Arriaga

Asier Etxaniz 2008ko aza. 13a, 17:24

Lehengoan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko agiri hau heldu zitzaidan, Lerun-Txiki-Morterika alorrari dagokiona. Ohitura dut aldizkariko kontuok irakurtzekoa gure herria platerean azaltzen denean, nahiz eta gehienetan, ezer ulertu gabe geratu, hain erabiltzen dute hizkera nahasia. Gaztelaniazkoa irakurri behar ote dena delakoa ulertzeko? Zuen kontu aprobak.


Agirian dioenez, Lerun-Txiki-Morterikako industrialdearen lur azala, haseran behar zuenaren erdira ekarri dute, natura intereseko basoa babestearren. Hau ez da berria, hala ere, errepidez eta ibaiaz bestaldeko lur eremu bat aitatzen da, Karkizao izenarekin. Bere garaian, ibaiaren bidea aldatu behar zutena (eskerrak!), orain ibai eta errepidearen bi aldeak nahi dituzte lantegiz bete, ulertu dudanez, Kondia eta Etxetarren pareko zelaiak ere industriagune bihurtuz.

Jakina da Elgoibarren asko garela industriatik bizi garenak, eta hemen aitatzen dutenez, industria lurren eskaria eskaintza baino handiagoa da. Dena dela, badirudi honek ez duela amaierarik, ez eta inongo ordainik ere. Halako aberastasuna ekartzen omen diguten industrialde berri bakoitzeko, herritarrentzat berdegune berri bat atonduko baligute, edo bide gorri bat, edo parke bat, edo frontoi estali bat, edo edo edo...

Adibide bat jarriko dut. Beharbada ikusiko zenuten Arriaga (San Antolin) auzoko argazki bat non ikusten baita ermita bat. Gaur egun ez da ermitarik, bai ordea, autopistako ordainlekua, irteera, zubitzarra, Azkoitiko bide berria, dozenaka lantegi ibaiaren alde banatan, harrobia garai bateko komentu arrastoen gainean, depuradora etab. Auzoko jaiak ere aparkaleku partikular batean antolatzen dituzte eta bertako tabernaz aparte, ez dut uste biltzeko lekurik dutenik salbu eta taberna ondoko eliza. Ez dute markesina miserablerik ere autobusa (zorterik bada) geratzen den lekuetan (edo polizi kontrolak paratzen dituzten lekuetan).

Hala ere ez dut kexarik somatzen. Edo konformidade handikoak dira edo etsita daude.