Eta azken aurreko saioa emakumeak euskal gizartean izan duen pisua eta eragina nabarmentzeko aprobetxatu zuen Xamarrek. Baina gaian bete-betean sartu aurretik, lehendik aztertutako gaien inguruko bi detaile aitatu zizkigun. Batetik, Zuberoan zapatuari neska-eguna deitzen diotela esan zigun. Hori bai, ez zigun zergatia azaldu. Eta, bestetik, pertsonai mitologikoen artean, Sugar aurkeztu zigun. Sugar kometa da, suzko bola, eta Mariren senar modura ere aurkezten da. Mari eta Sugar senar-emazteek bat egiten zutenean sortzen omen zen ekaitza (hau gaur egun ere gertatzen da, ezta?).
Sugar eta Mariren ekaitzak baretu ondoren itxi genituen euskal mitologiako ateak. Xamarrek esan zigun moduan, lehen izena zuen guztia omen zen. Orain, berriz, telebistan azaltzen den guztia da. Askotan esan dugu mitologia herri batek mundua ulertzeko modua dela, eta euskaldunok gurea izan genuen; eta sinistu egiten genuen, gainera. Orain telebistan azaltzen diren mitoetan sinisten dugu.
Serorak
Euskal mitologia nagusiki femeninoa dela azpimarratu zigun Xamarrek, eta, bere ustez, hau ez da kasualitatea. Euskal gizartearen isla da. Eta horren erakusgarri izan zen seroraren figura. Serora, egungo begiekin begiratuta, elizako lanak egiten dituen emakumea da; eliza garbitu eta apaizari laguntzen diona. Baina hau gaur egun geratu zaiguna baino ez da. Izan ere, serorek hori baino funtzio garrantzitsuagoa izan zuten Euskal Herrian. Serora herriak aukeratzen zuen (neska edo alarguna izaten zen, normalean) eta elizako kontu asko bere arduran egoten ziren. Besteak beste, eliza barruan bakoitza non jarri behar zen erabakitzen zuen. Eta hilerriak antolatzeko ardura ere berea izaten zen. Garai batean, gainera, herriko haur guztien izenak ere serorak aukeratzen zituen, nahiz eta gurasoei izena gustatu ez. Duela 40 urte Aramaion serorak aukeratzen zituen umeen izen batzuk; beraz, ez da aspaldiko kontua.
Serorek ez zuen tokirik eliza katolikoan, eta mendeetan zehar hamaika ahalegin egin zen seroraren figurarekin amaitzeko. Baina ez zuten lortu, eta Italiako eliza gure artean zabaldu arren, gure elizan emakumea izan genuen aurre-aurrean. Serora euskal apaiz femeninoa zen, eta bera zen herriko emakumeen erreferentzia. Lapurdiko Sara herriko elizan, adibidez, seroraren hilobia Axular idazlearen parean dago, herriko aberats eta jauntxo guztien aurretik.
Galdetu amari
Beste toki batzuetan ere izan ziren seroren antzerako figurak, baina desagertu egin ziren denean. Euskal Herrian bakarrik iraun zuten serorek, eta, Xamarren esanetan, hau ez da kasualitatea. Berriz ere, euskal gizartean emakumeak izan duen pisua erakusten digu honek. Euskal kultura tradizionalean emakumearen eta gizonaren artean dagoen parekotasuna harrigarria dela azpimarratu zigun. Bere esanetan, euskal gizartean amaren pisua handia izan da (handiegia ere bai, kasu askotan); erabakia amarena izan da. Euskal emakumeari inguruko herrietako emakumeei ikusten ez zitzaien indarra eta eragina ikusten dio Xamarrek.
Nahi al don?
Esaten dihardugunaren adierazgarri da, baita ere, euskaldunok berba egiteko daukagun hika sistema (edo hitanoa). Euskaldunon artean hika berba egiten genuen zuka hitz egiten hasi baino lehenago. Eta garai batean hika egitea gaizki ikusita egon bazen ere (zatarra eta txakurrei hitz egiteko modua zela esaten zen), Joanes Leizarragak Gure Aita errezoan hika egiten dio Jaungoikoari. Honek, besteak beste, gurasoei edo nagusiei hika ez egiteko ohitura gaztelaniatik hartutakoa dela erakusten digu, Xamarren ustez. Hika sisteman, gainera, generoa beti markatu eta bereiztu egiten da (nahi dok?/nahi don?) eta beste hizkuntzetan ez da horrelakorik ematen (gaztelaniaz, adibidez, ¿quieres? galdatzen zaie bai gizonezkoei eta baita emakumezkoei ere). Hau ere ez da kasualitatea. Xamarrek hizkuntza gizarte sistemaren aurretik ikusten du.
Segidan, emakumeek euskal gizartean zuten pisua erakusten zuten pare bat istorio kontatu zizkigun, baina gogorrak ziren eta ez zigun idatziz jasotzeko baimenik eman.
Kaiolarra
Amaitzeko, Pirinioen gainetik salto egin eta Zuberoako artzainen artera joan ginen, hauek zuten lan-sistema ezagutzeko. Arbelik gabe esplikatzea erreza ez bada ere, saiatuko gara ahal dugun txukunen azaltzen.
Kaiolarra ardiak zaindu eta artzain lanak egiteko metodoa da. Jo dezagun 20 etxetako artzainak elkartzen direla eta denen arteko lan-metodologia zehazten dutela. Izan ere, 20 etxetako ardiak zaintzeko ez daukate 20 artzainak mendira igo beharrik. Sei artzainekin nahikoa da. Beraz, sei artzain dira mendian ardiekin egongo direnak, eta egunero-egunero artzain bati emango zaio erreleboa. Egunero artzain berri bat igotzen da mendira, eta hau igotzean lehendik zegoen bat jaisten da. Beraz, artzain bakoitzak sei egun ematen zituen lanean eta zazpigarren egunean etxera bajatzen zen. Lan-sistema honi aldizka sistema deitzen zaio.
Eta sistema zein zen ikusi ondoren, lan egun bakoitzak bere izena zuela esan zuen Xamarrek. Ikus ditzagun:
1.egunari: neskatoa
2.egunari: arkume mutil
3.egunari: arkume nagusi
4.egunari: ardi mutil
5.egunari: ardi nagusi
6.egunari: etxeko anderea
Sistema oso-oso berezia da. Izan ere, hiru egunetan (1, 2 eta 4. egunetan) beste baten aginduetara lan egiten zuen artzainak, baina 3, 5 eta 6. egunetan artzain horrek agindu egin behar zion beste artzain bati. Xamarren hitzetan, “aldizka metodoa izugarria da: gaur agindu egiten duzu, baina bihar beste baten aginduak bete behar dituzu”. Metodo honekin 15 urteko artzain hasiberriak 65 urteko artzain beteranoari agintzen zion; eta honek kasu egiten zion, batere arazorik gabe. Gainera, sistema honekin egunetik egunera igotzen doaz artzainak dituen ardurak, eta seigarren eguna da inportanteena; egun horretako lanak gazta egitea, txabola mantentzea eta jana prestatzea zen. Hau da, etxeko lanak egitea. Gero, oso-oso kuriosoa da lehen eta azken egunek duten izena. Lehen egunari neskatoa deitzen zaio (neskame lanak egiten zirelako), eta seigarrenari etxeko anderea (egunik garrantzitsuena zelako). Artzainak gizonezkoak izan arren, lan egunen izenetan emakumea azaltzen da. Hau ere kasualitatea?! Lan sistema hau ez da inon eman, eta, Xamarrek esan zigunez, antropologoak buru-belarri dabiltza hau aztertzen. Bada gazta egitea umeak egitearekin konparatzen duenik ere.
• Abenduaren 3an Xamarri elkarrizketa
Hasieran esan bezala, saio bakarra falta zaigu ikastaroa amaitzeko. Baina etzi (abenduak 3), Xamar ez da Elgoibarrera etorriko Nafarroako Eguna delako (akordatu Xamar nafarra dela). Hala ere, eutsi egingo diogu Izarren Hautsa blogean daukagun asteroko zitari, eta kronikarik idatziko ez badugu ere, Xamarri egindako elkarrizketa eskainiko dizuegu. Abenduaren 3an Nafarroako Eguna ez ezik Euskararen Nazioarteko Eguna ere bada, eta euskararen gainean jardun dugu Xamarrekin. Besteak beste, egun hori ospatzeko motiboen gainean egingo digu gogoeta Xamarrek.