Zuhaitz Gurrutxaga: “Nire futbol ibilbideko gauzarik onena izan da Real Madril kanporatzea”

elgoibarren.net 2008ko aza. 12a, 12:31

 
Esnatu berritan harrapatu dugu Zuhaitz Gurrutxaga Real Unioneko jokalari elgoibartarra, Real Madril Espainiako Kopa txapelketatik kanporatu eta biharamunean. Bart gaueko ospakizunen ajeak gainetik kendu ezinda, ahots urratuarekin, baina pozik erantzun ditu atzoko balentriaren inguruan egindako galderak.

 
 

Santiago Bernabeun Real Madrilen aurka garaipen historikoa lortu zuen atzo Real Unionek eta Espainiako Kopako final-zortzirenetan izango da Irungo taldea. Galdu egin zuten euskaldunek partida, 4-3, baina etxetik kanpo sartutako golei ematen zaien balio bikoitza tarteko, Kopan jarraituko dute, duela bi aste Irunen lortutako 3-2ko garaipenari esker. Handia egin du Real Unionek, Bigarren B mailako talde apalak.
 
-Ikaragarria, ezta Zuhaitz?
Bai, ikaragarria izan da, sekulakoa. Inork ez zuen sinisten Real Madril Kopatik kanporatu genezakeenik, neuk ere ez ia, begira baina, asko sufrituta izan arren lortu egin dugu; eta Santiago Bernabeun, gainera.

-Bezperan irratian entzun zintudan barren esperantza txiki bat bazenuela esanez?
Bai, esan bai, baina politikoki zuzenak diren adierazpenak izaten dira horiek.

1706640730487 Zuhaitz Gurrutxaga: “Nire futbol ibilbideko gauzarik onena izan da Real Madril kanpora

-Komunikabide guztiek nabarmendu dute garaipen historikoa izan dela Real Unionena. Aurrez antzerakorik bizi izandakoa zara?
Nire futbol ibilbideko garaipenik edo gauzarik onena izan da Real Madril horrela kanpoan lagatzea: sei gol sartu dizkiogu iazko Liga txapeldunari bi partidetan. Askotan entzuten den topikoa den arren, oraindik ez gara konturatu lortu dugun balentriaz, are gutxiago esnatu berri, orain nagoen moduan. Hala da baina. Real Madrilek egiten duen guztiak sekulako transzendentzia edo garrantzia dauka komunikabideetan eta oraingo honetan geu izan gara mundu guztian oihartzuna edukiko duen albistearen protagonistak.


-4 eta 2 galtzen zindoazten 89. minutuan. Zer pasa zitzaizun burutik une horretan?
Real Madrilen aurka horrela galdu eta Kopatik kanporatuta geratzeak meritua daukala pentsatzen ari nintzen une horretan, galtzeko modu oso duina edo litekeen goxoena zela, alegia. Taldeak eta nik neuk egindako lanaz harro egon gintezkeela pentsatzen ari nintzen.

-Eta halako batean, zure pase bat burukada zoragarrian errematatu eta Real Madril kanporatzeko balio zuen gola sartu zuen azkeneko minutuan Eneko Romok?
Bai, nik hasitako jokaldi batean Eneko Romorenganaino iritsi zen baloia eta hark buruz sailkapena eman zigun gola sartu zuen. Ezin genuen sinetsi. Hori bai poza!

Gonzalo Higuain argentinarraren sasoi ona ez zen nahikoa izan Gurrutxaga gainditzeko.

-Raulekin norgehiagoka latza eduki zenuen partida guztian. Nola ikusi zenuen zure burua?
Partidua hasi aurretik nerbioak jota ibili nintzen, aspaldian egon izan ez naizen moduan. Behin partidua hasita, ordea, nire burua oso ondo ikusi nuen, nire lekuan. Orain dela bost urte ere jokatu nuen Bernabeun, eta orduko hartan baino askoz prestatuago ikusi dut nire burua, segurtasun eta heldutasun gehiagorekin. Realarekin joan nintzenean baino presio gutxiagorekin, gainera. Ez nuen uste berriz Bernabeun partida bat jokatzera ailegatuko nintzenik, behin Lehen Mailatik atera ondoren zaila baita berriz gurpil horretara itzultzea.


-Nola ospatu duzue Real Madril kanporatzeko balentria?
Asador Donostiarra jatetxe ezagunera joan ginen afaltzera. Demaseko giroa egon zen, denok oso pozik. (ikus hemen: afariko bideoa

-Ze ordutan amaitu zenituzten ospakizunak, jakiterik badago?
Partidua oso berandu amaitu zen eta afaritik ere goizaldeko 2:00ak aldera atera ginen. Handik aurrera aske ginen gauaz disfrutatzeko eta halaxe egin genuen. Noiz erretiratu ginen? Bakoitzak bere bidea jarraitu zuen eta ez dakit askoren berri. Gaur goizean entrenamendua egiteko hitzordua geneukan, hemen, Madrilen, Valdevevaseko instalazioetan.

-Eta orain zer?
Ez nuen uste horren zain egon beharko genuenik, baina Espainiako Koparen hurrengo kanporaketarako zozketari adi-adi egon beharko dugu barixakuan, ia zer talde tokatzen zaigun. Bestalde, ia egiten ari garen denboraldi apartak (azken zortzi partidetatik zazpi irabazi dituzte Ligan eta Kopan) zaletu gehiago erakartzeko balio duen.

   Elkarrizketa amaitzen ari ginela Madrilen ostatu hartu duten hoteleko logelako telefonoak jo du. Goizean egitekoak ziren entrenamenduaren ordua jakinarazi diote Gurrutxagari. “Eskerrak zuen deiari, iratzargailuak lau bider jo dit eta banuen esnatzeko garaia”. Esnatu berritan gure galderei erantzuteagatik eskertuz agurtu dugu Real Unioneko kapitaina.
 
Lotura duten albisteak: