ondoko arbolan kontuak esateko prest. Argazkia atera nahi, baina ez litzateke agertuko, adarrekin erdi mimetizaturik dago eta.

Elurrik ezean, mountain bike egitera etortzen dira leku askotako gazteak.

    Herri ikusgarria da Whistler, inguru osoa ere halakoa du eta. Gailurrean bada elurrik, baina pisten beheko aldeak mountain bikean ibiltzeko prestatuak dituzte orain. Ehundaka, milaka ez esatearren, gehienak 15-25 urte bitartekoak, teleaulkietan bike eta guzti igo eta gero han datoz, tximistaren pare, saltoka, narruko ederra hartzeko arriskua hartuz. Baina lasai; Mazinger Z baino babestuago daude soineko trinko horiekin: kaskoaz aparte, beste hainbat babesgailu. Whistler gailurrerako telesferikoa martxan dabil eta Blackcomb-erakoa geldi dago gaur. Ez da, baina, eskia edo bizikleta kirola egiteko aukera bakarra; aldamenean da golf zelai ikusgarria eta hainbat kanoa, oso gertu dituzten lakuetan arraunean edo ur lasterretan rafting egiteko. Oinezkoentzat eta bizikletadunentzat ibilbideak ere nonahi eta nahi beste.
          
2010ean izango dugu leku eder hauek telebistaz ikusteko aukera. Gauzak ondo prestatzen dihardute; eguraldiak ere laguntzea falta, beste guztia naturak eman die eta.
    Vancouver aldetik joateko bezpera da. Gaur arte ezer desatseginik ikusi gabe geunden. Inolako istripurik ez, osasunez ondo, jendearen abegi ona... Gaur anaia eta biok furgoneta hartu eta letxuga haziak erostera irten gara. Txinatar bati erosten dizkio gustagarri batzuk merke samar. Abiatu gara eta errotonda batetik irtetean balazta soinua eta auto ilada, bat-batean. Oinutsik lurrean datza 50 urte inguruko gizon bat. Bizikletan zihoan eta harri koskor batek bide erdira bota du, Lehen autoak saihestu du doi-doi, baina bigarrenak ikusi ere ez du egin. Hilotz geratu da odoletan. Anaiak tximistak bezala egin du salto eta artatzera hurbildu.  Bular-bularrean zapaldu du pick up astunak. Zirkulazioa geldiarazi eta han egon gara polizia azaldu artean. Gure aurreko bi autoak geratu dira atestatua egiten. – Egunetako bizarraz eta zarpail jantzita zebilen gizajoa. Homeless bat ziurrenik.
    Bihar Rocky Mountains aldera abiatuko gara eta hangoak ikusita, bakoitza bere etxera: anaia eta koinata hemengo euren etxera eta gu, Rail Canada hartuta, “Far East” aldera: Toronto, Niagara, Montreal eta Quebec izango dira gure agurraren lekuko. Anaiaren konputerrik ez dut eskura izango bihartik aurrera eta etxean ordenatu beharko ditut koadernoan jasotako sentipen eta xehetasunak edo hoteletan idatzi eta nire pendrive-an gorde.
                           
                            New Westminster, 2008-07-16