Xamarrekin berbetan

Elgoibarko Izarra 2008ko abe. 2a, 14:00

Xamar: “Herri moduan iraun dugulako zabal dezakegu gaur ardo botila on bat”

Abenduak 3 egun ditu gaur. Asteazkena da eta Euskal Kultura Tradizioanala ezagutuz ikastaroaren azken saioa tokatzen da. Baina Xamar gaur ez da gurean izango; Nafarroako Eguna da eta jai hartu du. Baina Euskararen Nazioarteko Eguna ere badela aprobetxatuz, berarekin egon gara luze eta zabal jarduteko. Egun hau ospatzeko motiborik badagoen galdetuz hasi gara, eta, poliki-poliki, ur sakonagoetan sartu gara. Ez digu bustitzeko batere erreparorik ipini, eta zorrotz jardun digu, zintzo, gaixoa engainatu nahi ez duen sendagilearen antzera.


Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, Xamar; ospatuko al dugu? 
Nik ez ditut maite egun hauek. Egun berezi hauek justu kontrakoa egiten dugulako antolatzen dira. Urtean zehar autoa behar baino gehiago erabiltzen dugunez, Autoaren Kontrako Nazioarteko eguna antolatzen dute. Beldur naiz euskararekin ere ez ote den antzerako zerbait pasatzen. Euskararen kasuan egoeraren seinale beldurgarria iruditzen zait. Egun berezi hauek kontzientzia zuritzeko baino ez dira, nire ustez. Gauza bat da Baldorban edo Erronkarin euskararen eguna antolatzea; leku hauetan aspaldi galdu zuten hizkuntza, eta badu justifikaziorik bertako jendeari sustraiak non dauden gogorarazteak. Baina euskararen eguna, adibidez, Orion antolatzen bada, kezkatzeko modukoa da. Orion euskara ez al da eguneroko kontua? Horrek kezkatzen nau. Madrilen, nik dakidala, ez da espainolaren egunik antolatzen. Euskara sinbolo ia huts bat gehiago bezala ikusten badugu, egun batekin ospatzeko modukoa, gaizki gabiltza.

Hala ere, emango didazu arrazoi txiki bat gaur ardo botila bat zabaltzeko, ezta?

1706640667582 Xamarrekin berbetan

Bai, badaukagu motiborik ardo botila zabaldu eta husteko. Desagertzen ari diren herri guztiak daude edanari emanda, eta guk ere edan dezakegu gertatzen ari den guztia ahazteko (kar-kar). Serio erantzunez, bada motibo positiborik ere gaur ardo botila on bat zabaltzeko: kultura bezala iraun dugulako, gutxitua, makal eta eri, baina iritsi gara XXI. Mendera; beraz, zabal dezakegu ardo botila on bat. Gure herriko historia ezagututa, ikusirik zernolako indarrak metatu eta erabili diren mendez mende gure kontra, historiaurretik orain artean, zinez harrigarria da.

Eta zergatik iraun dugu, bada, Xamar? 

1706640667616 Xamarrekin berbetan

Orain arte herri honek oso argi izan du Euskararen Herria dela, eta euskaldunok Euskararen Jendea, halaxe definitzen da gure kulturan gure identitatea. Hau horrela izanda, hemendik edozein herri pasa arren (zeltak, erromatarrak, barbaroak, ...), edozein arotan, zernahi egoeretan historian barna, gehiengoak beti eutsi dio bere hizkuntzari, bere identitateari. 

Eta desagertu ziren herriek ez al zuten hizkuntza eta herri izaera elkarri lotuta ikusi?
  
Europa mendebaldean behintzat bistan da ezetz. Hori da, ba, harrigarria dena. Humboldt (1767-1835) politiko eta filologo alemaniarrak, adibidez, Euskal Herria ezagutu eta maitatu egin zuen, baina XIX. mendearen hasieran 100 urteko bizi iraupena eman zion gure herriari. Ikusten zuen diglosia egoeran bizi ginela: herri xehea euskaraz mintzatzen zen, baina ofiziala zen guztia erdaraz egiten zen. Egoera horretan Euskal Herriak gutxi iraungo zuela esaten zuen. Egia da azken bi mendeetan asko galdu dugula (Nafarroako eskualde handia galdu dugu eta Iparraldea dramatikoki hondoratu zaigu azken hogei urteotan), baina, hala ere, iraun dugu. Herri honetan beti egon da euskararen aldeko kontzientzia, baina, orain, kontzientziaren eta koherentziaren arteko zubia ondo eraikitzea falta zaigu, oztopoak oztopo.

Abenduarearen 3an Euskararen eguna ez ezik, Nafarroako Eguna ere bada. “Nafarroa Euskadi da”, Xamar? 
Hemen betiko topikoan erortzen gara. Zatiketaren munduan euskaldunak txapeldunak gara; ez gara gai futbol talde bat ere antolatzeko. Nik, dagoeneko, ez ditut nafarrak, gipuzkoarrak edo bizkaitarrak bereizten; nik euskaldunen eta erdaldunen arteko bereizketa egiten dut. Izan ere, nafar euskal kontzientziadunak Gipuzkoako edo Lapurdiko euskal kontzientziadunengandik hurbilago gaude, inguruko erdaldunengandik baino. Beraz, ez da probintzia arteko kontu bat, euskaldunen eta erdaldunen arteko kontu bat baizik.

Xamar, kontatuko al diguzu, mesedez, Nafarroako Itzoiz inguruan bertako edadetu erdaldun batzuekin gertatu zitzaizuna?

Bai, lehen euskaldun eta vasco sinonimoak ziren; vascoa euskalduna zena zen. Hau tradizioan oso argi izan da beti. Baina, noski, menperatuta eta zapalduta dagoen herri batean, identitatea hizkuntzak ez duela definitzen esaten hasten dira batzuk. Euskarak funtzio guztiak galtzen ditu, eta, azkenean, hizkuntzari gelditzen zaion lehen funtzioa ere (identitate funtzioa) kolokan jartzen da. Hori da guri gertatu zaiguna. Hau ez zaie herri espainiarrari edo frantsesari gertatzen; hauek oso argi dute identitatea hizkuntzak markatzen duela. Bada, Itoiz inguruko adinekoek ere oso argi dute hau dena. Horregatik beraiekin egon nintzenean, horrela esaten zidaten: “nuestros aitas sí eran vascos (euskaraz zekitelako), pero nosotros ya no somos vascos (ez dakitelakoz euskaraz)”. Politizatu gabeko adinekoek argi dute hizkuntza dela pertsona eta herri baten identitatea markatzen duena.

Lehen esan didazu Iparraldea dramatikoki galtzen ari garela.
Franco hil ondoren egin zen lehen ikerketetan, nire harridurarako, Baxe Nafarroa zen eskualderik euskaldunena; ez zen Gipuzkoa. Euskararen ezagutza maila % 90 ingurukoa zen. Orduan hasi nintzen Iparraldea ezagutzen, eta nornahiri nonahi egin zeniezaiokeen euskaraz. 30 urte pasa dira eta hondoratu egin da euskara Iparraldean. Frantsesei berrehun urte kosta zaie egoera honetara iristea; Frantses iraultzarekin batera hasitako galera prozesuaren azken fasean gaude. Izan ere, baldintzak emanez gero, belaunaldi batean gal daiteke euskara. Hori da, hain zuzen ere, Txepetxek gure egoerari buelta emateko erakutsi ziguna: baldintza egokietan belaunaldi batean euskara errekuperatu daitekeela. Eta hau Iparraldean ikusi dugu oso argi: belaunaldi batean frantses hizkuntzak berea ez duen lurraldea irabazi du; euskarak galdu duen bera, hain zuzen ere.  

Ba al daukagu galtzen ari garenaren kontzientziarik?
Ez, Hegoaldetik ez da Iparraldea ezagutzen, oso azaletik ez bada. Iparraldea kulturalki gure altxorra izan da eta dramatikoa da gertatzen ari dena. Izugarri galtzen ari gara. 80eko hamarkadara arte trinko mantendu den gizartea izan da, eta sinismenak, ohiturak eta kontu zaharrak bizi-bizirik zeuden. Gure kulturaren erreferentzia izan da, dudarik gabe, eta ez da kasualitatea gure klasikoak bertan sortu izana. Iparraldean oso baldintza soziologiko eta soziolinguistiko onak egon dira beti. Gaur, berriz, hondoa jota dago.

1706640667651 Xamarrekin berbetan

1706640667681 Xamarrekin berbetan

 
“Euskara salbatuta dago, arazoa gu gara” irakurri nizun behin; zer esan nahi zenuen horrekin, Xamar?
Bai, pixka bat aspertuta nago euskara sinbolo mailara eramateaz. Amazona, Palestina edo bale baten parean jartzen dugu euskara; “Salba ditzagun Amazona, Palestina eta euskara!” Badirudi gugandik aparte dagoen zerbait dela euskara, eta gauza exotiko bat salbatu behar dugula. Urtean behin manifa batera joaten gara, Euskararen Nazioarteko Eguna antolatzen dugu, eta programan harrijasotzaileak, dantzak eta poteo euskalduna antolatzen ditugu. Eta ez gara ohartzen euskara ez dela gugandik aparte dagoen zerbait. Euskara salbatuta dago; gramatika eta hizkuntzari lotutako bestelako sistemak liburuetan jasota daude. Hemendik 1.000 urtera inor bizi bada planeta honetan (duda handiak ditut), euskara aztertu ahalko du. Beraz, euskaldunok gara gure eskubideak galdu ditugunak; hizkuntzaren bizia hiztunak dira. Horretan bat nator Migel Sanzekin: euskarak ez du eskubiderik, ados, baina gaineratu behar dugu ozenki hiztunok garela eskubideak ditugunok.

Zein dira, orduan, euskaldunok gure biziraupena ziurtatzeko klabeak? 
Lehen baldintza kontzientzia eta koherentzia uztartzea da. Hemen huts egiten hasi garela uste dut. Kontzientzia badago, baina ez dakit zenbateraino dagoen hizkuntzarekin lotuta. Behar bada, badaukagu egoera larriei aurre egiteko kontzientzia, baina egunerokotasunean galdu egiten da. Adibidez, Egunkaria itxi zigutenean herria asaldatu egin zen, baina itxi aurretik 15.000 ale bakarrik saltzen ziren; oro har, erdal egunkariak erosten ditugu. Manifa batera joatea, manifestu bat sinatzea edo erretratu batean azaltzea ongi da, baina merkea eta erraza da.

Luzatu didazun hariari helduz, posible al da herri bat elebiduna izatea?
Ez da posible, eta zuen erkidea zen Gotzon Garatek hori garbi esaten zuen. Baina Gotzonen aurretik Unamunok ere gauza bera esan zuen Bilbon duela 100 urte. Hori bai, Gotzonek euskararen aldeko hautua egin zuen eta Unamunok espainolaren aldekoa. Pertsonak bai izan gaitezke elebidunak, baina herri elebidunik ez dago. Itxura hori izan dezake momentu batean, baina argi izan behar dugu bietako hizkuntza bat galtzen ari dela. Eta, kontuz, dagoeneko ingeles batzuk ere hasi dira kezkatzen ingelesaren etorkizunarekin. Horrela esanda arraroa dirudi, baina gehiegi zabaldu diren hizkuntzak desagertu egin dira historian zehar. Hor dauzkagu, adibidez, sanskritoa eta latina. Latina bere garaian gehiegi zabaldu zen eta bertako hizkuntzekin nahasterakoan, hirugarren barianteak sortu ziren: portugesa, katalana eta italiarra, adibidez. Hizkuntza hauek latinetik datoz, baina ezin dute elkar ulertu, eta latina desagertu egin zen. Hego Afrikan egiten den ingelesak, edo Txinoek egiten duten ingelesak ez dauka zer ikusirik, eta gerta daiteke elkar ez ulertzea denborarekin.  

Txepetxek esan zuen euskara berreskuratzeko lehen baldintza “euskaldun izateko borondatea dela”; euskaldunok ba al daukagu euskaldun izateko borondaterik?
Galdera honekin kontzientzia eta koherentziaren gaira bueltatzen gara, berriz ere. Txepetxek zioen moduan, zenbat gara izateko borondatea daukagunok herri honetan? Hau da, zenbat jendek uztartzen ditu euskararen aldeko kontzientzia eta koherentzia? Kopuru honen arabera dago gure etorkizuna. Gutxiengoa baldin bagara, gureak egin du.

1706640667714 Xamarrekin berbetan

1706640667753 Xamarrekin berbetan


Eta kantak dioen moduan, zenbat gara? Ba al gara gure etorkizuna ziurtatzeko beste?
Baneki! Ez dakit zenbat garen, baina oso sintoma kezkagarriak daude. Negatiboa naizela esaten dit jendeak, baina hitza errealista da. Uste dut mediko batek, gaixoa aurrean daukanean, diagnostiko egokia egitea dela duen lehen lana. Zer dauka, katarroa ala minbizia? Diagnosia ondo egin gabe ez dugu gaixoa sendatuko. Eta gurea, argi eta garbi, minbizia da. Honek ez du esan nahi hala delako etsi egin behar dugunik. Ez, segitu egin behar dugu eritasunari aurre egiten, sendagai egokien bila. Beste aukera gure burua engainatzea da, inozoki, baina hala ez dago aterabiderik.

Baina minbizia daukan gaixo batek iraun dezake hainbeste?
Bai, uneoro tratamenduan gaudelako eusten diogu. Baina konturatu zaitez gero eta ahulago gaudela. Iparraldean 30 urtean euskarak hondoa jo du; dramatikoa. Eta hemen, berriz, gero eta elebidunagoak gara. Ikusi baino ez dago ereduen eredua den D eredutik nola ateratzen diren ikasleak leku batzuetan. Herri honetan ez dago hizkuntza politikarik, eta hau oso larria da.  

Politikoak ez dituzu oso gustukoak, ezta?
Politikoen kasuan ere, berriz ere, koherentziaren kontuarekin topo egiten dugu: denak daude euskararen alde, baina euskara ez da lehentasuna. Bilboko udalean, adibidez, atezainak ez dakit zer hizkuntza perfil bete behar duen lanpostua lortzeko, baina ez da ezer ere pasatzen alkateak euskaraz ez dakielako. Eskizofrenia baizik ez da transmititzen gizartera.

Euskalgintzaren arduran geratzen da, orduan, gure etorkizuna?

Euskalgintzaren arduran?! Jose Manuel Odriozolak bere bi azken liburuetan ondo azaltzen duen moduan, euskalgintzaren barruan ere ez gatoz bat euskalduna zer den edo Euskal Herria zer den definitzerakoan. Beraz, panorama latza daukagu.

Ez dakit kirola gustatzen zaizun, baina Euskal Herria ala Euskadi da gure herriaren izena?

1706640667784 Xamarrekin berbetan

Behar ez den gisaz eztabaidatzea da gure kirol nagusia. Gurea gogorra da; edozein aitzaki nahikoa da daukagun apurra desegiteko. Izena dela eta ez dela, partida bera ere airean dago. Horrelakoak gara. Ni beti izan naiz tradizioaren aldekoa, baina Sabino Aranak asmatutako Euskadi hitzak, dagoeneko, badu bere tradizioa. Nire ustez iparra da galdu behar ez duguna, eta kasu honetan, helburua partida jokatzea dela uste dut. Kontu hauek denek erakusten dute zer-nolako frustrazioa dagoen herri honetan; edozer txikikeriaren aurrean galtzen dugu iparra. Izena dela eta, seguruenez, ez da partidarik izango, eta ulertuko duzun bezala, batzuk irriz lehertzen ari dira. Erromatarrek ongi egiten zuten galdera: Cui prodest? Alegia, honek guztiak nori on egiten dio?

Zaharra da gure herria, ezta? Noiztik gaude mundu honetan pelmada ematen?

Zaharra bezain modernoa da Euskal Herria. Zahar hitzak konnotazio negatiboak dauzka: ez-modernoa, gainditua, zaharkitua, modatik kanpo dagoena eta balio ez duena. Ez da gure kasua; gu zaharrak bezain modernoak gara. Edo modernoak bezain zaharrak, nahi duzun modura. Behar bada, zaharrak baino aspaldikoak garela esan beharko genuke. Indoeuroparren aurretik zegoen Europaren lekuko bakarrak gara; eta egunen batean Euskal Herriko historiaurrea argituko balitz, Europaren historia ezagutzeko pauso handia emango da. Horretan dihardute amerikarrek.

“Euskara ala ezkara
” esaten zuen Gotzon Garate hilberriak.

Bat nator Gotzonekin; euskararik gabe ez gara izanen gaur egun garena. Beste zerbait izango gara, baina ez euskaldunak. Entziklopedietan hizkuntzak komunikatzeko tresnak direla jartzen du, baina hori baino lehen bada beste zerbait. Izan ere, isilik gaudenean ere hizkuntza erabiltzen dugu; entziklopedietako definizioak ez du balio uharte batean bakarrik zaudenerako. Uharte horretan ez daukazu norekin komunikaturik, baina bakarrik zaudenean ere hizkuntza erabiltzen duzu, pentsamenduaren euskarria delako. Beraz,  hizkuntza bada komunikatzeko tresna bat, baina, horren aurretik, hizkuntza zure identitatea da.

Amaitzeko, gure herria hitz bakarrarekin definitzeko eskatuko dizut, Xamar.
Bi hitz behar ditut eskatu didazuna egiteko: iraupen harrigarria.

Testua: Imanol Larrañaga
Erretratuak: Oier Narbaiza