Datorren urterako zergak %5,5 igotzea onartu du osoko bilkurak

elgoibarren.net 2008ko urr. 31a, 10:52

 
 
EAJ eta EAren aldeko botoekin, 2009rako tasak eta zergak %5,5 igotzea erabaki zuen atzo, urriak 30, udalbatzaren osoko bilkurak. PSE-EE, Ezker Batua-Aralar eta PP alderdiek igoeraren kontra bozkatu zuten, krisi egoera dela-eta.
 
 


EAJ eta EAren aldeko botoekin onartu ziren 2009rako tasak eta zergak

 Atzoko osoko bilkuran hartutako erabakiaren ondorioz, datorren urteko zerga eta tasa orokorrak %5,5 igoko dira, urte amaierarako espero den KPIaren (kontsumorako prezioen indize) gainetik, hain zuzen ere. Zaborrak %27,34 igoko dira, Kirol Patronatuko abonua %12 eta San Lazaro egoitzako tarifak %7,5ean. Alfredo Etxeberria alkateak aste honetan bertan azaldu ditu igoera horien arrazoiak eta berak esandakoaren arabera, datorren urterako proposatu duten igoera Gipuzkoako gainontzeko udalerrietako igoeraren antzerakoa da: "Iazko igoera IKP indizearen azpitik geratu zen azkenean, eta Gipuzkoako Udalak %5 eta %5,5 inguruan igoko dituzte datorren  urterako zergak, iazko aldea berdintzeko asmoz".

Oposizioa kontra

Oposizioko alderdiak, PP, EB/Aralar eta PSE-EE eskumako aldean.

PSE-EEko Ovidio Campello izan zen hitza hartu zuen lehenengoa, eta zergen igoeraren aldeko botoa ematea gustatuko litzaiokeen arren, kontra bozkatuko zutela azaldu zuen. Hiru arrazoi eman zituen bozeramaile sozialistak: Batetik, tasen igoera gainontzeko alderdiekin kontsultatu gabe erabaki dutela leporatu zion Udal Gobernuari, bestalde, orain arte KPI indizearen araberako igoerak proposatzen zirela azaldu zuen, eta aurtengo irizpidea ez dutela ulertzen esan zuen. Azkenik, krisi egoera aipatu zuen: "herritar askok ezin izango dituzte zerga horiek ordaindu, eta egoera honetan ezin dira zergak hainbeste igo".

Unai Zulaikak Ezker-Batua/Aralarren izenean hitz egin zuen, eta euren kontrako botoaren arrazoiak azaldu zituen: "KPI indizearen gainetik igoko dira zergak, eta hori ezin dugu onartu". Gainera, datorren urterako aurrekontuak oraindik erabaki gabe daude, eta tasen igoera hori nora joango den argitu gabe, ezin diotela euren babesa eman azaldu zuen Zulaikak. Azkenik, krisi egoera aipatu zuen honek ere, eta egoera ekonomiko honen aurrean Udalak beste jarrera bat erakutsi beharko lukeela esan zuen. Krisi ekonomikoari buruzko hainbat datu eman ondoren, Elgoibarko kasu batzuk aipatu zituen BARRENek orain dela bi aste argitaratu zuen erreportajean oinarrituta: "2009. urtea gogorra datorrela dirudi, eta horrelako egoeretan politikoek herritarrenganako keinu positiboak erakutsi behar ditugu. Guk, zergak murriztearen aldeko apustua egingo genuke".

Oposizioko azken hizlaria PP alderdiko Francisco Javier Nuñez izan zen, eta astean zehar azaldu zuen moduan, tasen igoeraren kontra bozkatu zuen. Nuñezen esanetan, krisi egoera honetan Udalak zergak bere horretan mantendu beharko lituzke, obra faraonikoak alde batera utziz.

Bat bateko itzulpen sistema

Garbiñe arduratu zen bat-bateko itzulpena egiteaz.

 
 Atzoko plenoko berrikuntza izan zen bat bateko itzulpen sistema. PSE-EE eta PP alderdiko zinegotziek egin zuten sistemaren erabilera, eta eskerrak eman zuten sistema berri hori jartzeagatik.