Sorginak, sutara!

Elgoibarko Izarra 2008ko aza. 21a, 13:05

Aurreko astean, besteak beste, euskaldunok hartzetik gatozela esan bazigun Xamarrek, aste honetan sorginen eta pertsonaia mitologikoen artean mugitu gara batera eta bestera.

  Sorginak eta belagileak

Sorgina erromatar mitologiatik euskal mitologiara pasatako pertsonaia da.

Sorginen fenomenoa konplexua dela esan zigun Xamarrek. Sorgina erromatar mitologiatik euskal mitologiara pasatako pertsonaia da, hitzaren erroak erakusten duen moduan: sor- egin (sors: zorte latinez ). Beraz, sorgina sortilejioak egiten dituena izango litzateke. Baina Zuberoan sorginari belagile deitzen zaio (belar egilea). Izan ere, garai hartan, belargileak jainkoen parean zeuden, belarrekin pertsonak sendatzeko gaitasuna zutelako. Baina, pertsonak sendatzeko gauza denak, ez al du kalte ere egiteko gaitasunik izango? Belagileekin edo sorginekin kontuz ibili behar zela pentsatzen zuten, eta azalpen argirik ez zuten gauzen atzean sorginen eskuak ikusten zituzten.  
Orain arte sorginak beti emakumezkoak imajinatu baditugu ere, sorgin hitzak sexu markarik ez daukala esan zigun Xamarrek. Sorgina emakumea edo gizona izan zitekeen. 

  Sorgin ehiza hasten da!

Akelarrea.

  Gure artean, behar bada, Zugarramurdiko sorginen kasua izan da orain arte ezagunena. 1610. urtean 300 pertsona sorginkeriekin lotuta harrapatu zituzten Nafarroako herrian;  susmagarrienak Logroñora eraman zituzten eta, epaiketaren ondoren, 18 aske geratu ziren, beren “errua” onartu ondoren. Salaketa onartu ez zuten zazpi lagunak, berriz, erre egin zituzten, eta beste batzuk torturaren ondorioz hil ziren. Baina Zugarramurdikoa ez zen ezer ere izan benetan gertatu zenarekin konparatzen badugu. Izan ere, sorginen kontrako ehiza basatia Gaztelak Nafarroa konkistatu ondoren hasi zen (1512-1530). Eta honen bultzatzaile nagusia, gainera, botere zibila izan zen (eta ez Inkisizioa); izan ere, ehiza honen benetako helburua konkista ondorengo matxinaden kontra egitea eta herritarrak kontrolatzea zen. Konkistatzaileen gustukoak ez ziren guztiei sorginkeria leporatzen zieten, eta, hartara, bidea libre zuten haiekin nahi zutena egiteko. Prozesurik lazgarrienak Pirinioetan eman ziren eta, adibidez, 1525ean 80 sorgin erre zituzten arratsalde batean. Lapurdin, berriz, 700 sorgin erre zituzten 1609an, bizpahiru apaiz tartean, eta kasu honetan ere arrazoiak politikoak izan ziren. Itsasoan zeuden gizonezkoak matxinatu egin ziren lurrera bueltatu zirenean, eta orduan amaitu zen sarraskia.   

1706640696659 Sorginak, sutara!

  Prozesu hauen atzean, gainera, interes ekonomikoak ere bazeuden. Sorginei dirua eta etxea kentzen zieten, gero soldaduen artean banatzeko. Xamarrek esan zigunez, elizak eta botere zibilak borroka bat baino gehiago izan zuten sorginen kontrako prozesuak zeinen arduran geratuko ziren erabakitzeko; bistan da diru eta interes handiak zeudela kontu honen atzean.

  Beraz, Xamarrek argi laga zigun Euskal Herrian eman ziren sorginen kontrako prozesuak arrazoi politikoek eragindakoak izan zirela. Gerora ere izan ziren sorgina izatearen akusazioak, baina XVI. eta XVII. mendearen hasieran izan zen jazarpenik handiena.

  Eta, zer dakigu akelarreen gainean? Xamarren esanetan, ez dago ezer ere frogatuta akelarreen gainean. Toti Martinez de Lezearen liburuetan azaltzen dira akelarreak, baina Xamarren ustez ez dago ezer segururik. Izena, berriz, Zugarramurdiko larre baten izena da akelarre. Sorginak larre horren inguruan biltzen zirela uste da, eta horregatik deitzen zaie akelarre sorginen bilkurei.   

  Mari eta bere lagunak

Mari ama lurra da euskaldunontzat, eta bere alabak dira ilargia eta eguzkia.

  Sorginak sorginkeriatan laga ondoren, mitologiako ateak zabaldu zituen Xamarrek. Baina  barrura sartu aurretik berriz ere gogorarazi zigun mitologia herri batek mundua azaltzeko duen modua dela. Mitologiaren bidez gauza guztiek daukate azalpena edo zergatia; bai naturak sortutakoak eta baita gizakiak egindakoak ere. Horregatik dago euskal mitologia pertsonaiez beteta. Eguna eguzkiak argitutako gizakiarentzat bazen, pertsonai mitologikoak lur azpian bizi ziren, ilunpean, eta gauez bakarrik irteten ziren haitzulo, iturri eta bestelako zirrikituetatik. Eguna egunezkoarentzat eta gaua gauezkoarentzat zioen orduko esaera batek, eta honek orduko gizakiak gauari zion beldurra erakusten digu. Horregatik ikusten dira, oraindik ere, baserrietako atarietan eguzki loreak (euskaldunon eguzki partikularra), pertsonai txarrak uxatzeko. Gaueko pertsonai mitologikoa ere hor daukagu, gauean etxetik irteten zirenak berarekin eramateko.

Anbotoko damaren kobazuloko leihoa Anbotoko erraietatik begiratuta.

  Baina gure pertsonai mitologikoen artean, behar bada, Mari da ezagunena. Mari ama lurra da euskaldunontzat, eta bere alabak dira ilargia eta eguzkia. Izaki mitologiko guztien nagusi edo amatzat ere badaukate leku askotan, eta dama deitzen diote. Mari ere lur azpian bizi da, baina lur azalarekin kontaktu zuzenean dago leize eta kobazuloen bitartez (hor daukagu Anbotoko damaren kobazulo ezaguna, adibidez, baina ez da bakarra). Emakume eder baten itxuraz azaltzen da normalean, baina batzuetan animalia itxura ere hartzen du: zaldia, belea, ... Beste batzuetan, berriz, suaren edo haizearen forma hartzen du, eta ahalmen handiak ditu; ekaitzak, adibidez, Marik sortutakoak omen dira. Gure aurrekoek Mariri luzatzen zizkioten ekaitzen kontrako eskariak. Gainera, Mari oso lurtarra zen, lur azpian bizi arren. Ez zuen batere arazorik jendearekin aurrez aurre egoteko, eta jende asko joaten zen berarengana aholku eta laguntza eske. Hori bai, Mari oso zorrotza zen eta bere legeak zituen; ez zituen onartzen gezurrak, lapurretak, harrokeria edo emandako hitza ez betetzea. Mari, azken finean, etika zen.

1706640696765 Sorginak, sutara!

 
  Beste izaki mitologiko bat Basajauna da. Oihanetan bizi da, iletsua, handia eta indartsua da, eta gizaki itxura dauka. Baina izaerari dagokionez, modu diferenteetan azaltzen zaigu. Zuberoan, adibidez, gaiztoa da, baina, normalean, artaldeen babeslea da. Ekaitza hurbiltzen denean oihu egiten du artzainek ardiak bil ditzaten. Basoaren pertsonifikazioa da Basajauna, eta Europa osoan zabaldutako pertsonaia da.


1706640696795 Sorginak, sutara!

  Basotik irten eta lamien bila abantatu ginen. Lamiek emakume itxura dute, nahiz eta batzuetan oinak oiloarenak edo ahuntzarenak izan. Kostaldean, berriz, gorputz erdia, behekoa, arrainarena bezalakoa daukate. Lamiek gizakiaren laguntza eskatzen dute batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, lamiak dira gizakiari laguntzen dietenak. Lamiei, batez ere, eraikuntzak egitea leporatzen diete: zubiak, trikuharriak, etxeak, elizak edo gazteluak.

  Pertsonai mitologiko hauek ez ziren sortu haurrei gauez ipuinak kontatzeko. Hori baino zerbait sakonagoa da. Askotan esan dugun moduan, herriak zituen galderei erantzuteko ziren; bizitzari buruzko interpretazio bat da, eta jendeak sinistu egiten zuen.

  Begizkoaren beldurra

Begizkoa pertsona batzuek begien bitartez indar gaiztoa zabaltzeko zuten gaitasuna zen.

  Amaitzeko, begizkoen gainean jardun genuen. Begizkoa pertsona batzuek begien bitartez indar gaiztoa zabaltzeko zuten gaitasuna zen. Normalean sorginen ahalmena zen, baina gerta zitekeen beste batzuek ere ahalmen bera izatea. Honen harira istorio bitxi bat kontatu zigun Xamarrek. Gizon batek dezente galdu omen zuen jokoan Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta zorrei aurre egiteko, etxeko txerria saldu zuen. Baina emazteak etxeko txerria falta zela ikusi zuenean, begikoa edo madarikazioa bota zion txerria harrapatu zuenari. Handik gutxira, senarra hil zitzaion. Emakume koitadua, txerririk eta gizonik gabe geratu zen.