• Herri mailako errituak eta jaiak
Heriotzaren bueltako errituak atzean laga, eta herri mailakoak aztertzen hasi zen Xamar. Eta hasteko, Gabonetako errituak eta jaiak ikusten hasi ginen. Baina, errituekin hasi aurretik, garbi laga zigun Xamarrek gure herriaren historia ez dela zero urtean hasten (Jesusen jaiotzarekin batera, alegia). Aurretik bizi eta gertatutako guztiak eragin handia izan zuen gure historian eta kulturan. Eta hau aitatu ondoren, Gabonak edo Eguberriak lantzen hasi ginen.
Izenari berari erreparatu behar diogu, ezertan hasi aurretik. Gaztelaniaz Navidad edo Natividad bada (Jesusen jaiotza ospatzeko jaia, hain zuzen ere), gure ospakizunak ez dauka zer ikusirik Jesusen jaiotzarekin. Eguberrietan gau luzeen amaiera eta eguna luzatzen hasten dela (solstizioa) ospatzen genuen euskaldunok. Izenak dioen moduan, egun-berria edo argi berria ospatzen genuen. Eguna, izan ere, argia dagoen denbora tartea da, eta Eguberrietan argia edo eguna luzatzen hasten dela ospatzen zen. Gure arbasoentzat eguzkia bizitzaren jainkoa zen, eta gauak beldurra eta kezka sortzen zituen. Honek, beste kasu askotan moduan, euskal kultura naturari oso lotuta dagoela erakusten digu.
Eguzkia bizitzaren jainkoa bazen, zein zen etxe barruko eguzkia? Sua. Honek Eguberrietako erriturik zaharrenetakora garamatza. Negurako egurra prestatzerakoan, etxe edo baserri bakoitzak egur edo enbor zati bat gordetzen zuen (bazterrekoa), Eguberri gauean erretzeko. Baina egur hau ez zen guztiz erretzen, eta egur hondarrak gorde egiten ziren. Erretako egur hauek, besteak beste, animaliak sendatzeko (egur errearen gainetik pasaraziz) edo norberaren ohe azpian gordetzeko izaten ziren. Izan ere, ordukoen ustez, egur hau magikoa zen. Egurra erretzeko ohitura hau Europa zahar osoan zabalduta egon zela esan zigun Xamarrek.
Zergatik dute erro bera aipatu berri ditugun egun (egu), eguzki eta egur berbek? Xamarren esanetan, argitasunaren erro zaharra -eg- delako, eta hortik dator argiarekin lotutako hiru berbon erroa. Kuriosoa, ezta? Beste adibide bat: Zerk ematen digu argia gizakioi eta animalioi? Begiek, ezta? Begi hitzak ere argitasunarekin lotutako hitzen erroa dauka (b-eg-i). Eta, zer daukagu egunaren edo argiaren beste aldean? Gaua edo iluna. Eguzkia argia bada, ilargia iluna da (hildako argia, alegia).
Xamarren esanetan, euskarak ere balio du ideien arkeologia egiteko. Bere esanetan, hitzak ez ziren besterik gabe asmatzen (logika batekin jartzen ziren), eta, gure kasuan, euskara oso tresna egokia da gure aurrekoen gizartea ezagutzeko. Elur eta lur berbak horrenbesteko antza izatea, adibidez, ezin da kasualitatea izan. Duela 30.000 urte izan zen glaziazioan topa dezakegu bi berba hauek hain antzerakoak izatearen arrazoia.
• Ur tragoa mahatsaren partez?
Eguberrietako errituekin segitzeko, urte berba idatzi zigun Xamarrek arbelean. Zer esan nahi du urte berbak? Ur aroa edo periodoa (lehortek lehor garaia, edo gosetek gose periodoa esan nahi duten moduan).
Xamarren esanetan, euskaldunok uraren zikloaren arabera neurtzen genuen denbora. Ura oso elementu estimatua eta baloratua izan zen euskal kulturan (haizeari, ordea, beldur handia genion). Ura bizitza zen, eta, adibidez, euria ari zuenean ez zuten eguraldi txarra ziharduela esaten, gaur egun bezala. Halaber, norbait hiltzen zenean euria egitea nahi izaten zuten. Xamarrek esan zigunez, bere osaba bat arduratuta hil zen ekainean (uda izanik, euria egiteko arrisku txikiagoa zegoelako).
Eta urak Euskal Herrian izan zuen garrantziarekin amaitzeko, Nafarroako Sakana bailarako ohitura polit bat kontatu zigun Xamarrek. Gabon zahar gauean, gaueko hamabiak jotzearekin batera, Urdiaineko gazteek, pitxerrak eskuetan dituztela, ura hartzen dute herriko iturrietatik. Urte berriari ur berriarekin egiten diote harrera. Eta ur berriarekin agintariengana joan ondoren, etxez etxe banatzen dute ura, bertsoak edo koplak kantatuz. Beraz, garai batean, mahatsaren partez, ur freskoarekin egiten zitzaioan ongi-etorria urte berriari (urte berria/ur berria). Xamarren esanetan, ohitura zahar hau Euskal Herri osoan egon zen zabalduta. Eta Eguberrietan egurra erretzeko ohitura Europa osoan egon bazen zabalduta, urarena Euskal Herrian bakarrik eman zen.
Segidan, erronka hau laga zigun mahai gainean Xamarrek: “Zergatik ez duzue euskal ohitura zahar eta polit hau Elgoibarren berpizten? Ez da gauza askorik behar: dozena bat lagun, prestatutako pare bat bertso, ur-pitxarra batzuk eta iturri bat nahikoa duzue. Dirulaguntzarik ere ez daukazue eskatu beharrik!”. Animatuko al gara?
• Olentzero gurea!
Eta, amaitzeko, Eguberrietan hain ezaguna den Olentzerori erreparatu genion. Kristautu gabeko azken jentila bezala ikusten du Xamarrek Olentzero.
Abenduaren 24an kaleratzen den pertsonai honek izaera eta agertzeko modu diferenteak dauzka, toki batetik bestera. Izaerari dagokionez, gehienetan, tripontzia eta edari zalea da. Sarritan, gainera, Olentzero pertsonaia beldurgarri moduan ere azaltzen da, igitai eta guzti, eta ohera joan nahi ez zuten umeei lepoa moztuko ziela esaten zieten. Leku batzuetan igitaiak tximinian behera ere botatzen zituzten, etxean zeuden umeak beldurtu eta oheratzeko.
Jende aurrera azaltzeko orduan, berriz, era edo modu asko ikusi dira han eta hemen. Leku batzuetan balkoian azaltzen da, eta umeek kaletik abesten diote; beste batzuetan, teilatuan jartzen dute, tximiniaren kontra. Hala ere, ohiturarik zabalduena Olentzero aulki batean eseri eta etxez etxe eramatea da.
Edozein modutan ere, gaur egun ezagutzen dugun Olentzero opari-banatzailea oso kontu berria da (1978tik honakoa, Xamarren esanetan).
- Ikus hemen: Elgoibarko Izarraren testu guztiak