Imanol Santos: "New York-eko maratoia, lasterketa bat baino gehiago, esperientzia ahaztezina da"

elgoibarren.net 2008ko aza. 14a, 13:17

 
Elgoibartar mordoa Behobia-Donostiarako prestatzen ari ziren bitartean munduko maratoirik ezagunenean, New York-ekoan parte hartu zuen azaroaren 2an Imanol Santosek (1977). Lesionatu egin zen 30. kilometroan eta tarte dezente oinez egin behar izan zituen txorkatilako mina baretzeko. Hala eta guztiz, hiru ordu eta 11 minutuan amaitu zuen 42 kilometroko ibilbide gorabeheratsua –bere asmoa 2 ordu eta 48 minutuan egitea zen-. Denbora oso ona. New Yorkeko asfalto gainean bizi duen esperientziaren parekoa




  New Yorkeko kaleetan barrena egiten den New Yorkeko maratoia kirol proba baino gehiago dela dio Santosek: “edonori gomendatuko niokeen esperientzia da, denbora kontuan eduki gabe. Denori ezagunak egiten zaizkigun auzoetako: Harlem, Bronx, Queens… bide bazterretan hainbeste gauza ezberdin ikusten dituzu, horrenbeste estimulu heltzen zaizkizu, dena xurgatzeko denborarik ez dizula ematen”.

1706640726669 Imanol Santos: "New York-eko maratoia, lasterketa bat baino gehiago, esperientzia ahaz

 Marka ona egiteko asmoarekin joan zen Imanol Santos New Yorkeko maratoira. “ondo entrenatuta eta azkar antxintxika egitera joan nintzen. Bi ordu eta 48 minutuko denbora egitea zen nire helburua, baina, edozergatik helburu horretara ailegatu ez arren, inportantzia  handiagoa zeukan esperientziak berak lasterketak baino”. Ulertzekoa da pentsamodu hori, munduko maratoirik ezagunena baita New Yorkekoa. Aurten 40.000 lagunek hartu dute parte –gogoratu Behobia-Donostian 14.000 izan zirela-.

1706640726733 Imanol Santos: "New York-eko maratoia, lasterketa bat baino gehiago, esperientzia ahaz

Daukan fama merezitakoa dela frogatu du Santosek. “Ibilbide guztian dago jendea, eta animoak ematen denbora guztian. Antolakuntza ere primerakoa da. Erloju baten antzera funtzionatzen du denak, akatsik gabe”. Hiria eta antolakuntzan diharduten ehunka lagunen inplikazioak harritu du, “imagina ezin ditzakezun detaileak ere zenbateraino zaintzen dituzten ikustea sekulakoa da!”. 42 kilometroko ibilbidean 107 musika banda, raperoak eta gospel taldeak Broklynen, cheerleader edo animatzaileak, edozer aurki daiteke New Yorkeko maratoiaren ibilbidean.

  Dagoen kirol probarik gogorrenetarikoa da maratoia (42 km. Eta 195 metro egin behar dituzte antxintxikariek!), baina, maratoia egin bitartean gozatzeko aukerarik badagoela ziurtatzen du Santosek: “Lehenengo 25 kilometrotan gozatu nuen, eta asko gainera. Maratoi erdian ordubete eta 22 minutuko denbora neraman, baina hortik aurrera oso zaila da norbere buruaren sufrimendutik atera eta inguruan gertatzen denari kasu egitea. Azken hamar kilometrotan, kritikoenak, nahikoa daukazu aurrera begiratzearekin”. Erronkaren zailtasuna gutxi ez eta lesionatu egin zen Santos 30. kilometroan. “Orain dela bi hilabetetik mina nuen txorkatilan eta 21. kilometroan ziztatua nabaritu nuen aldapa bat igotzen ari nintzela. 30. kilometrorako mina jasangaitza zen eta handik aurrera oinez egin nituen zati asko, mina baretzeko modu bakarra baitzen”. Erlojuaz ahaztea erabaki zuen orduan. “Zer demontre! pentsatu nuen. New Yorkeko maratoian nago, lesionatu nintekeen lekurik onenean. Joan nintzenean banekien zer zegoen, baina gauza bat da jakitea eta beste bat bizi izatea. Hainbeste gauza ezberdin, hainbeste estimulo heltzen zaizkizu, ez dizu astirik ematen dena xurgatzeko. Hau edo hori ikusi eta nire buruari esaten nion, ‘hortaz gogoratu behar nauk gero kontatzeko’.

40.000 lagun atera dira aurten.

  New York hiria nola egituratuta dagoen bertatik bertara ikusteko aukera ematen du maratoiak Santosen esanetan, “arraza edo komunitate ezberdinak non eta nola bizi diren ideia bat hartzera ailegatzeko aukera ematen du. Ixiltasuna zegoen toki bakarra Brokynen zegoen, judu ortodoxoen eremuan. Zaratatsuenak, aldiz, mexikarrak bizi ziren auzoguneak ziren".
  Azkenean, gainera, denbora ona eginda ailegatu zen helmugara, 3 ordu eta 11 minutu; 40.000 parte hartzaileetatik 1.900. postuan gutxi gorabehera.
  Duela hiru urte hasi zen Imanol Santos antxintxika egiten. Ordutik hona ia egunero joaten da saltaka egitera, hutsik egin gabe, eta hainbat probatan parte hartzen du. Iaz egin zuen estreinako maratoia, Donostikoa. Bi ordu eta 58 minutuan egin zuen.


Irudi ikusgarria.

  Behin New Yorkera joanda, turismo pixka bat egiteko aprobetxatu zuen bidaia antxintxikari elgoibartarrak eta astebete eman du hiria ezagutzen. “aste potentea izan da; Halloween jaia, presidentziarako hauteskundeak eta maratoia tokatu zaizkigu-eta”. Maratoiaren asteburua hirian jende gehien egoten den asteburua ei da. “Oso zaila izaten da lo egiteko tokia topatzea eta hotelen prezioak ere izugarri garestitzen dira”. Bestalde, New York demokraten eremua dela frogatu ahal izan du “maratoian bertan asko ziren Obamaren irudia zeramaten kamisetak edo bere izena soinean idatzita zeramaten antxintxikari eta ikusleak”.