“Gizonezkook berdintasunerako erronkan” mahaingurua abenduaren 15ean

elgoibarren.net 2008ko abe. 11a, 14:30

 
Udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatu duen mahainguruan, hizlariak, Luis Cerron irakasle eta psikopedagogo elgoibartarra eta Xabier Odriozola antropologoa eta gizon taldeen koordinatzailea izango dira. Uxue Alberdi bertsolari eta kazetari elgoibartarrak moderatzaile lanak egingo ditu. Solasaldia elebiduna izango da.


  • Eguna: abenduak 15, astelehena
  • Ordua: 19:30etan
  • Lekua: Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi aretoan.

Nerea Altxu, berdintasun teknikaria (eskuinean) alkatea eta Bittori Zabalarekin.

Berbaldian zehar, emakumeen eta gizonezkoen berdintasunerako bidean, gizonezkoen paperaren hausnarketa egingo da. Nerea Altxu Berdintasun Teknikariaren berbetan, “Gizarte patriarkal batean bizi garenez, emakume zein gizon, umetatik, jokaera balio eta rol desberdinen eraginpean hezten gaituzte, betiere gizarte-egitura horretara ondo egokitu gaitezen. Guzti honen ondorioz, emakume eta gizonezkoa izatearen ereduak definituta geratzen dira”. Hizlariek, gizontasun eredu horren aferaren inguruko gogoeta egiteaz gain, gizon irudia eman beharrak dituen ondoriez berba egingo dute: sentimentuei uko egin beharra, lehiakortasunaren zama, babesle papera... etab.

   Gaian sakontzeko

1706640654044 “Gizonezkook berdintasunerako erronkan” mahaingurua abenduaren 15ean

  Funtzezko gai honen inguruan ur sakonagoetan sartu nahi dutenek, ondorengo elkarrizketak irakurriz aurkituko dute informazio osoagoa. Mahainguruan parte hartuko duten Luis Cerron eta Xabier Odriozolari, eta, gai hauetan aritua eta ditua den Ibon Arrizabalagari eginiko elkarrizketak dira. Azken honi, Uxue Alberdi kazetari elgoibartarrak Argia aldizkarirako eginikoa.
Ikus hemen:
  • Luis Cerron: “Berdintasunik ez dagoenean indarkeria sortzen da”

Luis Cerron.

- Zein izango da Xabier Odriozolak eta zuk emango duzuen hitzaldiaren  ardatza? Zeri buruz berba egingo duzue?

    Xabierren berbak erabiliz, gizonen sexismoa deseraiki nahi da. Duela 30 urte, berdintasunaren gaineko diskurtsoa: "Gizonezkoek berdintasunarekin dena galtzeko dutela" bazen, hiru hamarkada beranduago, alderantzizkoa da, hots, "berdintasunarekin denok dugula zerbait  irabazteko".
    Xabierrek berak gizontasun edo maskulinitate berriei buruz jardungo du. Nola historian zehar  jaso ditugun baldintzapenek gizonezkook rol zehatz batzuen jabe egin gaituzten eta ondorioz, zer motako rolak jartzen ditugun abian gizartean; bai emakumeekin, bai gizonezkoekin nahiz haurrekin. Rol horien eragina ikusi eta gero, informazioaz jabetu eta kontzientzia hartuaz, denborarekin, aurreiritzi eta jokabide zaharrak alde batera utziz, beste jokabide batzuk hartzea proposatzen da: berdintasun zaleak, demokratikoak...
    Neu, berriz,  hezkuntza munduaren esperientziatik abiatzen naiz. Berdintasunari buruz berba egiterakoan heziketaren garrantziaz ohartzen gara. Denok ados gaude: eskola eta etxeetan hasi behar da. Baina hor arazo batekin topo egiten dugu: eskola eta etxeetan baloreak transmititzen dituztenak... pertsonak dira. Eta pertsona horiek, aurreiritzi, jokabide eta rol sexisten artean haziak izan dira. Hortaz, eskolan eta etxeetan ondorengoei zerbait berririk pasa nahi badiegu, aldaketak, ezer baino lehen, guk geuk geureganatu eta barneratu beharko ditugu.
 
- Matxismoa eta emakumeen aurkako indarkeria arazo larria dira, baina  noren arazoa? Gizonona? Gizonok dugu arazoren bat? Ala gizartearena da  arazoa?
Arazoak aurpegi ezberdinak ditu.Alde batetik, emakumearen aurkako indarkeriak ondorio eta arazo latzak dakarzkie jokabide hori jasaten duten emakumeei. Hori da alderdirik garrantzitsuena eta ezabatu behar den lehena.
    Bestetik, matxismoa,  jarrera bezala, besteen gainetik batzuen boterea mantentzeko saiakera  bat besterik ez da: arrazakeria, homofobia, fanatismo erlijioso, ideologikoa, neoliberalismoa e.a. diren antzera. Arazoa denona da, gizartearena.
Jarrera guzti hauek desoreka sortzen dute gizartean. Eta berdintasunik ez dagoenean indarkeria sortzen da: alde batetik zapaltzaileak zapaltzen jarraitzea nahi duelako eta zapaldua sentitzen denak defendatzea nahi duelako. Arazoa gizartearena baldin bada, ondorioz, gizartea osatzen dugun norbanako bakoitza ere arazoaren zati eta parte dela esan daiteke. Eta berdin erantzukizunetaz ari garela ere.
 
- Berdintasunerako jarrera azaldu izan duzu behin baino gehiagotan  ("Friego luego existo", "Gizonduz"en aldeko jarrera zure blogean…).  Gizonok zerbait egin dezakegu? Zer?
Hasteko, bakoitza, bizitzea tokatu zaigun denbora eta kulturaren ondorio bat garela onartu. Norberak bere balore, aurreiritzi, eskema, jarrera eta pentsamenduen birplanteamendu sakon bat  egin. Emakumeekiko harremanetan, berdintasun jarrerak izateko behar diren pausoak gauzatu. Emakumeek sexismoaren aurka aldarrikatzen dituzten planteamenduak babestu, berbaz bakarrik ez, aktiboki eta publikoki ere elkarlana adieraziz. Genero-indarkeriaren aurka tolerantziarik ez adierazi. Heziketa funtsezkoa izanik, gure haurrak txikitatik hezi beharko genituzke berdintasunean. Honek haurrekin harremanetan dauden pertsonek aldaketarako kontzientzia tinko eta erabakigarria izatea eskatuko luke.

-Zer iruditzen zaizu Gizonduz ekimena?
    Prozesu honen barruan  beste instrumentu bat da.  Instituzio ofizialek onartua eta babestua izanik agian bere oihartzun eta eragina urrutixeago iritsi daiteke. Emakundek bultzatutako iniziatiba honek berdintasunaren esparruan oraindik egiteko asko dagoela garbi utzi nahi du. Eta prozesu honi bultzada bat emateko gizonen inplikazio zuzena ezinbestekoa da. Horregatik, formazio eta sentsibilizazioa lortzeko lan gogor honetan, ekimen honen bitartez, neurriak eta tresnak eskaini nahi  dira, gizonezkoen artean masa kritiko ahalik eta sendoena lortuz  benetako berdintasunaren bidean mugitzen has gaitezen.