Mendiko bizikleta zaleek aukera izango dute Euskalte-Euskadi taldeko txirrindulari profesionalak diren Markel Iriziar, Aitor Galdos eta Samuel Sánchez, txapeldun olinpikoaren parez-pare pedalei eragiteko. Haisera batean, ekimena azaroaren 8an burutzekoa zen, baina txapeldun olinpikoari azken orduko konpromiso profesional bat suertatu zaio eta irteera bi aste atzeratuko da. Euria egingo balu Ikastolako frontoira eramango da antolaketa guztia eta bertan Bizikleten Ginkana bat antolatuko da.
Ekimen hau Debegesa bailarako merkataritza agentziak, eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatu dute, Debabarreneko BTT zentro berria bultzatzeko asmotan.
Hil honen 23rako antolatu duten bizikleta ibilaldia erraza da. 7 kilometroko luzera du, eta familia osoak batera egiteko modukoa da. Hori bai, antolatzaileek emandako aholkuaren arabera, komenigarria da 10 urtetik beherakoek heldu baten laguntza izatea.
Ibilaldia dohainik izango da, eta bertan, zaletu guztiek, bailarakoek zein bailaraz kanpokoek, parte hartu ahal izango dute. Interesatuek ez dute aldez aurretik izena eman beharko. Nahikoa izango da 10:30erako Elgoibarren, Mintxetako kirol instalazioetan, egotea.
• Autografoak eta ekipamenduen zozketak
Iganderako antolatutako ekitaldiak 11:00ean hasiko dira. Ordu horretan, elastikoak eta beranduago egingo den zozketan parte hartzeko zenbakiak banatuko dira. Bertara bizikletekin azaltzen diren haur eta gazteek kamiseta bat jasoko dute oroigarri moduan.
Bizikleta ibilaldia 11:30etan hasiko da, eta ordubete beranduago bukatuko da, Mintxetan egingo den mokadutxoarekin. Bertan, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek autografoak sinatuko dituzte, eta beraien taldeko ekipamenduak zozketatuko dituzte.
Bestalde, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak gogorarazi nahi du Mintxetako BTT harrera-gunean bizikletak alokatzeko aukera dagoela (17 bizikleta daude helduentzat, eta 7, umeentzat).
Bi orduko alokairuaren prezioa 3 € da, eta egun osoko alokairuarena, berriz, 5 €.