Ez gatozela tximinotik?!

Elgoibarko Izarra 2008ko aza. 14a, 14:23

Aurreko astean inauterien gainean jardun bagenuen, gaurkoan ugariak eta diferenteak izan dira Xamarrek ekarri dizkigun gaiak. Ea asmatzen dugun denak ondo samar azaltzen.


Santa Agedaren zergatia

garai batean emakumeak bakarrik irteten omen ziren eskean Santa Ageda bezperan.

Santa Agedak oihartzun handia izan du beti euskal kulturan, eta Elgoibarko kasuan, gainera, garrantzia berezia du jai honek. Etxegiñaren taldea 1925. urtetik irteten da eskean, eta Elgoibarko Izarrak ere 1993an berreskuratu zuen otsailaren 4an baserriz baserri kantatzeko ohitura zaharra. Xamarren esanetan, Elizak Santa Ageda jaiaren zergatiak bere ikuspegitik azaldu aurretik ere, bazegoen zerbait gurean. Ez dakigu zergatik egiten zen, baina badakigu Santa Ageda gaua kanpaiak jotzen pasatzen zutela emakumeek. Eta baserritarrak, berriz, adi-adi egoten omen ziren kanpai hotsen oihartzuna nondik zetorren entzuteko. Izan ere, oihartzuna zetorren tokitik, udan ekaitza etorriko zela uste zuten. Gainera, garai batean emakumeak bakarrik irteten omen ziren eskean Santa Ageda bezperan. 

San Joan jaiak: sua eta ura

Bizitzaren bi sinboloak diren ura eta sua Gabonetan eta San Joan jaietan azaltzen zaizkigu.

Eguberriak eta inauteriak ikusi ondoren, San Joan jaiari erreparatuko diogu. Ekainaren 24an da San Joan, eta euskararen kasuan, hilaren izena eta izana bat datoz. Izan ere, ekaina (eki-gaina) eguzkiak altuerarik handiena hartzen duen hilabetea da. Eta San Joan jaia, batez ere,  suagatik bada ere ezaguna, Euskal Herriko San Joanetan bizitzaren bi sinboloek dute presentzia. San Joan gaua suaren inguruan pasa ondoren, eguzkia irten aurretik biluztu eta uretan bainatzeko ohitura zegoen lehen. Eta bainatzeko ohitura leku gehienetan desagertu bada ere, toki batzuetan jendea eguzkiarekin batera oinutsik irteten da belardietako ihintzetan oinak bustitzera. 

Beraz, bizitzaren bi sinboloak diren ura eta sua Gabonetan eta San Joan jaietan azaltzen zaizkigu.

  Zuhaitz onak, itzal ona

Goiuruko haritza.

Sanjoanetako suak eta bainuak atzean laga ondoren, zuhaitzen gainean jardun zigun  Xamarrek. Zuhaitzek pisu berezia izan dute euskal kulturan, eta, batez ere, haritza eta pagoa izan dira bereziak gurean. Ez dugu ahaztu behar, adibidez, herrietako batzarrak edo biltzarrak zuhaitz baten azpian egiten zirela; haritzaren azpian, gehienetan. Baina kristautasuna zabaltzen joan zenean, eliza arkupeetan hasi ziren egiten batzarrak. Gernikako arbola da, dudarik gabe, ezagunena eta zutik segitzen duen bakarra, baina, esan bezala, lehen horrelako zuhaitz asko zeuden. 

Pagoek, berriz, izen propioak ere badituzte, eta istorioren bati lotuta egoten dira gehienetan. Urrutira joan gabe, hor daukagu Atxolin eta Irukurutzeta artean dagoen Pagobedeinkatua, gurutzea alboan duela. Ez dakigu beraren gaineko istoriorik, baina, oraindik ere, maiatzaren lehen domekan meza eta erromeria izaten dira pagoaren inguruan.  

Lizarra, berriz, tximistaren kontra babesteko oso ona zela uste zuten. Hala, mendian isolatuta dauden borda edo txabola asko lizarra artean daude. Eta Xamarrek esan zigunez, baserritarren artean  bazegoen ohitura lizar hostoak txapelaren azpian jarrita ibiltzeko, tximistetatik babesteko. 

Eta tximistak aitatu ditugunez, aizkora eta igitaia ere etxea tximistatik babesteko ziren. Horregatik ikusten ditugu biak, oraindik ere, baserri askotako atarietan, nahiz eta erremintak arriskutsuak izan. Denok dakigun moduan, aizkora originalak (neolitiko garaikoak), harrizkoak ziren, eta polita izan zen Xamarrek honen gainean eman zigun azalpena. Ordukoen ustez, tximistak lurra jotzen zuenean, lurraren barrura pasa eta harri bilakatzen ziren; harri hauek 7 urte behar izaten zituzten lur azalera igotzeko, eta lur azalera bistaratutako harri hauek izaten ziren aizkorak egiteko aprobetxatzen zituztenak. Aizkorak egiteko ez ezik, sua egiteko ere izaten ziren harriok (sukarria: sua egiteko harria). Horregatik, leku batzuetan tximistari tximistarria ere deitzen zaio. Uste hau Europa osoan omen zegoen zabalduta.

  Urtaroak zenbat dira? Eta asteko egunak?   

1706640726129 Ez gatozela tximinotik?!

Ekaitzaren ondoren barealdia datorrela aprobetxatuta, aizkorak gorde eta egutegiari begira jarri ginen. “Zenbat urtaro daude, zuen ustez?”, galdetu zigun Xamarrek. Denoi etorri zitzaizkigun lau urtaroak burura, baina laster esan zigun euskaldunon urtaroak bi zirela. Uda eta negua, hain zuzen ere; udazkena eta udaberria udararen eranskinak baino ez direla. Izan ere, euskal urtaroak artzaintzari lotuta daude, eta artzain munduak bi garai edo urtaro dituenez (negua, ardiak behean dauden garaia, eta uda, ardiak mendira igotzen direnekoa), urtaroak ere bi dira. Lau urtaroen kontua erromatarrekin batera iritsi ziren gurera. 

Hilabeteak, berriz, nekazaritzari lotuta antolatu genituen euskaldunok. Nekazariek lan gehiago zuten, ugariagoa zen lana, eta gehiago zehaztu eta zatitu behar zuten denbora. Gainera, gure hilabeteak klimari ere oso lotuta daude, eta Nafarroako toki hotzetan, adibidez, bi abendu daude. Denak aitatzea luze joko badu ere, esandakoa argitzeko hiruzpalau adibide ikusiko ditugu:

Urtarrila: Urtarrilari ilbeltza edo izotzila ere deitzen zaio; bistan da zergatik.
Maiatza: Loraila edo loreila ere deitzen zaio, maiatza loreen hilabetea delako.
Abuztua: Agorrila ere deitzen zaio, abuztua agorra edo lehorra delako.
Azaroa: Azila edo gorotzila ere deitzen zaio, azaroa delako hazia ereiteko eta simaurra zabaltzeko hilabetea.

Beraz, urtaroak abeltzaintzari eta hilabeteak nekazaritzari lotuta dauzkagu euskaldunok. Hori bai, zergatik aukeratu zituen Euskaltzaindiak latinetik datozen hilabete-izenak gureak hain esanguratsuak eta argiak izanik?

Segidan, asteko egunak idatzi zituen arbelean Xamarrek. Berak esan zigunez, euskaldunon berezko astea hiru egunekoa zen: astelehena, asteartea eta asteazkena, hain zuzen ere. Zelten eraginez bost eguneko astera pasa ginen, eta, azkenik, 7 eguneko astea erromatarren garaikoa da.

  Hartza eta euskaldunok

1706640726167 Ez gatozela tximinotik?!

Bigarren saioan esan genuen erleak sakratuak zirela gure kulturan (eta beste kultura askotan ere bai). Gaurkoan, berriz, euskaldunok zer animaliatik gatozen argitu digu Xamarrek. Orain arte gu ere tximinotik gatozela pentsatu izan badugu, gaurtik aurrera hau ere zalantzan jarri beharko dugu.
Garai batean hartza sarri ibiltzen zen gure mendietan. Baina haren presentzia gutxitzen joan zen neurrian, hartzaren gaineko sinismenak ere desagertzen joan ziren (Zuberoan geratzen dira hartzaren gaineko azken sinismenak, eskualde honetan duela gutxira arte ibili baita hartza). Euskal inauterietan asko azaltzen den animalia da hartza. Baina, hartza, beste animalia batzuk ez bezala, errespetuz tratatzen da eta ez zaio inolako kalterik egiten. Zergatik begirune hau hartzari?  Zaharrek uste zuten gizona hartzetik zetorrela (“gizuna hartzetik fabrikatürik duzü”) eta, gainera, “gizuna beno intelijentago dügü”.  Lehengoen ustez, euskaldunok hartzetik gatoz eta horregatik da animalia sakratua guretzat. Hartza hil aurretik errezo berezia egiten zuten, eta hilez gero, hil zuenak suerte txarra izango zuela uste zuten. Sinismen hau Kanadan ere ikusten omen da. Gainera, Hartzaren khantoria ere bildu zuten Zuberoan, eta kanta honetan zera kontatzen da: hartz batek koska egin omen zion neska bati, eta neska honen mina handitzen joan zen bederatzi hilabetez. Baina bederatzigarren hilabetean, mina desagertu eta fruitu bilakatu zen. Gizakiaren jatorria azaltzeko beste era bat da. Kultura guztiek daukate berea, eta guk ere badaukagu gurea. 

1706640726199 Ez gatozela tximinotik?!

1706640726251 Ez gatozela tximinotik?!

    Animaliekin amaitzeko, akerra aitatu zigun Xamarrek. Zorte ona ematen zuen animalia zen akerra. Eta aker beltza, gainera, beste animaliak babesteko izaten zen. Euskaldunon kasuan beltza kolore ona da, gaztelaniaz ez bezala.

  Lurrak berba egiten du
Zazpigarren saioa amaitzeko, lurrari begira jarri ginen denok. Eta Xamarrek esan zigun moduan, euskaldunok ez gara jabetzen toponimiaren aberastasunaz. Toponimia herri baten kulturan sartzeko klabea da. Izan ere, toki izenek lurralde horretako historia erakusten digute: nolako lekua zen, zer jende bizi zen bertan, zer bilakaera izan duen, ... Toponimiak, normalean, sustrai sakonak ditu eta nekez aldatzen dira izenak. Eta izen hauek dira, hain zuzen ere, sortu ziren garaiko gizartearen ezaugarriak erakusten dizkigutenak.

1706640726288 Ez gatozela tximinotik?!

Datorren astean mitologian sartuko garenez bete-betean, Euskal Herriko toponimian mitologiak izan duen presentzia eta eragina nabarmena dela esan zigun Xamarrek. Mitologiari lotutako toponimia Euskal Herriko herri guztietan omen dago. Mundua esplikatzeko modu bat da mitologia, eta garai bateko gizartea zelakoan zen ikusten saiatuko gara euskal mitologia lagun hartuta. Adibide moduan, eta etxera joan aurretik, duela 40 urte Luzaiden gertatutako istorio bat kontatu zigun Xamarrek. Artzain batek bere ardiak eraman zituen mendira, eta ardiak mendian laga ondoren, etxera bueltatu zen lotara. Hurrengo egunean, ardiak lagatako tokira bueltatu zenean, ardiak ez zeudela lagatako tokian konturatu zen. Artzaina arduratuta hasi zen hara eta hona ardi bila, eta, halako batean, topatu zituen, baina laga zituen tokitik oso aparte. Zelan joan ziren ardiak haraino? Zergatik alde egin zuten? Buruari hamaika buelta eman ondoren, gau hartan ekaitza izan zela gogoratu zen, eta artzaina lasai geratu zen, bazekielako Basajaun izan zela ardiak mugitu zituena ekaitzetik babesteko.