Gaia Jarrita

Asier Etxaniz 2008ko aza. 26a, 22:41

Elgoibarko Izarra euskaltzaleon bilgunea al da? Galdera honi erantzuteko eskatu didate. Erantzuna bistakoa, ez, ni neu “euskalzale” bai baina sozio ez naizen partetik. Galdetzea ere!

Etxean, sendian, lagunartean edo lanean ezagutzen ditut sozioak, baina haiengan ere ez dut ikusten balizko bilgune horretara biltzeko joera handirik, ez eta urtean behin egin ohi duten batzarrera ere, zeina 600 sozioko elkartea izanik, kultur etxean sobera kabitzen den; gehienez ere kuota ordaintzerakoan akordatzen dira.

Zeintzuren bilgune izan nahi luke ordea? Euskaltzaleena? Zehaztu beharko dugu hitza bera, formulazioaren arabera 100, 2000 edo 10000 izan baikaitezke “euskaltzaleak” Elgoibarren. Zehaztu baita ere elkartearen zeregina zein den, sozioak zertarako behar dituen, gero eta gehiago ONG azpikontratatuaren itxura hartzen ari denean.

Nire iritzia eskatu zidatenean, sozio berriak lortzeko kanpaina bukatu berri zela jakinarazi zidaten. Saiatu naiz kanpaina horretan zer esaten zen bilatzen, arrazoiren bat ahazten ote zitzaidan beldurrez. Honakoa jartzen zuen topatu dudan afixak:

Jarri nahi al duzu zure erretratua? Elkartea sortu eta bi urtera 1400 bazkide bildu ziren. Elgoibartarron euskaldun izateko nahiak eragindako erantzun kolektiboa izan zen. 60.hamarkadan egin zuten moduan, bazkide izateko gonbitea luzatu nahi dizuegu”.
Klik haundi ikusteko



Ez da arrazoi bat bera ere ematen, salbu eta nostalgia moduko bat.

Elgoibarko Izarrak historia luzea eta bizia du, baina gaur egun inoren bilgune izatekotan, sos batzuen truke agenda eta kontzientzia garbi nahi dutenen sozioena litzateke, Udala duelarik sozio eta bezero nagusi.


Izarren Hautsan argitaratua