Bide Gorria egiteko lanak Murias enpresari esleitu dizkio Diputazioak

elgoibarren.net 2008ko aza. 27a, 11:42

2006ko azaroan eman zuen estreinakoz elgoiBARREN.net orainkariak Andikano eta Maltzaga artean bide gorria egiteko asmoaren berri: 2007a amaitu baino lehen hasiko zirela lanak aurreikusi eta jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2007. urteko ondarrean, baina, bide gorria egiteko lanak atzeratu egin zirela zabaldu zen; 2008ko apirilera arte, hain zuzen ere.
Azken berrien arabera, 2008an ere ezin izango dira lanean hasi. Foru Aldundiak Murias enpresari esleitu dizkio bidea egiteko lanak eta hasierako aurreikuspenen arabera, 2009ko martxoaren erdi aldera ekingo diete lanei.


 Kostua eta epeak: Jarduera honek 1.257.000 euroko kostua izango du eta obrak hasi ostean, enpresa esleipendunak, Muriasek, 4 hilabeteko epea izango du bere zeregina burutzeko.

 Bide gorria Deba ibaiaren parean joango da, gaur egun dagoen bidetik zehar.

  Ezaugarriak: Elgoibarko estreinako bide gorriak 2,6 kilometroko luzera izango du, eta  Deba ibaian egin diren saneamendu lanen ondorioz sortu den plataformaren gainean kokatuko da. Hain zuzen ere, txirrindularientzako eta oinezkoentzako bide hau Xixilion kalea (Sigmako industrialdea) eta Azkue (San Roke) auzoa lotzen dituen Errotaberri zubitik abiatuko da, eta Andikano baserrirako bidean barrena jarraituko du. Hortik aurrera, bide gorria ibaiaren parean joango da, gaur egun dagoen bidetik zehar.Bidegorriaren zabalera, berriz, 3,5 metrokoa izango da, eta “hainbat tokitan estutu egingo da”.

  Exekuzio proiektu honen baitan, “asfaltozko aglomeratu beltza jarriko da lurzoruan", eta Elgoibarko hirigunearen eta Andikano baserriaren artean dauden kale-argiak ere berrituko dira.

Lotura duten albisteak: