Ikasturte berriarekin batera, azken urteotan bezala, Elgoibarko Izarrako Haurrak eta Gazteak sailak, “Euskara Errefortzuak” programa eskainiko die euskara ikasten eta euskaraz berba egiteko zailtasunak dituzten Elgoibarko haur eta gaztetxoei. Programa honen bidez, euskara errefortzatzeko eta soltura eskuratzeko aukera izango dute eskolaz kanpoko jarduera bezala.
Programa hau 2003-2004 ikasturtean jarri zuten martxan Elgoibarren “esperientzia pilotu“ moduan. Orain arte ikasturte amaieretan atera dituzten ondorioak hain onak izan direnez, arduratuenei garrantzitsua iruditu zaie programari eustea.
Eskolatik atera ondoren jasoko dituzte saioak. Hala ere, ez dira beti eskola barruan geldituko, eta horrela, herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute irteera txikiak eginez.
“Ondo pasatuz, jolas berriak ikasiz, esku lanetan trebatuz, kantatuz eta irteera ezberdinak eginez, euskarak eskolaz kanpo duen dimentsioa erakutsi nahi diegu Elgoibarko haurrei”. Euskara ez dela hizkuntza soil bat, eta ez dela ere eskolako lau hormen artean gelditzen den zerbait, alegia. Askoz gehiago dela deskubritzeko bultzada emango diete euskara errefortzuetan. “Ateak zabalduko dizkiegu, hori da behintzat gure asmoa”.
Errefortzu saioak azaroaren lehen astean hasi eta maiatza bitartean izango dira. Guztira 5 talde osatu dira. Hala ere, ikasturtea aurrera joan ahala partaide gehiagok izen emango dutela espero da, programan sartzeko edozein momentutan izena eman baitaiteke.
Oraingoz HH5 eta LH 4. maila bitarteko haurrei eskaini zaie programa. Hala ere, urte berria iristearekin batera, programan aldaketa batzuk emateko aukerak aztertzen dihardute.
∞Lotura duten albisteak:
- Gazte etorri berrientzat proiektu berri bat jarri da martxan (2007-12-10 elgoiBARREN.net)
- 52 haurrek parte hartu dute aurten 'Euskara Errefortzuak' programan (2007-05-31 elgoiBARREN.net)