Iñigo Lariz: “Iazko postua defendatu eta denbora hobetzeko prest nago, sasoi betean”

elgoibarren.net 2008ko aza. 13a, 15:23

 
Iazko Karakateko Igoeraren irabazlea, Iñigo Lariz elgoibartarra irteera marran egongo da aurten ere, “iazko postua mantendu eta ahal bada 30 minututik jaistea” da Larizek bere buruari jarri dion erronka. Ibilbidea zeharo lokaztuta aurkituko dutela badaki, baina ez du beldurrik, “denborak hobetzeko oztopo bada ere, zenbat eta aldapa eta lokatz gehiago hobe niretzako” dio. Iaz baino sasoi hobean dagoela ere aitortzen du.

 
 

Errekorra garesti, marka hobetzea ez

  Aritz Kortabarriaren errekorra (29 minutu) gainditzea zail ikusten du. “Oso marka ona da. Gainditzeko zaila. Nire asmoa 30 minututik jaistea edo hor bueltan ibiltzea da”. Iaz, bere estreinako partehartzean egin zuen denbora (31´32´´) hobetzeko gai ikusten du bere burua, “bidegaltze bat izan nuen iaz eta izotzak ere asko oztopatu zuen igoera” gogoratzen du. Horregatik uste du denbora hobea egin dezakeela.
Zenbat eta aldapa eta lokatz gehiago hobe
  Alabaina, antxintxikariek ez dituzte markak hobetzeko kondiziorik onenak topatuko zapatu honetan (azaroak 15) 10:00etatik aurrera egingo den proban, izan ere, azken egunotako euri jasek lokatza mordoa laga dute Karakateko aldapa eta bidezidorretan. “Oso irristakor dago dena” baieztatu digu Iñigok. Hala eta guztiz, Lariz ez da ezeren edo inoren aurrean kokiltzen, “sasoiko nago, iaz baino sasoikoago, eta zenbat eta lokatz eta aldapa gehiago izan nahiago dut, nire ezaugarrietara hobeto moldatzen diren baldintzak dira-eta. Ondo datorkidan proba da”.
Ondo prestatuta
  Nahi baino gutxiago prestatu duela Karakateko igoera aitortu digu, “kontraesana dirudi, baina nire helburua Karakate bazen ere Behobia-Donostian zentratuta ibili naiz gehiago. Han denbora txukuna egin dut (1:13:40 egin du), baina ez da erreferentzia baliagarria Karakaterako” azaldu du. Aste hau atseden hartzeko baliatu du.
Faboritoak eta aurkariak

Lariz, 2007ko Karakateko igoeraren irabazlearen txapelarekin.

  Ibilbideko gorabehera eta baldintzei ez dien moduan, aurkariei ere ez die beldurrik: “errespetua diet parte hartzaile guztiei, baina beldurrik ez. Elgoibartarrei dagokienez, beti moduan aurrean ibiliko da Jose Mari (Suso). Berea ematen du beti hark. Ez dago beharbada markak hobetzeko moduan, baina besteok huts eginez gero, han egongo da bera. Ibon Gabilondo ere ondo ibili da azken urteetan”. Kanpotik datozen korrikalariak ere gertutik jarraitu beharko dituela uste du, “Zeintzuk etorriko diren ez dakidan arren, aurten San Migeleko korrika igoera, eta 2004an karakateko igoera, irabazi zuen Josu Arregi azpeitiarra badator, adibidez, katia lotu, haginak estutu eta atzetik eutsi beharko zaio, eta berdin besteren bat etortzen bada”.
 
Lotura duten albisteak: