Horregatik harrapatu ninduen hain epel herenegun, bere heriotzaren berriak. Aurrez ametsetan bizitakoa errepikatzean nola, halaxe geratu nintzen, benetan gertatzen ari zenaz jabetu ezinik.
Lehen ere aitortu nizuen, abeslarien artean bi nituela nik apartatzen oroz gain, eta gauzak zer diren, biak ala biak joan zaizkigu oso denbora tarte txikian.
Ume umetatik sorgindu izan naute Laboaren kantuek, zenbat buelta ez ote nizkion emango zenbaiti, eta halere, oraindik askatzeke darraite orduan sortu korapiloek. Gerora, sarri ikusteko aukera izan genuen. Eibar, Lekeitio, Donostia, Zumaia, Hernani, Ermua... joan ezin izan nintzenekin ere akordatzen naiz, Beasain, Usurbil... Beti lilura, arriskua, bertigoa. Geroni ibili ginenean ere, bazuen tartea errepertorioan, bai eta zenbait kanturen zirrikituetan ere. Ez ginen bakarrak, ez da alferrik geratu belaunaldi batek eskeini tributoa, Txeroki diskoan.
Horixe zuen bereizgarrietarik bat, belaunaldi guztien erreferentzia izatea, baina, asmatuko al dugu bizirik ezagutu ez duten belaunaldiei helarazten? Nahi nuke!
...iluntasuna abailtzen da luma galdu bat bezala...