'Elgoibar Koloretan' mahai-jokoa aurkeztu du Elgoibarko Izarrak

elgoibarren.net 2008ko aza. 28a, 13:25

 
Musika Eskolako auditorioan egin zuten atzo (azaroak 27) Elgoibar Koloretan mahai-jokoaren aurkezpena. Gure herria hobeto ezagutzeko helburuarekin prestatu du mahai-jokoa Elgoibarko Izarrak, eta baita ere, lagun artean edo familia giroan ondo pasatzeko. Mahai-jokoa salgai dago joan zen astetik.

 
 Ia urtebeteko lanaren ondoren, atzo aurkeztu zuen Elgoibarko Izarrak Elgoibar Koloretan mahai-jokoa. Elkarteko kideez gain, Udaleko ordezkariak, proiektuaren babesleak eta hainbat herritar izan ziren ekitaldian. Ander Soraluze Elgoibarko Izarrako lehendakariak eskerrak eman zizkien mahai-jokoa prestatzen jardun duten lagun guztiei, eta baita ere, proiektuaren finantzaketan lagundu dutenei. Imanol Larrañaga Elgoibarko Izarrako dinamizatzaileak nola jolasten den azaldu zien bertaratutakoei.

Jokoaren egileak eta babesleak.

Musika Eskolan egin zuten aurkezpeneko une bat.

 
  Mahai-jokoa erosteko
 Elgoibar Koloretan joan zen astean jarri zen salgai, eta lau lekutan erosi daiteke: Elkarteko bazkideek BARRENen edo Elgoibarko Izarran eskuratu dezakete jolasa 26 euroren truke, eta gainontzekoek Pitxintxun edo Ize liburudendan ere erosi dezakete 32 eurotan. Bihar (azaroak 29) hileko azken zapatuko feria eta Magosto eguna izango direla probestuz, kalera ere aterako dira Izarrako kideak mahai jokoa saltzera. Nafarroa plazan aurkituko dituzue.