Musika eta dokumentala eskutik datoz Sotoko Hotsak ekimenean

elgoibarren.net 2008ko aza. 19a, 10:59

 
Aurten ere musika berezia gerturatuko du Sinuosek antolatutako Sotoko Hotsak ekimenak jendartera. Eguenean (azaroak 20) eta barixakuan (azaroak 21) kontzertu bi eskainiko ditu Kultur Etxeko Sotoan eta azaroaren 27an filma dokumental bat Herriko Antzokian. Ekitaldi guztiak 22:00etan hasiko dira eta hiru euroko sarrera kobratuko dute.




Don Jaime eta Ibon Rg & Maite Arroitajauregi

  Lehenengo kontzertuan bi taldek jardungo dute azaroaren 20an: Don Jaime, el exotico ciudadano eta Ibon Rg & Maite Arroitajauregi.
  • Don Jaime, el exotico ciudadano Elgoibarko arroka sendo eta zaratatsua da, Elgoibarko bi lagunek osatutakoa; “inprobisaziotik abiatu eta noraezera ailegatu arte”.
  • Ibon Rg & Maite Arroitajauregi bikotea minimalismo eta inprobisazioaren uretan igerian dabil. Maite Arroitajauregi (Eibar, 1977) cello-jotzailea, azken urteetan hainbat proiektutan murgilduta egon da (Anari, Lisabo, dantza, zinema...). Ibon Rodriguezek (Sestao, 1978) bandoneoia jotzen du proiektu honetan, baina Eten-en, Le Noise-n eta bakarka ere aritu izan da (www.ibonrg.net).
 
Gora Japon

Ezkerrean 'Gora Japon'. Eskuman Llorenç Barber, Sonar Ciudades' dokumentaleko protaginista.

  Barixakuan, azaroaren 21ean, Bilboko bikote basiko baten kontzertua izango da: Gora Japon (www.myspace.com/gorajapon), Mirian (ahotsa eta perkusioak) eta Jonek (gitarra eta ahotsa) osatutakoa. Rock-a eta inprobisazioa uztartu eta lantzen dituzte. Lehen kontzertua Eugene Chadbournerekin eman zuten (MEM jaialdian, 2005). Hortik aurrera hainbat lekutan izan dira: besteak beste, Jazzaluz jaialdian (Luz Saint Sauver-en, Frantzia. 2006-Vll-8), Artelekun (Donostia, 2006), Zarata jazz tabernan (Santutxu, 2006), Musikadero lehiaketan (Zalla, 2006) edo Villa de Bilbao pop rock lehiaketan (Bilbo, 2007).

Sonar Ciudades dokumentala
  Hilaren 27an, Sonar Ciudades dokumentala emango dute Herriko Antzokian, Llorenç Barber musikariari buruz, Xavier Iriondok eta Fernando Agirrek sortutakoa. Berako Ertz jaialdiaren aurreko eta bitarteko egunetan errodatu zen, Valentziako konposatzaileak bertako musikari batzuekin kontzertua eman zuenekoan. Dokumentala Madrilgo Escena Contemporanea jaialdian aurkeztuko dute