Bederatzi mendi irteera egingo ditu Morkaikok 2009an

elgoibarren.net 2008ko abe. 9a, 12:43

Morkaiko Mendizale Elkarteko bazkideek urteko ohiko batzarrean parte hartzera deituta daude gaur (abenduak 9), martitzena. Mendi taldeak Errosario kalean duen egoitzan izango da, 20:00etatik aurrera. Bestalde, azken txanpan sartu den urtearen balantzea egin dute mendi taldekoek eta 2009ko ekintzen egutegia ere aurreratu dute, alegia, mendi irteerak nora eta noiz izango diren.


2009rako helburuak
  2009an 9 mendi irteera izango dira, horietatik bi aste-bukaera osoa hartuko dutenak. Urtero antolatzen diren ekintzek ere bere horretan jarraituko dute: Finalista Eguna, Elgoibarko Mendi Itzulia, Argazki Lehiaketa, Sargoateko erromeria eta Karakaterako Igoera. Zapatuetako irteerek harrera ona izan dutela ikusita 2009an ere zapatu zein domeketan tartekatuko dituztela irteeren egunak aurreratu dute. Urtero arrakastatsua suertatzen ari den emanaldi zikloaren edizio berri bat ere izango da apirilean eta maiatzean.
  Zuzendaritzan bederatzi lagunek jardun dute lanean aurten eta 2009 urtea 8 lagunekin hasiko dute. “Nahikoak gara, baina hala ere inor zuzendaritzan sartu eta bere laguntza eskaintzeko prest balego urteko ohiko batzarrera agertzea eskertuko genioke”.

1706640656375 Bederatzi mendi irteera egingo ditu Morkaikok 2009an

 
Ikus hemen: 2009ko mendi irteeren egutegia (pdf)


2008ko balantzea
  Urtean zehar egin dituzten hamar irteeretan 470 lagun joan dira Morkaikorekin. Azpimarratzekoa da, baita ere, Elgoibarko Mendi Itzuliak izan duen partaide kopurua: 255 lagun, hain zuzen ere. Mendiko ikus-entzunezkoen emanaldi zikloak izan duen harrerarekin ere gustura daude mendi taldeko kideak, “Musika Eskolako auditorioa behin baino gehiagotan bete dugu. Bost emanalditan 350 ikusle izan ditugu orotara”.
  Ohiturari jarraituz, Mendiko Argazki Lehiaketa eta ondoren egiten den erakusketa ere antolatu dituzte. Abenduaren 15etik 24ra egongo dira argazkiak ikusgai Kultur Etxeko sotoan. Iaz hogei argazkilarik parte hartu zuten eta 350 lagun pasa ziren erakusketatik haien lanak ikusteko. Finalista Eguna ere jendetsua izan zen eta 60 haurrek jaso zuten domina bana. “Karakateko Igoerak erabateko arrakasta izan du aurten ere. Inoiz baino partaidetza handiagoa izan dugu: 52 lagun izan dira Karakateko aldapetan gora eta jende asko ikusten eta animatzen”. Aurten berrikuntza gisa antxintxikari guztiei asegurua egin diete eta datozen urteetan ere hala egingo dute.
   Aurrekoez gain, apirilean elgoiBARREN.net webgunean Morkakoren blogean albisteak argitaratzen hasi izana nabarmendu dute zuzendaritza taldeko kideek. “Ordutik hona 7.536 bisita izan dituzte gure albisteek, hortaz, gustura gaude emaitzarekin”. Azkenik, aipatu momentu honetan Morkaikon 1.473 bazkide daudela eta 2008an 310 mendi federatu-txartel egin dira.