Uxue Alberdi: “Noiz hasten gara altzari bihurtzen”

elgoibarren.net 2008ko aza. 25a, 12:48

Altzari bihurtu diren emakumeez, gizon ehiztariez, eta ixa-ixa iristen diren gixon eta emaxteez gogoeta egin du Uxue Alberdik Gara egunkarian argitaratu duen “Ixa-ixa” izeneko artikuluan. Besteak beste honakoak esaten ditu Alberdik: “Duela denbora batetik hona, ez ditut mutil eta gizon ehiztariak jasaten, esaten dutenak: «Hori nirea izango da». Ba, bai, nahiago ditut gizajoak, gixajoak, gizaixoak... gixonak. Askozaz errespetu handiagoa sortzen dute nigan begiradarekin zu nirea izango zara dioten kakati horiek baino”.
Ildo beretik, duela aste batzuk ere beste artikulu bat idatzi zuen, Berria egunkarian honakoa, kazetari eta idazle elgoibartarrak: “Zu emakumea zara”.


  Ixa-ixa

1706640693496 Uxue Alberdi: “Noiz hasten gara altzari bihurtzen”

  Gizonezkoei berenak garela sartzen zaie kaskoan, begiz jotzen gaituzten unetik nik uste, neska hori nirea izango duk erabakitzen dutenean ez dute etsitzen pieza ehizatu arte, hori da hitza, ehizatu, eta senarrak jipoitzen ninduenean, ez nintzen pieza ere, altzari bat baino gutxiago nintzen, ez nintzen ezertarako ezer, berorrek inoiz izan du altzari bati joka eta ukabilka hasi den gizonezkoren baten berririk?, ez noski, nola ba, baina kontua da senarrak jotzen ez ninduenean ere altzari bat baino gutxiago nintzela, altzari bati ez diozu mespretxuz begiratzen, destainaz hitz egiten, nazkaz entzuten, altzari bati zapia pasatzen diozu hautsa kentzeko, olioa ematen diozu aldian behin, edo pipien kontrako botika, baina ezta hori ere, senarrak ez zidan altzari bati eman ohi zaion tratua ere opa, eta nik diodana, zerk egin nau logelako mahaitxoa baino ezgauzago, berorrek badu horren erantzunik?...

   Andu Lertxundiren hitzak dira, bere hurrengo eleberriko pasarte bat, azaroaren 18ko «Berria» egunkarian kaleratu zena . Nik lantokiko apalategiari begiratu nion Arantxa Iturbek irratiz hitzok errepikatzen zituen bitartean, logelako armairuari eta mahaitxoari, besaulkiari, arasari, egurrezko kutxa handiari. Eta galdera bat hasi zitzaidan buruan jiraka: noiz hasten gara altzari bihurtzen?

   Alde batetik, mesede ederra litzateke «Metamorfosia» liburuan Gregor Samsari bezala gertatuko balitzaigu: egun batean, goizean goiz esnatzean, gure gorputzaren ordez armairu bat edo mesanotxe bat aurkituko bagenu ohean etzanda. Besoen partez egurrezko atetxoak, sabelean tiraderak, zangoetan aluminiozko hankak. Horrela, ez ginateke harrituko norbaitek hartu, bere etxera eraman eta azala nahi duen kolorez margotzen digunean. Eta jendeak ere segituan esango liguke atzamarrez seinalatuz: ene! Armairu bihurtu zara! Eta gu beldurtu egingo ginateke, eta ohartuko ginateke zerbait larria ari zaigula gertatzen. Horren partez, lasai-lasai gabiltza kalean, zapatiletan sartuta giza-oinak dauzkagulakoan.

   Duela denbora batetik hona, ez ditut mutil eta gizon ehiztariak jasaten, esaten dutenak: «Hori nirea izango da». Gorroto ditut, «kaña ematen didaten mutilak gustatzen zaizkit» bezalako esaldiak. Ez, barkatu: ez du morborik ematen. Altzari bihurtzen gaituzte. Ez ditut tabernan paretaren kontra jarri eta eskua sorbaldaren gainetik pasatzen didaten mutilak agoantatzen, «gustatuko zaizu» aurpegia jartzen duten horiek. Ez, barkatu, zuk ez duzu asmatuko altzari honek zer berniz mota nahi duen. Ez dut zure ziurtasunik nahi, babesik, erabakitzeko gaitasunik, indarrik, potrorik, iniziatibarik, puntu eta apartez amaitzen den esaldirik ere ez.

   Ba, bai, nahiago ditut gizajoak, gixajoak, gizaixoak... gixonak. Askozaz errespetu handiagoa sortzen dute nigan begiradarekin zu nirea izango zara dioten kakati horiek baino. Beren beldurrak boterearekin estaltzen saiatzen diren ahots ozeneko giZon horiek baino. Eta ez naiz emazteak jotzen dituzten gizonez ari. Ez horiei buruz bakarrik. Izen ugari bururatzen zaizkit, lagun deitzen ditudanak, asko. Zuk ere ezagutzen dituzu, agian haietako bat zara, eta, akaso, feminismoaren alde zaudela egingo duzu aldarri.

   Baina nik ere, nire burua feministatzat eta borrokalaritzat izan arren, jaitsi izan dut ahotsa gizon ziurren baieztapenen aurrean; eman diet arrazoia; egin diet barre haien grazia matxistei; jo dut larrua mutil batek niganako sentitutako desioari uko egiten jakin ez dudalako. Bai, egia esan, Ikean baino altzari gehiago ikusten dut inguruan.

  Baina pipiak jan ostean ohartu naizen arren, orain lasai diot: Uxuek gixonak eta emaxteak nahiago. Gauza guztietara ixa-ixa iristen diren horiek, Elgoibarren esango genukeen bezala.

Uxue Alberdi, 2008ko Azaroaren 21a
  • Testua jatorrizko lekuan: Gara

  Zu emakumea zara

1706640693536 Uxue Alberdi: “Noiz hasten gara altzari bihurtzen”

  Ez ikastolara bata arroxarekin bidaltzen nindutenean; ez amonak «señoritak ez du horrela hitz egin behar» esaten zidanean; ez besapeak depilatzeko beharra sentitu nuenean; ez kuleroetan odol orban bat aurkitu nuenean; ez mutil bat lehenbizikoz gainean jarri zitzaidanean... Ez. Orduan oraindik ez nekien emakumea nintzenik. Orduan oraindik ez nintzen feminista. Orduan oraindik eroso esertzen nintzen munduan niretzat erreserbaturik zegoen aulkian.

   Bertsoak lagundu dit munduan deseroso sentitzen. «Bitxia da, eta kilikagarria ere bai, berrogei urte dituzula, tupustean, begietan min egiten dizun eta ordura arte ikusi ere egiten ez zenuen munduaren alderdi bat aurkitzea», idatzi zuen Beauvoirrek. Nik ere tupustean aurkitu dut geografia ezezagun hori.

   Puntuei erantzuteko ariketak erakutsi dit ez nautela hezi gauzak pentsatu gabe esateko. Sufritu egiten dut, pentsatzeko bi segundo baino ez ditudala, inork jarritako gaiari erantzuten: nola esango dut uste ez dudan zerbait? Eta gaizki ulertzen bazait? Eta ridikuluan geratzen banaiz? Ikastolan erantzuna ondo nekienean bakarrik altxatzen nuen eskua.

   Bertso saioak hasteko garaian ikasi dut ez nautela hezi iniziatiba hartzeko: nahiago bestea hasten bada, nik segiko diot atzetik. Marka dezala besteak bidea; ni moldatuko naiz, sartuko naiz arrastoan.

   Agurrek erakutsi didate ez nautela hezi etxetik makillatu gabe irteteko: urduri jartzen naiz saio baten aurretik agurrik ez badaukat. Aurrez pentsatuta behar dut. Etxean erabaki behar dut zer aurpegi erakutsiko diodan publikoari, zein den egun horretan eman nahi dudan irudia, zein den utzi nahi dudan aurreneko inpresioa...

   Tabladura igotzeko garaian konturatu naiz ez nautela hezi babesik gabe ibiltzeko: sei bertsolari bagara nekez irtengo naiz lehenengo edo azkenengo. Erdian nahiago, aurretik eta atzetik babestuta.

   Kantulaguna hautatzean ohartu naiz, ez nautela hezi ahots autoritarioa izateko. Baserri-auzo hartako bertso-afarirako zergatik deitu nion halako mutili? Eta antzerki-talde hark antolatu zuen saiorako zergatik halako neskari? Zergatik dut batzuetan alboan ahots ar baten beharra?

   Zergatik sentitu naiz deseroso albokoarekin teman hasita? Zergatik erosoago antzokian frontoian baino? Zergatik abesten dut gero eta baxuago? Zergatik gustatzen zaizkit gustatzen zaizkidan doinuak? Zergatik izaten dut batzuetan taburete batean eseri, soineko bat jantzi eta hankak gurutzatuta kantatzeko gogoa?

   Mikrofonoaren aurrean jartzea «ni hemen nago» esatea da, eta «ni hemen nago» esateak «ni» nor den jartzen du begien aurrean. Ni emakumea naiz, tabladuan eta tabladutik kanpo. Eta nire buruaren bila nabil, tabladuan eta tabladutik kanpo.

Uxue Alberdi – Bertsolaria