Gotzon Garateri omenaldiak han eta hemen

elgoibarren.net 2008ko abe. 3a, 14:31

Gotzon Garate zenari omenaldi xume bat egin nahirik, Udalak, Hasier Etxeberria idazle eta kazetari elgoibartarrak Garateri berari egin zion elkarrizketa bat berreskuratu du. Elkarrizketa Jakin aldizkariaren 149. zenbakian argitaratu zen, 2005 urtean. Hainbat ale banatu ditu Udalak herriko ikastetxeetan, euskaltegietan, eta euskalgintzan dihardutenen artean. (pdf formatoan jaisteko moduan jarri dugu hemen)
Bestalde, Deustuko unibertsitateak omenaldi bikoitza egingo dio Gotzon Garateri, gaur, Euskararen nazioarteko Egunean, estreinakoa eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan bestea, abenduaren 7an.

 

Udalaren omenaldia

Denbora asko pasa zuen liburu artean Gotzon Garatek.

 Gotzon Garate idazle eta euskaltzale elgoibartarraren heriotzatik zenbait hilabete igaro badira ere, berak utzitako ondare izugarriak indartsu dirau guztion artean. Garatek idatzi eta betiko jasota utzi digunaz gain, ugari dira idazle elgoibartarrari buruz plazaratu diren artikuluak, iritziak eta gainerakoak.

 Horiek horrela, Gotzon Garate zenari omenaldi xume bat egin nahirik, Udalak, Hasier Etxeberria idazle eta kazetari elgoibartarrak Garateri berari egin zion elkarrizketa bat berreskuratu du. Elkarrizketa Jakin aldizkariaren 149. zenbakian argitaratu zen, 2005 urtean.

 Elkarrizketa honek Garateren bizitzan eta jardueran sakontzeko aukera paregabea ematen digu: haurtzaroa Elgoibarren; jesuiten ordenean sarrera; Loiolan, Zaragozan, Innsbrucken eta Friburgon ikasle egon zeneko garaia; bere iritziak (marxismoa, erlijioa, euskara eta euskal kultura, literatura, politika) ... Azken finean, Gotzon Garateren bizitzari eta lanari buruzko lekukotasuna ematen digu Etxeberriak elkarrizketa honen bidez.

 Lan honen zabalkundea egiteko asmotan, Udalak, Jakin aldizkariaren 149 zenbakiaren hainbat ale banatu ditu herriko ikastetxeetan, euskaltegietan, eta euskalgintzan dihardutenen artean.

 Hala ere, Udalak, herritarrei aditzera eman nahi die Udaleko Euskara Sailean oraindik ere aldizkari horren zenbait ale geratzen direla. Horregatik, aldizkari hori eskuratu nahi duten herritarrei ale bat lortzeko eskaintza egin nahi die. Aldizkariok Kultur Etxean dagoen Euskara Sailean (Nafarroa plaza 3, 1. ezk) eskura daitezke.
  • Elkarrizketa osorik ikus dezakezue hemen pdf formatoan

Deustuko unibertsitatearen omenaldia
 Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Gotzon Garateri omenaldia egin diote gaur (abenduak 3) Deustuko Unibertsitatean. Mahai-inguru bat egin dute euskarak unibertsitate eleaniztunean duen tokiaz, eta Gotzon Garateri omenaldi bat eskaini zaio. Honako hauek parte hartu dute mahai inguruan: Roberto San Salvador, Komunikazio, Hizkuntza Politika eta Ikasleen errektoreordea; Estibaliz Amorrortu, Euskal Filologiakoa; Itziar Navarro, ESTEkoa; eta Esther Zulaika, Giza Zientzietakoa. Omenaldiari dagokionez, Juan Manuel Etxebarria eta Xabier Kaltzakorta, Euskal Filologiakoak, eta Fabián Laespada, Euskal Irakaslegokoa, izan dira protagonistak.
Omenaldia Durangoko azokan
 Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan ere jasoko du merezitako omenaldia Gotzon Garatek. Abenduaren 7an izango da, goizeko 11:00etan. Orain hiru urte, 2005ean Durangoko Argizaiola 2005 omen-saria jaso zuen, gainera, Gotzon Garatek Gerediaga Elkartearen eskutik.